Iñigo Aranbarri: "Esan dezaket 'Irati' oso gustura ikusi nuen filma izan zela"

Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 10a, 10:00

Iñigo Aranbarri Eneko Ximenoren rolean, 'Irati' filmean. (David Herranz)

Gustura dago Aranbarri (Azkoitia, 1983) ikusleek Paul Urkijoren film berriari egin dioten harrerarekin. Eneko Ximenoren rola ondu du berak lan horretan, "indar handiko pertsonaia".

Irati estreinatu bezperan, jendearen harrera ikusteko "gogoz" zeundela zenioen. Bi aste badira filma zinemetara iritsi zela. Harrerarekin gustura?

Oso. Bi astetan 80.000 ikusletik gora izan omen ditu. Eskertzekoa da, hainbesteko itxaronaldiaren ondoren, ikusleek aretoak gogo biziz bete izana. Filmak adar asko ditu: mitologia, historia, sinesmenak, natura, genero fantastikoaren osagaiak, euskara zaharra... Hemengoentzat behinik behin, euskaldunentzat, zinemara joateko eragingarri asko. Bategatik ez bada besteagatik, ikuslea harrapa dezake filmak.

Sitgesen zein Donostian, beldur eta fantasiazko jaialdietako ikusleen gogokoa izan zela, behintzat, bazenekiten.

Hori bai. Sitgesen ikusi genuen geuk filma lehen aldiz. Areto erraldoia goraino beteta zegoen, eta, nahi ala ez, espektatibak goian kokatu ziren. Filma bukatu ondorengo bizpahiru minutuko txalo zaparrada hunkigarria izan zen. Publikoaren sariak beti du esanahi berezia; ikuslearengana iristeko egiten baitira filmak, eta haien aitortza da egin izanari zentzu gehien ematen diona. Duela astebete, Gasteizko Euskal Zinemaren Astean ere, beste hainbat film entzutetsu tartean zirela, ikuslearen saria Iratiri eman zioten.

Zer kontatzen du Iratik?

Orreagako bataila birsortzeaz gain, Eneko Aritzaren eta Irati pertsonaiaren arteko topaketa korapilatsua kontatzen du. Sinesmen pagano eta kristauen arteko talka ageri da, eta zeri heldu zalantzan diren pertsonaiak: basoaren defentsan dabiltzan izaki mitologikoak eta eskrupulurik gabe diruaren truke basoa zuritzen duten gizakiak, Banu Qasitarrekiko xenofobia... eta beste hainbat kontu.

Fantasia, euskal mitologia eta historia uztartu eta moldatu ditu, nolabait, Paul Urkijok Iratin, eta euskaraz. Emaitzarekin gustura al zaude?

Ni bai. Parte hartzen duzun proiektu bakoitza desberdin bizi duzu. Batzuen emaitzak gehiago konbentzitzen zaitu ikusle moduan. Iratirekin, lehen ikustaldietako emozioen ondoriozko distantzia faltaren ostean, ikusten jarri eta gozatu nuela esan dezaket. Erdipurdiko emaitza duten filmak egitea ere tokatuko zaigu, eta hala bedi, baina esan dezaket Irati oso gustura ikusi nuen filma izan zela.

Eneko Ximenoren rola ondu duzu filmean, istorioaren protagonista nagusietakoa den Eneko Aritzaren aitarena. Zer moduzko pertsonaia da?

Ikaragarri gustatu zitzaidan, bereziki, gidoian bere zatia kontatuta dagoen moduagatik. Marirekin paktua, semeari mandatua, baskoiak bildu eta borro-
kara... Oso epikoa du bukaera ere; espero gabea, hein batean. Indar handiko pertsonaia da. Oneka bikotekidearekin duen harremana trazu batez bada ere kontatzea; horixe, akaso, falta izan zaidana. Bestelakoan, Nagore Aranburu eta ni bikotearena egiten, erraz imajina dezaket. Azkoitiarra eta azpeitiarra izanda, inguruotako logika errespetatzen da, kar, kar, kar.

Zer oroitzapen gordetzen dituzu grabaketatik?

Oso onak. Momentu gogorrak ere izan ziren. Bataila filmatzen ari ginela, azaro betean, hotza izan genuen lagun. Baina lankide bat baino gehiago errekan sartzen ikusita, nire rola aukeratuko nuke. Bestelakoan, batailaren filmaziori dagokionez, Nafarroa aldetik etorritako estra oldea azpimarratuko nuke, haiek gabe batailak ez zukeen-eta izan zuen indarrik izango. Haiekin batera, jantzitegi, makillaje, argiztapen, efektu bereziak... gremio guztiak izan ziren batailan erabat inplikatuta, eta emaitzaren erantzule.

Datozen belaunaldiekin lan egitearen kontua ere aipagarria izan zen niretzat. Unax Hayden izan nuen semearena egiten, eta duen adinerako ikaragarrizko aktorea dela iruditu zitzaidan. Asko gozatu nuen berarekin. Eta aipatzekoa da, era berean, fisikoki hain egoera exijenteetan, Paulek zuzendari-aktore harremana zer modu goxoan zaindu duen. Oso presente egon zen, bai gure beharrak zaintzeko, bai proposamenak entzuteko.

VIII. mendeko euskara izan zitekeenaren moldaketa erabili duzue Iratin. Ondo moldatu al zinen? Gaur egungo euskara estandarrarekiko oso desberdina al da erabili duzuen euskara?

Baditu desbedintasun hainbat, baina gustura aritu nintzen. Hizkuntzak eta beren zirrikituak asko gustatzen zaizkit; h asperenduna, esaterako, edo j guztiak nola esan edota hitza non azentuatu. Pertsonaia janzteko beste kapa bat da hizkuntza, eta horrek ere asko laguntzen du.

Filmean erabili dugun euskara eta haren aberastasuna Gorka Lazkanori zor dizkiogu. Hark landu zuen, dokumentatuta ez dagoenez, garai hartan izan zitekeen euskara. Oso aberatsa iruditzen zait emaitza. Ezkutatu esateko kukutu bezalakoez gain, biraoak dira bereziki gustatu zaizkidanak. Luxaren pertsonaiak jaurtitzen ditu dezente. Euskaraz ganorazko biraorik ez dagoela dioenari, zorne-kume bezalako bat gainditzeko eskatuko nioke. Lazkanok zioen bezala, zuberera eta erronkariera euskara zaharraren erakusle fidelenak izan daitezkeenez, haitetatik tiraka ibili da, Baztan aldeko azentuazioa gehituta, baina betiere ahaztu gabe euskara zaharraren tesi bat egitea ez zela helburua; ulergarriagoa izateko hain zaharrak ez diren hitzak sartzeko konplexurik izan gabe, eta gure ulermen logikarekin pentsatuz. Finean, ikaragarrizko jostun lana egin du Gorkak, handik eta hemendik bilduz, betiere argi izanda garai hartan izan zitekeenaren interpretazio bat dela sortu duena, filmaren zerbitzura jarria. Emaitza oso ederra da, nire usterako.

Filmaren jatorrizko bertsioa gaztelaniazko azpidatziekin ematen ari direla-eta kexak entzun dira.

Nik eztabaida beste nonbaiten kokatuko nuke; Euskal Herrian bikoiztutako bertsioa jarri duten aretoetan, hain zuzen. Horretara bai animatuko nukeela jendea: aktore lana estimatzen badute, filmak eta telesailak beti jatorrizko bertsioan ikustera. Lanaren parte garrantzitsua dira ahotsa eta entonazioa, eta Francoren herentzia omen den bikoizketak hori kentzen digu. Gainontzean, azpidatziak, kasu zehatz honetan, hain berezia den euskara ulertzen ere lagundu dezake batzuetan.

Iratin parte hartu ondoren, zer beste proiektutan ibili zara edo zabiltz?

Behi jasa izeneko antzezlana dugu esku artean, Boga Boga konpainia nafarrak ekoitzia. Joan den udazkenean egin genuen estreinaldia, eta datorren udazkenean iritsi nahiko genuke areto dezentetara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide