Natalia Guerra (automozioko langilea): "Kolpe gogorra izan zen hainbeste muga jartzen zizkidatela ikustea"
"Haurra nintzenetik argi nuen mekanikaria izan nahi nuela. Umetan, behinola, Dakar rallyaren irudi batzuk ikusi nituen, eta hara joateko harra sartu zitzaidan. Horretarako mekanika ikasi behar nuela eta, horixe egitea erabaki nuen. Duela 33 urte egin nituen Lanbide Heziketan mekanika ikasketak.
Eskolako kideekin oso gustura sentitu nintzen, baina maisuen konfiantza eza sumatzen nuen. Gerora, orduko irakasle batzuekin hitz egiteko aukera izan dut, eta esan didate mutilak adina gai nintzela ikasketetan; niri proba bereziak jartzen zizkidatela, eta gainditzen nituela. Bestalde, aldagela berean aldatzen ginen neska-mutilok, eta ez dut uste gaur egun halakorik onartuko genukeenik.
Ikasketak amaitzean, gelakide guztiei eskaini zizkieten praktikaldiak, niri izan ezik. Enpresariek ez zuten emakumerik nahi; argi esan zidaten. Frustrazio handia izan zen hori niretzat, aukerarik ez baitzidaten eman.
Langabezian nengoela, pare bat aldiz deitu zidaten lanerako. Elkarrizketetara joaten nintzenean, ordea, harrituta geratzen ziren emakume bat ikustean. Izan ere, zerrendan zenbaki bat agertzen zitzaien, nire curriculumarekin batera. Titulua izanagatik, ez ninduten nahi, neska nintzelako.
Behin, autobidean mantenu lanak egiteko ere deitu zidaten. Elkarrizketak eginda, hots egin zidaten onartu nindutela esateko, baina bulegoetan lan egiteko, ez errepidean. Oso kolpe gogorra izan zen hainbeste muga jartzen zizkidatela ikustea.
Automozio tailer batean hasi nintzen lanean gero, piezak-eta egiten, eta horretan jarraitzen dut. Ez du aukerarik izan mekanikari moduan lan egiteko, lagunen autoekin-eta soilik praktikatu ahal izan dut ofizio hori. Datorren urtean, berriz, elkartasun rally batean parte hartzeko asmoa dut, eta saltsa horretan sartuko naizela pentsatzeak ilusio handia eragiten dit; arantza kentzea eta ametsa betetzea espero dut.
Duela hamarkada batzuk, patronalarentzat shocka zen mekanikari emakumezkoak ikustea. Egun, sarean oso ezaguna egin da Irati Etxandi mekanikaria. Milaka jarraitzaile ditu hark, eta garrantzitsua da jendeak ikustea badaudela adibideak".
Eneritz Elorza (Izarraitz Lanbide Heziketako irakaslea): "Aldaketa txiki bat nabari den arren, oraindik asko dago egiteko"
"Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketan sei arlotan banatutako hamar ziklo eskaintzen dituzte. Horietako batzuk zerbitzuen sektorera bideratuta daude, eta beste batzuk, industriara. Arotzeria eta altzarigintza, mekanizazioa edota industria mekatronika lanbideak, historikoki, gizonezkoei lotuta egon dira, eta Izarraitz Lanbide Heziketan ere gizonezkoak dira nagusi oraindik ziklo horietan; gizartearen isla da ikastetxearen errealitatea. Dena den, hainbat ziklotan ari gara aldaketa txiki bat sumatzen: esaterako, mekanikan eta arotzerian. Mekatronika berria da gurean, eta oraindik ez dugu aldaketarik nabaritu han.
Txanponaren bestaldean daude zerbitzuetara bideratzen diren zikloak; mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta zikloetan, esaterako, emakumeak dira nagusi. Esan genezake mutur batean dagoela mekatronika, eta beste muturrean zaintzari lotutako zikloa.
Zikloetan aldaketa txikiak nabari badira ere, asko dago egiteko berdintasunaren arloan, eta Izarraitzen saiakera berezia egiten ari gara, batez ere, emakumeek industria ziklora jauzi egin dezaten. Besteak beste, emakumeak zientziei, teknologiari, ingeniaritzari, arteari eta matematikari lotutako ikasketetara anima daitezen helburu duen programa batean parte hartu dugu, eta mekanikako ikasle eta tailerreko irakasle emakume erreferenteei elkarrizketak egin dizkiegu. Dena den, LHn eta DBHn lanketa egitea ezinbestekoa ikusten dugu, neskak, txikitatik, arlo horiei lotutako ikasketetara animatzeko.
Esandako guztia argiago ikusten da datuetan: administraritza eta finantza zikloan %75 dira emakumeak; mendekotasun egoeran dauden pertsonen arretarako zikloan, berriz, %67; gizarteratzean, %72; plataforma anitzeko aplikazioen garapena zikloan –informatika–, bestalde, egun ez dago emakumerik, ezta mekatronikan ere; mekanika zikloetan, berriz, %15 dira emakumeak; eta egurrari lotutako zikloetan, %5. Dena den, aipatzekoa da Izarraitz Lanbide Heziketako datu horiek bailarako errealitatea islatzen dutela. Izan ere, kooperatibismoak indar handiagoa izan duen eskualdeetan, emakume gehiago ari dira industrian lanean eta mekatronika ikasten".
Ione de la Cruz (Azpeitiko Emakumeen Txokoko teknikaria): "Jendarte orotan behar-beharrezkoa izan da emakumeen lana"
"Mundua generoaren arabera banatzen dugu. Jendarte patriarkalak genero bitarraren arabera banatzen gaitu –bi genero zurrunetan–, emakume denak eredu femeninoan eta gizon denak maskulinoan kokatuz. Horrek gure bizitzako alderdi denetan eragiten du, baita lan esparruan ere.
Ezaugarri desberdinak ezartzen dizkigute emakumeei eta gizonei, eta txikitatik, desiragarriak diren lanbideak desberdinak izan ohi dira neskentzat eta mutilentzat. Gainera, banaketa horretatik aldentzen direnek zigor soziala jasotzen dute, 'dagokien' arloa ez den beste arlo batean kokatzen direlako. Eta, noski, inork ez du zigortua izan nahi, denok nahi dugu besteen begietara onartuak izatea, eta horretarako, araua jarraitzea da biderik 'errazena eta erosoena'. Noski, hori kakotx artean, izan ere, ea norentzat den erraza edo erosoa nahi ez duen bide hori jarraitzea…
Horrez gain, emakumeak historikoki lan erreproduktiboetara mugatuak izan gara, eta horrek zaintzarekin, laguntzarekin, garbitzearekin, heziketarekin... lotura duten esparruetara lotu gaitu. Nahi ala ez, heziketak horretara bultzatzen gaitu, eta askotan beste aukerak ikusi ere ez ditugu egiten.
Erreferente faltagatik ere gertatzen da hori. Lehen aipatutako arau hori zenbat eta emakume gehiagok hautsi, orduan eta aukera gehiago zabalduko dira atzetik datozen neskentzat.
Gainera, emakumeoi ez digute irakatsi gure desirei eta nahiei begiratzen, eta horrek asko zailtzen du benetan gure nahiak zeintzuk diren identifikatzea. Orokorrean, besteen desirei erantzuteko heziak izan gara, eta horrek konfiguratzen ditu gure joerak.
Egun lana ulertzeko dugun moduak oso ibilbide laburra du historian. Izan ere, lanaz eta generoaz hitz egiten dugunean, beti soldatapeko lanez hitz egiten dugu. Badirudi, soldatapeko lanaz gain, ez dutela lanik egin emakumeek. Emakumeek, ordea, beti egin dute lana. Hori adieraztea garrantzitsua da, bestela, historikoki emakumeek egin dutenak balioa galtzen duelako eta horrek agentzia kentzen dielako. Jendarte orotan, aurrera egiteko, emakumeen lana, izan dena izan dela, behar-beharrezkoa izan da. Kontua da lan hori etxe barrukoa, isilpekoa, zaintzakoa, aitortu gabea, ezkutukoa… izan dela, historiako liburu epikoetan lekurik izan ez duena.
Soldatapeko lanaz ari garela ulertuta, emakumeek etxetik kanpo eta soldataren truk lan egitea garaipen bat izan da, eta beren bizitzetan eragin positiboa izan du. Emakumeek historikoki gauzatutako borroka feministari esker, ezinbestekoa den independentzia ekonomikoa lortu dute, esparru askotan askeagoak izatea bermatuz; nabarmenena genero indarkeria jasaten duten emakumeen kasuena izan da. Izan ere, indarkeria zikloarekin amaitzeko, erasotzailearekiko duten dependentzia ekonomikoa izaten da faktore garrantzitsuenetako bat. Baina hori icebergaren punta besterik ez da, independentzia ekonomikoak gure eguneroko erabakietan askoz maila sotilagoan egiten gaituelako libre.
Hala ere, kontuz ibili behar da diskurtso horrekin. Izan ere, soldatapeko lanak ez gaitu inor libre egiten. Kapitalismoaren gurpilak biraka jarrai dezan ezinbestekoa da emakumeok ere lan baldintza kaskarretan lanean aritzea, eta hori ari da gertatzen. Beraz, ezin dugu ahaztu borroka feministak ere antikapitalista izan behar duela. Azkenaldian ikusten ari gara nola hasi diren zaintza lanak ere kapitalizatzen, emakumeak, eta bereziki, emakume migranteak, lan baldintza prekarioak onartzera bultzatuz.
Gure bizitzak ulertzeko moduan eragiten digu jendarte patriarkalak. Beraz, eragite horrek deserosoa izan behar du, eta susmoa dut ez gaudela horretarako prest. Mundua ulertzeko modua da aldatu behar duguna, jendarte bezala, baita norbanako gisa ere. Gure etxeetan, lagunartean, auzoetan, herrietan… eragin behar dugu, eta hori kostatu egiten zaigu. Geure izatearen barren-barrenean eragiten du horrek, sinesmenetan, ideietan, harremanetan, eta gizonen kasuan, beren pribilegioetan. Eta hori dena mugitzea ez da edonolako kontua. Euskal Herriko Mugimendu Feministak behin atera zuen lelo batek zera zioen: Dena aldatu, sistema arrakalatu. Ez da lan erraza.
Herri Hezitzaileak ekimen askotan erakutsi digun bezala, heziketa une oro dago gure inguruan, eta heziketak hezkidetzailea izan behar duela esaten dugunean, gure harremanek hezkidetzaileak izan behar dutela esan nahi dugu; hau da, egunerokoan dugun interakzio orok.
Teoriak ikasi ditugu. Orain praktikara salto egin behar dugu. Egunerokoan gure jarrerak berrikusi behar ditugu, eta gero horiekin kritikoak izan".
Daniela Dominguez (suhiltzailea): "Indarraren kontu hori... Nahikoa da erreminta hidraulikoarekin"
"Suhiltzaile hasi aurretik, beste hainbat lanetan jardun nintzen. 22 urterekin Argentinatik Madrilera joan nintzen bizitzera, eta gero, 30 urterekin, etorri nintzen Azpeitira. Legez kanpoko immigrantea izan nintzen urte askoan; urte haietan paperik gabe eta lan baldintza kaskarretan jardun nuen lanean. Orduan, bikotekidea ezagutu, lehen haurra izan eta ezkontzea erabaki genuen. Ezkondu eta lanerako baimena-eta lortu nituen, eta gustuko lan baten bila hastea erabaki nuen.
Lagun batek Gipuzkoako suhiltzaileen lan eskaintza publikora aurkeztu behar zuela esan zidan, 2008. urtean. Nik ere lan eskaintzara aurkeztea erabaki nuen. Elektronika, mekanika... gustatzen zaizkit, eta gaztetan Elektrizitatea eta Mekanika ikasi nituen. Suhiltzaile postua ateratzea lortu nuen.
Emakumezko suhiltzaile gutxi gaude [Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, suhiltzaile eta salbamendu zerbitzuetan %3 baino ez dira emakumeak egun], baina askotan emakumeok ere ez dugu sinesten lan hori egin dezakegunik. Hori ez da horrela; ahal dugu. Suhiltzaile lanpostura aurkeztea erabaki nuenean, zera esaten zidaten: "Baina nola? Asko ikasi eta entrenatu behar da eta". Goierri bailarako suhiltzaile etxean egiten dut lan, eta gaur egun oraindik, lanera irtetea egokitzen zaigunean, suhiltzaileen artean emakume bat ikusi eta jendea harritu egiten da; oraindik ere atentzioa ematen du. Ez dugu ezer aurreratu horretan. Jendea begira gelditzen zaidala ohartzen naiz, suhiltzaile emakumea ikusi eta harrituta, gauza arraroa banintz bezala. Lankideen artean beste bat gehiago naiz, eta kito; kalean ez, ordea. Horretan lan handia dago egiteko.
Askotan diot gure lantaldea erreminta kaxa bat dela; erreminta kaxan ez da mailu handi bat bakarrik edukitzen, denetik egoten da. Gu hori gara: denon artean erreminta kaxa osatzen dugu; batzuetan indarra behar da, beste batzuetan bizitasuna, abilidadea... Gainera, egun indarraren kontu hori... Nahikoa da erreminta hidraulikoarekin.
Suteen prebentzio, itzalketa eta salbamenduko zerbitzuei buruzko legean zehaztu nahi dute lan eskaintza publikoetan lanpostu batzuk gordeko direla emakumeentzat: tokien %25 gutxienez, eta %40 gehienez. Horri lotuta, nik ez dut ezer jaso nahi oparitzat emakumea izateagatik, nik nahi dudan hori lortzeko bidea egiteko gai naizelako. Bestalde, baina, emakume askok ez dute posible ikusten mundu horretan sartzea, eta zerbitzuaren gaineko legean ezarriko duten neurri horrekin, agian, emakume gehiago animatuko dira suhiltzaile izatera. Aurrena, baina, emakumeok geure buruarengan sinetsi behar dugu, edozein lan egin ahal dugulako, eta denetarik behar delako lanbide guztietan".