20 urte, badira urte batzuk, baina Aitor (Azkoitia, 1971) eta Ibon Errazu (Azkoitia, 1979) anaiek horiek baino gehiago daramatzate Gurutze Gorrian boluntario lanetan. Gazte hasi ziren; 16na urte zituztela egin zituzten sorosletzako lehendabiziko ikastaroak, eta jarraian sartu ziren boluntario. "Orain 43 urte baditut, atera kontuak", esan du Ibonek, bietan gazteenak; eta zortzi urte zaharragoa da Aitor. Garai hartan, artean derrigorra zen soldaduska egitea, eta aukeretako bat zen soldaduska Gurutze Gorrian boluntario moduan egitea. Hala egin zuten Errazu anaiek, beste hainbat eta hainbat gaztek bezala. Baina behin derrigorrezko aldia bukatuta ere, han jarraitu zuten, boluntario. Beraz, denboraren joanak Azkoitiko Gurutze Gorrian eragin dituen aldaketen lekuko zuzen-zuzenak dira biak ala biak, boluntarioak ez ezik, boluntario aktiboak izan baitira urteotan guztiotan. Gaur egun, oraindik ere, arduraz hartzen dituzte beren betebeharrak. "Ideia bat egiteko: Azkoitiko boluntarioen zerrendan 80 bat lagun egongo gara, baina egunerokoan hor gaudenak, hamar bat izango gara", zehaztu du Ibonek. Aitor, gainera, Azkoitiko Gurutze Gorriko lehendakaria ere bada, berak nahiko lukeena baino urte gehiagotan.
Egoitza zaharra herrigunetik gertuago zegoen kokatuta. "Orduan ere herriaren irteeran, Zumarraga aldera, baina herria bera orain baino dezente txikiagoa zen", esan du Aitorrek. Egoitza lekualdatzearen arrazoia sinple azaldu du. "Udalak eremu hartan etxeak egiteko asmoa zeukan, eta gu soberan geunden; besterik ez". Kokaleku berria erabakitzeko, hainbat faktore izan zituzten kontuan. "Ziurrenik, horrelako zerbitzu bat herriaren erdigunean jartzea ez da aukerarik onena, sirena hotsa dela, argiak direla, eta zenbait kasutan inguruko bizilagunentzat traba ere izan gaitezkeelako. Horregatik erabaki zuten egungo kokalekuan jartzea, herrigunetik kanpora, eta alde horretatik, ez genuen kexarik izan". Dena dela, Gurutze Gorriaren egoitza lekualdatzea bera ez du berebiziko aldaketa gisa oroitzen Aitorrek. "Gu boluntario hasi ginenetik gauzak nola aldatu diren ikusita, egoitza lekuz aldatzea izan zen aldaketarik txikiena".
Urtarrilaren 26an 20 urte bete zituen Gurutze Gorriaren Azkoitiko egungo egoitzak
"Benetako aldaketak" urte batzuk lehenago hasi zirela ziurtatu dute bi anaiek, eta 1998ko abenduaren 31 aipatu dute mugarritzat. Hala dio Aitorrek: "Ordura arte, larrialdi zerbitzuetako sareko partaidea zen Azkoitiko Gurutze Gorria. Horrek esan nahi zuen Urola Erdian gertatzen ziren istripuetara joateko ardura gurea zela, herritarrei larrialdiko lehen osasun arreta guk ematen geniela. 1998ko abenduaren 31n, ordea, zerbitzu hori emateari utzi genion, beste batzuen esku utzi zutelako, eta horrek goitik behera aldatu zituen gure egunerokoa eta lan dinamika. Hori gertatu zen egoitza berrira etorri baino lau urte lehenago, eta hori bai izan zen aldaketa. Egoitza berrira etorri ginenerako, urteak generamatzan dinamika berri horretan sartuta; beraz, hona etortzea izan zen puntu eta jarraia, lekualdatze hutsa".
Harrezkero, egunerokoan ematen dituzten zerbitzu gehienak aurrez programatutakoak izaten dira, eta horiez gain, ekitaldi puntualetan zerbitzua ere ematen dute. Ibonek azaldu du: "Gurutze Gorria irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, eta beti egin duena izan da gizartean zer behar dauden atzeman eta horiei erantzuna ematen saiatu. Adibidez, ezinduak, adinekoak eta abar garraiatzeaz-eta arduratzen gara medikuarengana eta ospitalera joan behar dutenean. Osakidetzak ere ematen du zerbitzu hori, baina ez kasu guztietan, eta Osakidetzak eramaten ez dituen horiez gu arduratzen gara. Normalean, familiak etortzen zaizkigu laguntza eskatzera". Adibide bat jarri du. "Adinekoa da, bosgarren solairuan bizi da, igogailurik gabe, inor ez dauka jaisten eta igotzen laguntzeko, eta sarri joan behar izaten du ospitalera. Osakidetzak eskaintzen dio ospitalera joateko eta handik etxera bueltatzeko garraio zerbitzua, baina gidariarekin bakarrik, eta horrela joan zen batean esperientzia txarra izan zuen; zorabiatuta iritsi zen. Semeak laguntza eskatu zigun, eta guk laguntzen diogu aita bosgarren solairutik jaisten eta atzera berriz etxera igotzen, eta gero berak eramaten du autoan. Gisa horretako esku-hartzeak egiten ditugu".
Beste zerbitzu batzuk ere ematen dituzte; esate baterako, Azkoitiko igerilekuko sorosle zerbitzua. "Kasu horretan, enpresa pribatu batek emango lukeen zerbitzu bera ematen du Gurutze Gorriak, eta horretarako langileak hartzen ditu. Zerbitzu hori ematearen truke, Gurutze Gorriak kobratu egiten du, sorosleei soldata ordaintzen die eta zati txiki bat Gurutze Gorriarentzat gelditzen da", azaldu du Aitorrek. "Era horrelako lan iraunkor gehiago ere egin izan ditugu. Adibidez, orain dela urte batzuk, Azpeitiko eta Azkoitiko egoitzetako egoiliarren garraioaz arduratzen ginen, egokitutako garraioaz. Egunean hiru furgoneta mugitzen genituen, bakoitzean bi langilerekin, baina bukatu zitzaigun". Aldiz, aurten hasi dira Iraurgi SBko emakumeen zein gizonen partidetan estaldura ematen. "Osasun arloan baldintza batzuk betetzea eskatzen die araudiak, gutxieneko osasun zerbitzu baten presentzia ziurtatuta izatea, eta zerbitzu hori guk ematen dugu. Binaka-binaka joaten gara".
Eta horietaz aparte, ekitaldi puntualetan ematen dute zerbitzua. Adibidez, duela aste batzuk Zestoako Kobaz Koba Trail lasterketan izan zirela esan du Aitorrek. "Horrelakoetan, antolakuntzako kideek deitzen digute zerbitzua eskatzeko. Ekitaldiaren ezaugarrien arabera, tarifa batzuk zehaztuta izaten ditugu, ez guk jarritako tarifak, baizik eta goitik bidaltzen dizkigutenak, eta antolatzaileei horiek pasatzen dizkiegu. Kobaz Koban, Beasaingo Gurutze Gorriko kideek eman ziguten laguntza, eta alderantziz ere askotan gertatzen da; haiekin harreman handia dugu eta asko kolaboratzen dugu. Zerbitzu asko eta asko ezingo genituzke eman haien laguntzarik izango ez bagenu, ez daukagulako nahikoa baliabide". Eta hartutako lanak ondo betetzea gustatzen zaie azkoitiarrei. "Garrantzia handia ematen diogu egiten dugun hori ondo egiteari. Kobaz Kobara joan gintezkeen anbulantzia bakarrarekin, eta ezer geratzen ez bada, ondo, baina denon osasunagatik eta lasaitasunagatik, justu antzean ibiltzea baino hobe izaten da soberako baliabideekin joatea".
"Egoitza zaharrean astean zazpi egunez eta egunean 24 orduz ematen genuen zerbitzua"
Istripuetara, berriz, dagoeneko ez dira joatean; "normalean ez bahintzat", zehaztu du Ibonek, zerbait "oso larria" pasatzen denean bakarrik. "Hegazkin bat eroriko balitz edo jendez beteta doan autobus batek istripua izango balu eta larrialdi zerbitzuetakoek babesa eskatuko balute, joango ginateke, baina, bestela, egunerokoan gertatzen diren istripuetara ez gara joaten". Zorionez, gertatu ere, lehen aldean gutxi gertatzen direla esan du, eta gertatzen direnak larritasun gutxiagokoak izaten direla. "Lehen istripu gehiago egoten ziren eta larriagoak, autoen segurtasuna ez zelako oraingoa", jarraitu du Ibonek. "Tokatu izan zaigu oso une gogorrak bizitzea, gertuko jendea artatu beharra eta. Gogorra da, baina behar duenari laguntzeak gero ematen du halako betetasun sentipen bat, eta hori gauza ederra da".
Azkenik, ikastaroak ere eskaintzen dituzte, bai sorosletzakoak, baita gizartean antzematen dituzten bestelako beharrei erantzutekoak ere; esate baterako, orain gutxi antolatu zuten Azkoitian adinekoei gailu digitalak erabiltzen irakasteko ikastaro bat. "Garai batean, sorosletzako ikastaroak udaletxeko pleno aretoan emandakoak gara, eta herriko plazan makina bat erakustaldi egindakoak ere bai", gogora ekarri du Aitorrek.
Nostalgia puntu bat
Atzera begira jarrita, nostalgiaz gogoratzen dituzte egoitza zaharreko garaiak. Gaur egungoarekin konparatuta, orduan beste martxa bat izaten zela adierazi du Ibonek: "Militarrak, objektoreak eta boluntarioak egoten ginen, eta astean zazpi egunez eta egunean 24 orduz ematen genuen zerbitzua. Jendearen sartu-irtena sekulakoa izaten zen, eta geure arteko giroa, bikaina". Adibide bat jarri du. "Normalean, asteburuetako txandak egiten zituzten ikasketengatik astea kanpoan pasatzen zutenek. Ostiral gauetako txandak izaten ziren betetzeko zailenak, ikasle asko artean iritsi gabe egoten zirelako. Zer egiten genuen?
Afari bat egiteko aitzakian elkartu, eta bide batez, ostiral gauetako txanda bete". Aitorren esanetan, "gaztetxe espezifiko bat" zirudien hark, eta funtzionatu ere, horrelatsu funtzionatzen zutela esan du. "Nik, adibidez, soldaduska han egin nuen, eta soldaduska egiten nuen bitartean ere, modua egin nuen eskolan jarraitu ahal izateko. Nola? Txanden egutegia egiterakoan, nire kontrara zihoan batekin jarrita. Goizetan eskolara joaten nintzen eta arratsaldetan Gurutze Gorrira, eta egutegia egiterakoan jartzen nintzen lana arratsaldez egiten zuen batekin. Horrela, goizetan ni eskolara joaten nintzen eta bera Gurutze Gorrian egoten zen; eta eskolatik ateratzen nintzenean soldaduskara joaten nintzen, eta ni ailegatzen nintzenean, bera lanera joaten zen. Eta txanda betetzen ari ginela ere, libre genituen tarteak ikasteko aprobetxatzen genituen, elkarri ikasketekin laguntzeko, elkarri eskola partikularrak emateko eta abar. Gero, hori dena bukatu egin zen".
Beste aldaketa batzuk ere izan dira bi hamarkadatan. "Esate baterako, Gurutze Gorrian boluntario sartzeko lehen bete behar izaten ziren gutxieneko baldintzak eta orain eskatzen dituztenak ez daude parean jartzerik", Ibonen hitzetan. "Lehen, Gurutzeko Gorriak edo DYAk ematen zituzten oinarrizko ikastaroak eginda has zintezkeen laguntzen; orain, aldiz, anbulantzia batean hirugarren gisa sartzeko ere, gutxienez osasun larrialdietako teknikari izateko erdi mailako zikloko lehen ikasturtea gaindituta izan behar duzu. Hori ez badaukazu, alferrik zabiltza". Horrek ez du esan nahi Gurutze Gorrian boluntario dabiltzan guztiek titulu hori dutenik. "Adibidez, eskakizun horiek indarrean sartu aurretik boluntario zirenek, gaitasunen aitortza agiri batekin zerbitzu batzuk ematen jarrai dezakete, baina horretarako ere gutxienezko esperientzia bat frogatuta eta azterketa bat eginda". Ibonek, esaterako, denborarekin atera egin ditu araututako tituluak; Aitorrek, ostera, gidari izateko taldeko kide izateko eta gidari lanak egiteko homologazioa badu, baina ezin du inor artatu, nahiz eta lau urtez behin horretarako oinarrizko ezagutzak berritu behar izaten dituen. "Gizartean bezala, hemen ere, exijentzia maila handitzen ari da gauza guztietarako, eta horrek gauzak erraztu ez ditu egiten", adierazi du Aitorrek. "Kobaz Koba Trail mendi lasterketan zerbitzua ematen egon ginenean, horixe komentatzen jardun ginen Gurutze Gorrian ni baino lehen hasitako boluntario azpeitiar bat eta biok, zentzu horretan eta beste askotan zenbat aldatu diren gauzak gu hasi ginen garaitik hona".
Exijentziak oztopo
Exijentzia maila handitu izana bere horretan txarra ez dela uste dute Errazu anaiek, baina boluntarioak erakartzeko garaian oztopo bat gehiago dela uste dute. "Boluntarioak ez gara gu bakarrik, jende askok jarduten du boluntario gisa herrian dauden era guztietako elkarteetan. Beraz, boluntarioak egon badaude, asko gainera, eta ekintza puntual bat antolatzerakoan ere jende asko egoten da laguntzeko prest, baina, agian, falta dena da ardurak hartzeko prest dagoen jende gazte gehiago", esan du Ibonek. Arrazoia eman dio anaiak. "Erreleboa hartzeko prest dagoen jendea egongo balitz, ni aspaldi nengokeen beste maila batean, baina ardurak hartzea asko kostatzen zaio jendeari, geroz eta gehiago nik uste, eta atzetik inor etorri artean, gaudenok jarraitu behar. Gainera, pandemiak ere ez digu batere mesederik egin. Osasungintza arloan lan egiten duten eta denbora librean hemen boluntario aritzen ziren batek baino gehiagok utzi egin dio etortzeari". Horiek horrela, Azkoitiko Gurutze Gorrian boluntario aritzeko interesa izan dezaketen herritarrei egoitzara gerturatzeko gonbidapena egin diete Errazu anaiek.