Kutsatutako lurrak, sendatzen

Andoni Elduaien 2023ko api. 7a, 16:10

Ikerlariak Intsaustiko lurrak lehengoratzeko lanean. (Utzitakoa)

Kutsatutako lurrak lehengoratzeko lanak ari dira gauzatzen Azkoitiko Intsausti eremuan. Lehen industriagunea izan zen lurretan ari dira lanean EHUko, Gaiker zentro teknologikoko eta Azkoitian egoitza duen Iragaz Watin enpresako ikertzaileak. Lurreko kutsadura jaten duten mikroorganismoen bitartez ari dira lurra lehengoratzen. Lau urtez luzatuko den proiektua da, eta hango lan ildoak ezagutu ditu Maxixatzenek martxoko aldizkarirako.

Herriko lurzoru kutsatuak industriaren iraganaren ondorio dira. Lantegiak edota industriaguneak ixten direnean, horietako zenbaitek kutsadura uzten dute lurzoruan edota lurpeko uretan. Symbiorem izeneko Europako proiektuaren barruan, lurreko kutsadura kentzen adituak diren zenbait erakunde eta enpresa ari dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurretan lanean, baita Azkoitian ere. IHOBEk, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako sozietate publikoak, poluzio mapa bat du egina, eta horren arabera, Azkoitia kutsatutako kokaguneen dentsitate handiena duen herrietako bat da. Lur horiek bere onera ekartzeko asmoz, lurrak deskutsatzeko entsegua ari dira egiten Azkoitiko Intsausti eremuan. Egitasmoaren helburua da lurzoruko eta lurpeko uretako kutsatzaile ohikoenak murriztea edo ezabatzea. Lau dira gune horietako ohiko poluitzaileak: metal astunak, olio minerala eta hidrokarburo aromatikoak, izan poliziklikoak (PAH) edo lurrunkorrak (VAH).

Azkoitiko Ugarte industrialdean egoitza duen Iragaz Watin enpresa 2013an hasi zen kutsatutako lurrak tratatzeko teknika berriak laborategian garatzen. Tratamendu biologikoa eta nanoteknologia tratamendua uztartzea izan zen haien egitekoa, eta Biona izeneko produktua da emaitza, Azkoitian aplikatzen ari direna. Azkoitiko Udalari entsegua aplikatzeko gunea eskatu zion Iragaz Watinek, eta udalak Intsaustiko gunea eskaini zion. Hain zuzen, duela urte batzuk burdinola bat edo galdaketa lantegi bat aktibo egon zen gune horretan, eta han ari dira Iragaz Watineko, Gaiker zentro teknologikoko eta EHUko Fisika-Kimiko Saileko ikertzaileak elkarlanean lurzorutik kutsadura kentzeko lanetan. 2020. urtearen hasieran ekin zieten lanei; lantegi horretako lurzoruaren laginak hartu eta aztertu zituzten hasteko, eta horrela, zenbaterainoko poluzioa zegoen jakin ahal izan zuten. "Badirudi Intsaustin hidrokarburo kutsatzaileak zeudela lurrean. Gasolioaren lurpeko depositu bat zegoen, eta haren zirkulazioagatik eta filtrazioengatik, ingurua kutsatuta zegoen. Itxura guztien arabera, ez dago bestelako lur kutsaturik", azaldu du Aitor Ulibarri (Gasteiz, 1973) Iragaz Watin enpresako gerenteak.

Iragaz Watineko Aiora Idigoras nahiz Aitor Ulibarri eta Arturo Garate udal arkitektoa. (Andoni Elduaien)

"Kutsadura handia dagoen lurzoruan hobe da nanoteknologia aplikatzea"

Lurra lehengoratzeko bidean, tratamendu nanoteknologikoa aplikatzen da aurrena, eta ondoren, biologikoa. Modu horretan, sinergia positiboak lortu eta lurra tratatzen igarotzen den denbora jaistea nahiz kutsadura murriztea lortu dute. Kutsadura gehien zegoen eremua zehaztu ondoren, lur hori hartu eta nanoerremediazioa egin zuten, gero, biopila batean bioerremediazio prozesua egiteko. Baina, zer da biopila bat? "Biopila lur tontor bat da, eta hara oxigenoa zein ura garraiatzen duten tutuak daude lotuta, baita sentsoreak ere. Hala, lurraren garbiketa prozesu biologikoa gauzatzen da", dio Ulibarrik.

Ikerlariak Intsaustiko biopilan lanean. (Utzitakoa)

Horrela hasi zuten Intsaustin lurzorua lehengora ekartzeko prozesua. Nanoteknologia erako tratamendua da han martxan lehenengo jarri zutena. "Nanoteknologia erako tratamenduarekin, burdinazko partikula txiki-txikiak nahasten dira kutsatutako lurrean. Burdin zerodun partikulak dira, eta oso erreaktiboak direnez, oxidazio eta erredukzio erreakzio bidez, lurreko hidrokarburo molekula kateak haustea lortzen dute. Nanopartikulak ez dira mikroorganismoak; ez dira izaki bizidunak, eta beraz, ukitutako elementuekin erreakzionatzen dute. Kutsatzaile organikoak erreduzituz, molekula kateak neurriz txikitzen dituzte, eta gainera, poluitzaile inorganikoekin (metal astunak, adibidez) erreakzionatzen dute. Beraz, erabilgarria da lurraren kutsadura mistoa den kasuetarako.

Lurrak tratatzeko teknologia tratamendua patentatuta du Iragaz Watinek

Ulibarriren esanetan, Biona tratamendua onside garatu beharrekoa da. "Tratatu beharreko partzelan bertan jarduten dugu lanean. Kutsatutako lur eremua induskatzen dugu, eta hura gero biopila batean tratatu. Behin emaitzak lortutakoan, lurra berriro egindako zuloan sartzen dugu". Iragaz Watinek aurrez egin izan ditu saiakerak lurra bere lekutik mugitu gabe lan egiteko, baina emaitzak ez ziren nahi bezalakoak izan. "Ez genuen lortu gure osagaiak homogeneoki lurzoruan zabaltzea".

Bioerremediazioarekin uztartuz

Kutsatutako lurrari nanoteknologia tratamendua aplikatu ondoren, tratamendu biologikoari ekiten diote ikertzaileek; orduan hasten dute bioerremediazio fasea. Lurzoru poluitu horien lurpean kutsadura murrizten laguntzen duten mikroorganismoak daude. Europako proiektuaren barruan, Gaikerreko ikertzaileek bakterio horiekin egiten dute lan. Mikroorganismo horiek hartu eta testatu egiten dituzte aurrena. Modu horretan, kutsatutako lurretan bizirauteko gai diren bakterio mota desberdinak ezagutzen dituzte. Laborategian, bakterioak indartu egiten dituzte, eta puntu-puntuan jarri ostean, berriro biopilan sartzen dituzte. "Konpostarekin batera, laborategian indartutako bakterioak sartzen dira biopilan, horiek poluzio molekulak jan ditzaten".

Azpeitiko Lapatx nahiz Bergarako (Gipuzkoa) Epele zabortegietan eta Bilboko Zabalgarbi erraustegian lortutako konpostak biopilan nahasteko kalitate onekoak direla ikusi dute. "Lanketaren zati biologikoa egitea lortzen dugu konpostarekin; izan ere, konpostak mikroorganismoek behar dituzten elikagaiak batzen ditu. Bakterio horiek botatzen dutena, gainera, ona da, ez da toxikoa lurrarentzat". Osagai organikoak dituzten hondakinak jaten dituzte bakterioek, esaterako, gasolioarena. Gasolioa petroliotik eratorria denez, haren osagai organikoak jaten dituzte konpostarekin batera zabaldutako mikroorganismoek. Proiektuaren barruan, halaber, fitoerremediazioaren teknika ere probatu nahi dute ikertzaileek: landareak jarri ditzakete biopilan, modu hori ere "oso aproposa" baita kutsaduraren aurrean aplikatzeko.

Lurrean irudikoa bezalako zuloak eginda hartu zituzten laginak. (Andoni Elduaien)

Sentsoreen bidez laguntzen dute biopilaren prozesua; izan ere, ura eta airea sartzen dituzte tutuetatik hara, lurraren prozesu biologikoa azkartuz. Ordenagailuaren bidez, berriz, lurraren eroankortasuna neurtzen dute. Batetik, ikusten dute nola sakabanatzen den hezetasuna biopilan, eta bestetik, nola zabaltzen diren han mikroorganismoak. Mapatu bat eginda, neurketak ere egiten dituzte lurraren sakontasun desberdinetan.

HAPen kutsadura ia erdira murriztea eta TPHena %30 jaistea lortu dute Intsaustin

Era berean, nanopartikulek metal astunak finkatzen zituztela jakin zuten Iragaz Watineko ikertzaileek. "Metal astunak finkatzea ere lortu dugu proiektuan. Bakterioekin ezin ditugu metal horien atomoak hautsi, baina bai horiek lurrean finkatu. Modu horretan, lortu dugu metal horiek urak ez eramatea eta ez lixibiatzea".

Biopilaren mapatua egiteko lanetan. (Utzitakoa)

Ideia, emaitzak ematen

Ulibarrik dioenez, tratamendua garatzeko ideia Iragaz Watineko Miguel Sanchez gerente ohiak izan zuen. "Hark bazekien nanoteknologia metodoa aurrez uretan erabiltzen zela, eta pentsatu zuen uretan erabiltzen bazen, lurrean ere erabil zitekeela". 2013an hasi ziren laborategian teknika berriak garatzen, eta lagin txikietan ikusi zuten testatutakoek funtzionatzen zutela. Laborategiko proba egin ondoren, Barakaldoko (Bizkaia) industriagune bateko kutsatutako lurrak erabiliz, eskala handiagoan egin zuten entsegua. Emaitza onak jaso zituzten han, eta proiektua Intsaustiko eremuan hasi zuten gerora.

Iragaz Watin enpresak hiru teknologiak aztertu ditu: nanoerremediazioa, bioerremediazioa, eta bien erabilera bateratua, Biona izeneko prozesuan uztartu duena. Teknologia berritzaile hori, gainera, patentatuta du enpresak. Itxitako lantegietako lurrak, bizileku bezala birkalifikatzen diren eremuak eta parkeak bere onera ekartzeko aukera izango da tratamendu mota horiekin. "Zenbait eremutan kutsadura %80 jaistea lortu dugu. Beste batzuetan, berriz, araututako kutsadura mugatik oso gertu gelditu gara. Gertatu da, zenbaitetan, proiektuaren hasieran kutsadura ikaragarri jaistea, eta behin hori lortuta, askoz gehiago ez murriztea. Dena den, oso emaitza onak lortu ditugu". 33 metro kubikoko kokaleku erreala du Azkoitiko entseguak, eta esperimentatu duten lurzoruan, guztira, 1.400 ppm –kontzentrazioaren milioiko parte– petrolioaren hidrokarburo (TPH) eta 7,5 ppm hidrokarburo polizikliko aromatiko (HAP) aurkitu dituzte. "Kutsadura txikia", Iragaz Watineko kideen arabera. HAPen kutsadura %49 murriztea eta TPHena %30 jaistea lortu dute.

Biopila tutuei konektatuta dago une oro. (Andoni Elduaien)

33 metro kubikoko kokaleku erreala du Intsaustiko eremuan egindako entseguak

COVID-19aren pandemia iritsi zen Intsaustin lurrak tratatzen hasi eta berehala. Nanoerremediazioaren prozesua egiteko gai izan ziren ikertzaileak Azkoitian, baina bioerremediazioaren prozesua egiten hasi zirenean itxialdia ailegatu zen. Hori horrela, proiektua eten behar izan zuten, eta noski, etenak eragina izan du entseguan. Prozesuaren zati garrantzitsuenetako bat atzeratu egin zitzaien, eta hori horrela, galdu egin zituzten lurrean zituzten inertzia gehienak. Hala eta guztiz ere, lanean jarraituko du enpresak Azkoitian, EHUreko eta Geikerreko kideekin kolaborazioan; izan ere, asmoa da bioerremedioazioaren prozesua elkarlanean martxan jartzen ahalegintzea.

Zerbait luzatuko dira oraindik Intsaustiko lanak, baina entseguak eman ditu lehen emaitzak. Egitasmoaren helburua da kutsadura kentzeko lortzen diren teknikak poliki-poliki gizartean zabaltzen hastea eta erakundeetan presioa egitea.

Elkarrizketa

Maider Orueta: "Ilusio handia dugu Biona tratamenduan"

Maider Orueta (Aretxabaleta, 1989) Iragaz Watineko proiektuen teknikaria da. Nanoerremediazioa, bioerremediazioa eta Biona tratamendua aurrera eraman dituen kideetako bat da hura.

Iragaz Watin enpresak Azkoitian du egoitza. Zertan egiten duzue lan?

Ingurumen nahiz garbiketa industrialak egiten dituen enpresa zerbitzua da Iragaz Watin. Ugarte industrialdean du egoitza, eta hainbat alorretan egiten du lan: garbiketan, ingurumen aholkularitza eta ikerketan. Batetik, adibidez, deposituak, zulo septikoak, tunelak nahiz kutxatilak garbitzen aritzen dira lantaldeko kideak. Eta bestetik, ikerketa alorrean jarduten dugu zenbait teknikarik; horiek ingurumenarekin harremana duten ikerketak eta lanketak egiten dituzte. Guztira, hamasei langile gaude lantaldean.

Biona izeneko tratamendu produktua lortu duzue. Noiz hasi zineten hura garatzen?

Ingurumen nahiz garbiketa industrialak egiten dituen enpresa zerbitzua da Iragaz Watin. Ugarte industrialdean du egoitza, eta hainbat alorretan egiten du lan: garbiketan, ingurumen aholkularitza eta ikerketan. Batetik, adibidez, deposituak, zulo septikoak, tunelak nahiz kutxatilak garbitzen aritzen dira lantaldeko kideak. Eta bestetik, ikerketa alorrean jarduten dugu zenbait teknikarik; horiek ingurumenarekin harremana duten ikerketak eta lanketak egiten dituzte. Guztira, hamasei langile gaude lantaldean.

Zergatik erabaki zenuten bi teknikak uztartzea?

Kutsatutako lurzoruak tratatzeko egungo irtenbide erabiliena da lurrak zulatzea eta hori zabortegira eramatea. Funtsean, ordea, ez da irtenbide bat, kutsadura leku batetik bestera mugitzen eta giltzapetzen baita. Arazoa ikusita, zulaketekiko ekonomikoki lehiakorra izango zen teknika berri bat lortzeko ikerketak egiten hasi zen Iragaz Watin. Bioerremediazioaren teknika bazegoen lehen ere, baina ez da asko erabiltzen. Kutsadura organikoa tratatzeko balio du soilik, eta hemengo lurretan dagoen kutsadura mistoa izan ohi da, organikoa eta ez-organikoa. Amerikan, adibidez, metal astunez kutsatutako ura tratatzeko, burdin zeroa erabiltzen zuten. Horiek duten neurri txikiagatik eta erreaktibitate handiagatik, Iragaz Watini bururatu zitzaion burdin zerodun partikula horiek uretan bezala lurzoruan ere erabil zitezkeela. Hainbat proba eginda, ikusi genuen bi tratamenduak bat eginda, kutsadura ezberdinei erantzuteko gai ginela. Prozesu osoaren denbora murriztea lortu genuen, eta horregatik, Biona da lanketa horrekin Iragaz Watinek garatutako tratamendu berritzailea.

Ari al zarete entsegua beste inon aplikatzen?

Lur ezberdinekin egin dugu lan Barakaldon eta Azkoitian egin ditugun probetan. Dena den, gure laborategiaren atzean zonalde bat dugu prestatuta proba gehiago egin ahal izateko. Gainera, bestelako kutsatzaile batzuk dauden lurretan ere ari gara entseguak egiten, horien artean, lindanoak kutsatutako lurretan.

Nola eraman daiteke entsegu hau praktikara?

Gure asmoa da proba gehiago egiten jarraitzea, eta prozesua merkaturatzea. Hori horrela, erakunde publikoekin nahiz eraikuntza sektoreko enpresekin harremanetan jarri gara, horiei gure teknologiaren berri emateko. Zabortegira eramaten diren hondakin kopurua murriztea da helburua, eta uste dugu gure teknologiak lekua egingo duela bide horretan.

Zein dira enpresaren erronkak?

Ilusio handia dugu kutsatutako lurrak tratatzeko egindako lan honekin nahiz garatu ditugun hiru teknologietan; izan ere, lurraren kutsadura motaren arabera teknologia bat edo beste aplikatu ahal izango dugu. Horretan jarraituko dugu orain lanean, baita bestelako kutsatzaileak dauden

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide