San Joseko menuek askotariko erreakzioak sortu dituzte

Ane Olaizola 2023ko mar. 1a, 12:17

Sarean zabaldu zen egoitzako otorduen irudietako bat.

Azkoitiko adinekoen egoitzako otorduen irudiek oihartzuna izan dute, eta kexu dira zenbait egoiliar eta senide. Zerbitzua defendatu dute, berriz, arduradunek.

Azkoitiko San Jose adinekoen egoitzan egoiliarrei zerbitzatu dizkieten otorduen irudiek kezka eragin dute azken egunetan herrian, eta soka luzea eragin du aferak, baita erreakzio sorta sortu ere.

Joan zen astelehenean, egoiliarrek afaltzeko izan zuten menuaren zati batek hasi zuen afera: irudian, york urdaiazpikoa ziruditen hestebete xerra batzuk ikus zitezkeen platerean. Ondoren, Azkoitiko EH Bilduk beste otordu batzuetako hainbat argazki argitaratu zituen, eta jakinarazi zuen San Jose egoitzako zenbait egoiliar eta senide koalizioarekin harremanetan jarri zirela, egoitzan izan dituzten "menu kaskarren inguruan salaketa publikoa" egiteko. Asteazkenean, Azkoitiko Udalaren udalbatzarrean ere hizpide izan zuten egoitzaren janari zerbitzua: gaiari buruz galdetuta, Udal Gobernuak gertatutakoa "kasu puntuala" izan zela erantzun zuen, baina EH Bildurentzat egoera "geroz eta kaskarragoa" da egoitzan. "Agerian ari da gelditzen egoitzan dagoen giza baliabideen eta materialaren falta. Bolo-bolo zabaldu den argazkikoa adibide bat besterik ez da".

Azkoitia Bai plataformak, bere aldetik, azaldu zuen sukaldariek, egoitzako beste "langile denek" bezala, lana "egoki" egiteko "denbora gutxi" dutela, eta janaria hara eramaten duen Ausolan enpresaren elikagaiek "gero eta kalitate gutxiago" dutela. Gertatutakoaren "gainean" zegoela esan zuen Udal Gobernuak, baina edonola ere, Javier Zubizarreta alkateak "erantzukizuna" eskatu du, "gaia delikatua delako nolanahi erabiltzeko".

Adituak "gainbegiratuta"

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kabia fundazioaren barruan dago Azkoitiko egoitza, eta 2014tik Biharko enpresak kudeatzen du. Menuen inguruan sortu den aferari erantzuteko asmoz, zuzendariak gutuna bidali die senideei, eta argazkiak "testuingurutik kanpo" daudela azaldu du hark, otorduetako menua "osotasunean" kontuan hartu behar delako. "Bazkaritan lau plater daude: bi lehenengo, bigarrengo bat eta postrea; eta afaltzeko, hiru: lehen platera, bigarrena eta postrea». Haren arabera, bigarren plater guztiek osagarri bat eramaten dute, eta erabiltzaile bakoitzak momentuan eskatzen du hura nahi duen ala ez. "Hori dela eta, adibidez, gerta daiteke erabiltzaile batek etxeko kroketak osagarririk gabe nahi izatea". ­

Bestalde, egoitzako menuak "erabiltzaile bakoitzaren dieta eta beharrak" kontuan hartuta zehazten direla azpimarratu du zuzendaritzak, eta nutrizionista batek "gainbegiratu eta ontzat" ematen dituela.

Ildo beretik hitz egin dio Kabiako kudeatzaile Arantza Lekuonak Maxixatzeni. Haren arabera, egoitzan menuek lau asteko errotazioa izaten dute, eta elikagai bakoitzaren maiztasunak finkatzerakoan, "erabiltzaile bakoitzaren beharrak eta gustuak" kontuan hartzen dira. Otorduak prestatzerakoan, berriz, honako lau irizpide hauek ditu ardatz Kabiak, Lekuonaren arabera: "Erabiltzailearen beharrezko nutrizio ekarpenak eta osasunagatik behar duen dieta mota; erabiltzaileen gogobetetzea; urteko sasoia; eta jakiak prestatzeko sukaldaritza teknika".

Azken urteetan, Ausolan enpresak darama San Jose egoitzaren sukaldaritza zerbitzua; elikagaiak hornitzeaz, menuak diseinatzeaz, AKPKA (Arriskuen eta Kontrol Puntu Kritikoen Analisia) sistema ezartzeaz eta nutrizionistak menua gainbegiratzeaz arduratzen da enpresa hori. Kabiak ez du zehaztu zein den zerbitzu horren egungo aurrekontua, baina azaldu du "elikagaien prezioen igoerak eragin handia" duela otorduen aurrekontuan, eta zenbateko hori "urtez urte handitzen" joan dela.

"Arazoa", baina ez larriena

Bestelako ikuspegia dute erabiltzaile eta senide batzuek. Koldo Campos egoiliarrak kazeta honi azaldu dionez, janariaren kalitatea "progresiboki" okerrera egiten ari da egoitzan, eta zenbaitetan, menuan zehazten dutena eta egoiliarrei zerbitzatzen dietena "ez datoz bat". "Gertatu izan da, esaterako, zoparen ondoren york urdaiazpiko eta gazta xerra plater bat ekartzea. Zuzendaritzak dio plater guztiak hornigaiekin zerbitzatzen direla, baina askotan, batez ere afarietan, hori ez da gertatzen".

Camposen ustez, ordea, janariari lotutakoa ez da San Josen dagoen "arazo larriena". "Benetan kezkagarriena langile falta da; tamalgarria da egoitzan dagoen hutsunea". Haren arabera, langile faltak egoiliarrek jasotzen duten zerbitzuan zuzenki eragiten du, baita otorduen "koordinazioan" ere. "Afaltzen gaudenean, erabiltzaile bati menuan zerbait inprobisatu behar bazaio, ezin da, ordurako inor ez delako egoten sukaldean. Horrez gain, zenbaitetan langile bakar bat egon ohi da afaria zerbitzatzen, eta beraz, janaria hotza iristen zaigu".

Era berean, azpimarratu du eguneko otordu guztiak hamar ordu eta erdiren buruan egiten dituztela, eta beraz, ia hamalau ordu janaririk jaso gabe igarotzen dituztela. "Hori ez da gorputzak hala eskatzen digulako, langileen txandetan oinarrituta erabaki dutelako baizik".

Bestalde, egoiliarren senide batzuek gutun bidez berretsi dute azken urteetan egoiliarrek "kexa bat baino gehiago" bidali dizkiotela egoitzako zuzendaritzari: "Batzuk behin baino gehiagotan oheratu izan dira ezer afaldu gabe, aurrean zutenak bere osasunari kalte egiten ziola esanez eta ordezkatzeko ezer ez zutelako". Senideek azpimarratu dute ardura "janari kontua kudeatzen duenarena" dela, eta zuzendaritzak senideei jangelako ateak irekita daudela esandakoari erantzunez, haiek jakinarazi dute "behin baino gehiagotan" esan dietela hara ezin dutela sartu. "Zalantzak" argitzeko asmoz, senideek udaleko kideak gonbidatu dituzte egoitzara, "edozein egunetan, abisatu gabe". 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide