Gutuna

Egoitzako otorduen kontua dela eta

Egoitzako senide talde bat 2023ko ots. 27a, 09:00

San Jose egoitza.

San Jose egoitzako otorduen aferaren bueltan, erreakzioen hariak luzatzen jarraitzen du. Egoitzako egoiliarren senide talde batek gutuna bidali du erredakziora, joan den ostiralean egoitzako zuzendariak idatzitako gutunari erantzunez:

"Egoitzako otorduek eman dute zer esana eta ez da txantxetako gauza. Oso gai serioa da. Senide talde bat gara, eta kasu honetan gure asmoa ez da tirabiran hastea. Zenbait gauza garbi uztea eta horretarako zenbait puntu azaltzea nahi ditugu:

Garbi dago argazkiak inork ez dituela asmatu, eta benetakoak direla; ez dela gauza puntuala izan, egun bat baino gehiagokoak dira eta. Agertu diren argazkiak, konkretuki, sei egun desberdinetakoak dira, eta ziurrenik gehiago ere egongo dira.

Azken urteetan, egoiliarren aldetik (noski ez guztiek, batzuk harria ere jango lukete eta beste batzuk ez dira ohartzen zer jaten duten ere) kexa bat baino gehiago iritsi zaizkio egoitzako zuzendaritzari, baita Kabia-Biharko ordezkariari ere. Errua ez da sukaldeko langileena, horiek saiatzen baitira janaria ahalik eta modu egokienean ateratzen. Ardura janari kontua kudeatzen duenarena da. Beti entzun izan dugu mojak zeuden denboran askoz hobeto jaten zela. Bertan kozinatzen zuten, eta gainera, herriko dendetan erositako gaiekin.

Egoitzako zuzendaritzak dio senideekin osatutako komisioan uztailean landu zela janariaren gaia, eta azaltzen duten eran badirudi guztia adostua izan zela. Guk dakigunez, bilera horretan kexak agertu zitzaizkien. Zuzendaritzak egindako kritikei eman zien erantzuna idatzi horretan ematen duten berdina izan omen zen, alegia, nutrizionista batek onartutako menuak direla, oholean publiko eginda egoten direla, eta abar. Dena den, beti bezala eta ezer aldatzeko asmorik gabe berean jarraitu dute. Egoitzako zuzendaritzak dio ateak zabalik daudela nahi duenak janaria probatu nahi badu ere. Nola? Orain izan beharko du. Bigarren solairuko jangelan behin baino gehiagotan esan izan digute senideoi atetik barrura ez sartzeko, eta atea noizbait itxi ere egin izan digute. Lehen solairuko jangela pasillora irekita dago, eta aterik ez dagoenez, ikus dezakegu. Zabaldu diren argazki horiek afalordukoak dira, eta orduan senideok ez dugu ezer ikusterik. Unitate geriatrikoan ere senideok ez dugu inoiz jangelara hurreratzeko aukerarik izan.

Menuaren taulak azaldu dituzue, baina ez dute beti bat egiten, aldaketak egoten dira eta. Paperean ikusten ez dena da menu hori "nolakoa" den. Adibidez, Gabonetan arkumea zuten menuan bai, baina nolakoa? "Ahí no había quien hincara el diente" esaten zuen batek, eta bat baino gehiagok zioen "oso gogorra, mastekatu ezinekoa" zegoela.

Nutrizionista baten onespenarekin eginda omen daude menuak. Tira! Urteetan zehar, lehen platerean egunero-egunero baratxuri edo tapioka zopa izan dute. Ez ote dago beste aukerarik?

Erabiltzaile bakoitzaren beharrak eta gustuak kontuan hartzen direla diozue. Nolatan kexatzen da orduan jendea? Guk dakigunez, batzuk behin baino gehiagotan oheratu izan dira ezer afaldu gabe, aurrean zutenak bere osasunari kalte egiten ziola esanez eta ordezkatzeko ezer ez zutelako. Mahaira ateratako jana ezin zuela jan, eta atarian, jangelatik kanpo, ezer jangabe egondakoen berri ere badugu.

Diozue bigarren plater guztiek izaten dutela beti osagarri bat, eta gainera, aukeran. Teorian izango da, errealitatean ez omen da horrela izaten eta; hala diote egoiliar askok.

Jana errepikatzeko aukera? Ez dute hori esaten egoiliarrek. Segun eta nondik hasten diren, sarritan azkenengo egoiliarrentzako osagarriak behintzat ez omen dira iristen, esaterako, letxuga edo patata frijituak.

Zentroa irekita omen dago nahi duten guztiekin hitz egiteko. Ziurrenik bai, baina banaka; taldean ez, mesedez! Entzun egingo zaizue, baina kasu?

Zalantza horiek guztiak uxatzeko asmoz, gure proposamena da udaletxeko bi edo hiru pertsona aldiro egoitzara bertaratzea, edozein egunetan eta abisatu gabe. Hala, gauzak nola doazen ikusi ahal izango dute. Esaten dutenez, janaria aukeratzeko eta errepikatzeko modua dago, eta ez dugu uste inolako arazorik egongo denik momentuan bi eserleku gehiago prestatzeko. Ongi hartuak izango zarete".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide