Ibai ertzeko barandetan sareta jartzeko dirulaguntza eskatzea galdegin dio Eguzkik udalari

Julene Frantzesena 2023ko ots. 26a, 11:28

Plastikoa barandan, Altzibar auzoan. (Eguzki)

Altzibar auzoko 41. zenbakidun atariaren aurreko aparkalekutik Juin kalera eta Azkoitia nahiz Azpeitia lotzen dituen bidegorrira arte ez dagoela saretarik salatu du Eguzkik. Gipuzkoako Foru Aldundiak udalei eta mankomunitateei zuzendutako dirulaguntza lerro bat zabaldu duela eta, eskaera egitea galdegin dio udalari.

Azkoitian ibai ondoan babes neurririk ez dute ehunka metro baranda daudela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak zabor metaketa prebenitzen laguntzeko kaleratu dituen dirulaguntzak eskatzeko deia egin dio Eguzki talde ekologistak udalari. Urola ibaira hondakinak isurtzea saihesteko, Altzibar auzotik Juin kalera bitartean sareta jartzeko dirulaguntza eskatzea galdegin dio talde ekologistak erakundeari.

Zehazki, Altzibar auzoko 41. zenbakidun atariaren aurreko aparkalekutik Juin kalera eta Azkoitia nahiz Azpeitia lotzen dituen bidegorrira arte ez dagoela saretarik salatu du Eguzkik. Hala dio: "Irudi hori –argazkikoa–, zoritxarrez, oso ohikoa da gure herrietan, baita Azkoitian ere: Juin kalean inolako babesik gabeko barandaren azpian haizeak eramandako plastiko zuria. Denbora kontua da plastiko horrek ibaian bukatzea".

Dirulaguntza hainbat

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen departamenduak bost dirulaguntza lerro onartu dituela ohartarazi du Eguzkik, ingurumen arloko "politika aktiboak bizkortzeko eta areagotzeko, lurraldearen berreskurapen naturala areagotzeko eta ekosistema suntsipena prebenitzeko konponbideak laguntzeko".

Lerro horietako bat joan zen urtarrilaren 24an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) kaleratu zela azaldu du erakundeak, eta hori, zehazki, udalei eta mankomunitateei zuzendua dela zehaztu du: "Ibai, kosta eta lehorreko inguruneetan sakabanatutako zaborren metaketa prebenitzen eta zuzentzen laguntzen duten jarduketak gauzatzeko laguntza da". Laguntza horiek hirugarren urtez jarraian jarri ditu martxan foru erakundeak, eta, kasu honetan, 125.000 eurokoak dira –aurreko urteetan baino 50.000 euro gehiago–.

Itsas ekosistemako zabor isurketak "arazo globala" direla aitortu du Eguzkik, "urtetik urtera handitzen" ari dena, eta Urolako kostaldea ez dela salbuespena salatu du. "Kontzientziazio publikorik eza dela eta, hondakinak kontrolik gabe isurtzen dira, batez ere itsasertzean eta ibaietan. Azkenean, itsaso eta ozeanoetara iristen dira, gainazalean eta itsas hondoan pilatzen dira. Urola ibaiak Azkoititik igarotzean duen kutsadura guneetako bat egunero kaleetan amaitzen diren zaborretatik dator, eta ibaiaren aldameneko baranden azpitik sartzen dira haizeak eramanda".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide