Okupazioa, arte hizkuntzatik

Ane Olaizola 2023ko ots. 24a, 09:02

Gari Aranbarri, joan den asteburuan, Zerainen. (Goierri Telebista)

Gari Aranbarri artista azkoitiarra hautatu dute Ars Naturan egonaldi artistikoa egiteko. 70eko hamarkadan baserrietan egindako okupazioei tiraka ondu nahi du proiektua.

Igartubeiti baserri-museoak Gari Aranbarri sortzailea hautatu du aurtengo Ars Naturan egonaldi artistikoa egiteko, eta azkoitiarrak dagoeneko hasi du sormen egonaldia Zerainen (Gipuzkoa). Artista joan zen asteburuan izan zen udalerri horretan, eta hark martxoaren 19ra bitartean izango du buruan duen proiektua ontzeko tartea. Landa ingurunean bizitzeak zer esan nahi duen ikertuko du Aranbarrik berrikuntza sozialaren eta praktika artistiko garaikideen bidez.

Azkoitiarrak "gustura eta ezustean" hartu du Ars Naturan egonaldi artistikoa egiteko aukera, onartu baitu ez zuela espero. "Egonaldirako aurkeztu nuen proposamena egina nuen, baina ez nuen beste inora aurkeztu. Halakoetan, zerbait hasiberria duzunean, proiektua gustatuko al den jakitea zaila izaten da. Kasu honetan, baietz dirudi". Aranbarrik estreinakoz parte hartuko du landa eremuari lotutako sormen egonaldi batean.

Gipuzkoako landa ingurunean garatzen den Barne Begiradak proiektuaren barruan kokatzen da Ars Naturan egitasmoa, eta egonaldiaren xedea da bizitzeko modu berrien inguruko hausnarketak proposatzea, landa eta hiri natura kontzeptu hartuta. Hain zuzen, azkoitiarrak baserrien okupazioa hartu du gaitzat sormen egonaldian zehar garatzeko. "Duela urte batzuk irakurri nuen, 70eko hamarkadan, gazte batzuek Azpeitiko baserri bat okupatu zutela. Garai hartan, pertsona ezkertiar batzuk antolatzen hasi zirela zioen testuak, eta bizimodu berri baten alde borroka egiteko erabaki zutela baserrira sartzea". Testuinguru hori abiapuntutzat hartuta, azkoitiarraren asmoa da ikertzea beste horrelako "esperientziarik" egon al den Gipuzkoan, batez ere, Urola Kosta eta Goierri eskualdeetan. "Entzun izan dut Zumarraga aldean ere halako zerbait izan zela, baina guztiak dira anekdotak; gurasoen lagunek-eta kontatutakoak. Gertaera horien inguruan jardun nahi dut, eta artearen hizkuntza erabiliko dut ideia materializatzeko. Besteak beste, eraikuntza prozesuari buruz hitz egingo dut, eta espazioen aldaketak zein bizimodu kolektiboak ere landuko ditut".

Zerainen, ikerketa lana

Azkoitiarrak dagoeneko egin du lehen harremana Zeraingo herriarekin eta hango eragileekin, horretarako baliatu baititu egonaldiaren aurreneko egunak. Besteak beste, informazioa eman diote azkoitiarrari: "Zerainen egon naizenean, kontatu didate han badaudela abandonatutako baserri batzuk, eta esan didate interesagarria izango litzatekeela desokupazioari buruz ere hitz egitea". Proiektua hasiberria izanik, artistak oraindik ez daki lanak zer forma hartuko duen, ezta azken emaitza zer formatutan ikusi ahal izango den ere: "Hilabete barru ikusiko da zertan amaitzen den".

"Abandonatuta dauden baserriak ikustea nahiko nuke Zerainen"

Egun bizitoki duen Bilbora itzuli da azkoitiarra, eta bi aste barru bueltatuko da Zerainera, lanean sakontzera: "Utzita dauden baserri horiek ikustea nahiko nuke, eta herritar batzuei elkarrizketak egiteko asmoa ere badut; ikerketa lan bat egingo dut, finean". Datorren hilaren erdialdean, lanaren aurkezpena egingo du azkoitiarrak, eta martxoaren amaiera aldera, landa inguruneari buruz hausnarketa egitea helburu duen jardunaldi batean parte hartuko du.

Artearen Historian graduatua da Aranbarri, eta Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboan masterra egina da. Ez da azkoitiarrak egingo duen lehen egoitza izango Zeraingoa; izan ere, BilbaoArten, Tabakaleran, LABen Elkargunean eta Azpeitiko Dinamoa sormen gunean ere aritua da. Gainera, Koldo Mitxelena kulturgunean erakusketa egina da, eta JAIren Tabakalerako ikasketa programan parte hartu eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza eskuratu zuen arte plastikoak ekoizteko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide