"Osakidetza defendatzeko eta osasun publikoa desegitearen aurka" mobilizatu dira anbulatorioan

Andoni Elduaien 2023ko ots. 21a, 13:17

Osasun langileak, anbulatorio atarian. (Andoni Elduaien)

"Osakidetza defendatzeko eta osasun publikoa desegitearen aurka", Osakidetzaren zentro guztietan minutu batzuetako etena egin dute gaur, asteartea. Azkoitiko anbulatorioko zenbait langile ere batu dira mobilizaziora.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, Azkoitiko anbulatorioko osasun langileek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian, anbulatorioaren atarian. 13:00etan elkartu dira han, eta minutu batzuetako etena egin dute, "Osakidetza defendatzeko eta osasun publikoa desegitearen aurka".

Osakidetzako langileen gaur egungo egoera zein den jakinarazi dute ohar bidez, eta azaldu dute "%50etik gorako behin-behinekotasun tasa" dutela lantaldean. Era berean, nabarmendu dute hamarkada batean "%20tik gorako eros ahalmena galdu" duteela Osakidetzan; lan-gainkarga "sistematikoa" dela; lantalde "urria" dutela, eta ondorioz, "ordezkapenik ez" dutela; "lanpostu hutsak ez direla betetzen"; eta, "lan baldintzetan murrizketak" dituztela.

Azken kontu horren harira, adierazi dute garapen profesionalean "murrizketa erradikala eta justifikaziorik gabea" aplikatu nahi dutela. Azaldu dute "Etengabeko Arretako Guneak (EAG) itxi" dituztela Deustun (Bilbo), Zumarragan (Gipuzkoa) eta San Martinen (Donostia), eta gauza bera egin dutela Gasteizko Santiago ospitaleko larrialdiekin. Bilboko Basurtuko "bihotzeko kirurgia ixteko proiektuak aurrera" jarraitzen duela ere esan dute, eta oporraldietan "murrizketak etengabeak" direla lehen mailako arretan. Hain zuzen, lehen mailako arretaren egoera "bereziki prekarioa" dela diote sindikatuek, eta horrek beste asistentzia maila batzuetan "eragin zuzena" duela, besteak beste, ospitaleetako larrialdietan. "Larrialdietan gero eta gainkarga handiagoa dago. Osakidetzaren kategoria guztietan eta hiru lurraldeetan eragina duten egiturazko arazoak daude", azaldu dute.

Mahai sektoriala "erabat blokeatuta" dagoela ere jakinarazi dute sindikatuek, eta 2023. urterako osasunera bideratutako aurrekontua iaz gastatutakoa baino "hogei milioi txikiagoa" dela azpimarratu dute. Horri lotuta, herritarrei eskaintzen zaien osasun laguntza eskuratzea "gero eta zailagoa eta kalitate txarragokoa" da sindikatuen iritziz. "Lehen mailako arretako hitzorduek atzerapen handia dute, eta batzuetan, ez dago bermatuta aurrez aurreko arreta; EAGak ixteak edo horien ordutegiak murrizteak joan-etorri luzeagoak egitera behartzen ditu pazienteak. Gainera, ospitaleetako larrialdietako batez besteko itxaronaldia bost ordukoa da, eta bi egunetara ere heltzen da gaixoa artatu ondoren plantara eramateko epea".

Horrez gain, azaldu dute kanpo kontsulta baterako zain dauden pazienteen kopurua "sei aldiz biderkatu" dela sei urtean, proba diagnostiko baten zain dauden gaixoena "bikoiztu" egin dela 2019tik, eta kirurgien itxaron zerrendak "%36 hazi" direla hiru urtean. "Osakidetzak onartu du 11 hilabeteko atzerapena dagoela bularreko minbiziaren behaketetan, eta ebakuntza egiteko zain dauden pazienteek hilabete bat itxaron behar dutela. Osasun aseguru pribatuen kontratazioek gora egin izana da Osakidetzaren eraispenaren ondorioetako bat", adierazi dute.

Larunbatean, manifestazioak hiriburuetan

Gaurko mobilizazioen ondoren, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek manifestazioak deitu dituzte datorren larunbaterako, otsailak 25. Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo dituzte manifestazioak. Donostiakoa Bulebar parean hasiko da, 12:00etan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide