Klik!

Itsasontzien arkitektoa

Andoni Elduaien 2023ko mar. 2a, 09:15

Joakin Sudupe, berak egindako itsasontzi maketa bat eskuetan duela. (Argazkiak: Andoni Elduaien)

Joakin Sudupek (Azkoitia, 1962) duela hilabete gutxi hartu du kazetaritza munduan erretiroa, eta orain libre dituen tarte guztiak baliatzen ditu itsasontzien egurrezko maketak egiteko. Duela sei edo zazpi urte hasi zen lehen maketa eraikitzen, eta dagoeneko hiru ditu eginda. Egun, laugarren proiektua du esku artean

Eskulana egiteko beharrari tiraka

Duela urte batzuk, Sudupe Azpeitira joaten zen astean birritan zizelkatzera. "Nahi adina bete ez ninduen arren, eskulanerako gogoa nuela ohartu nintzen, nolabait eskuarekin zerbait egiteko beharra nuela". Behar horri erantzuna eman nahian murgildu zen Sudupe egurrezko maketen munduan. "Maketa bat egin nahi nuela eta, halako lan bat egiteko zer aukera zeuden begiratu nuen. Motoak, autoak, etxeak, diaporamak, itsasontziak... Aukera handia zegoela ikusi nuen, baina itsasontziak gustuko ditudanez, horiekin hastea erabaki nuen".

Lehena, Jolie Brise itsasontziarena

2017. urtean hasi zen itsasontzien maketak egiten, eta lehena Jolie Brise izeneko itsasontziarena izan zen. 1913. urteko cutter erako belaontzia da Jolie Brise, eta azkoitiarrak 1:50 eskalan egin zuen. Egun, etxeko egongelan du maketa jarrita, beira arasa baten barruan. Lehen itsasontziaren proiektua gauzatzeko, askotariko materialak biltzen zituen kit bat erosi zuen Sudupek. Ondoren amaitu dituen beste bi proiektuak ere kit-ak erosita gauzatu ditu hark.

Materiala, ezinbestekoa

Batzuetan kit-ak dakarren materiala erabili ohi du Sudupek itsasontziak egiteko, eta besteetan, berak erosten du daukan beharraren arabera. Zerra txiki batekin hasi zen lehen itsasontziaren maketa egiten, baina aitortu duenez, poliki-poliki "gero eta material gehiago" eskatu dio horrelako lan bat egiteak. Broka txikiak, lekeda mota desberdinak, egur txikiak, listoiak, pintura... "Material asko eskatzen du halako proiektu batek", azaldu du Sudupek. Haren trastelekuko lan mahaia ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko.

Arrantzontzi bat, bigarrena

Azkoitiarrak egin zuen bigarren maketa Le Fe'camp itsasontziarena izan zen. Duela 30 bat urte-edo Dikar enpresak Bergaran (Gipuzkoa) egindako maketa bat da hark egindako bigarren lana. Sudupek adierazi duenez, maketa hura lagun baten garajean egon zen hogei bat urtez, eta hark emanda erabaki zuen berak egitea. Hain justu, XIX. mendeko Ipar Euskal Herriko arrantzontzia da Le Fe'camp, eta 1:62 eskalan egindako proiektua da. Sudupek, dena den, zehaztapen bat egin nahi izan du: berak egindakoak modelismo estatikoan egindako proiektuak dira, hau da, kanpora begirako lanak. "Nik egindako itsasontziak ur gainean jarriz gero, hondoratu egingo lirateke", azaldu du.

Ideia, paperetik mahaira

Sudupek, bereziki, neguan egiten ditu proiektuak etxeko trastelekuan. "Eguraldi txarra edo etxean egoteko giroa egiten duenetan gauzatzen ditut lanok", dio hark. Lana egiteko, materialak bezainbesteko garrantzia dute planoek, eta Sudupek arbel bat du trastelekuan jarrita. Haren gainean ezarri ohi ditu itsasontzia osatzeko behar dituen planoen paperak.

"Zerbait zailagoa, probatzeko"

Denboraren poderioz, lanari trikimailu guztiak hartu dizkio Sudupek. Hori horrela, El terror izeneko 1875eko galeoi ingelesaren maketa egina du eskulangileak, "orain arteko zailena". Bi itsasontzi desagertu egin ziren Groenlandiako bideak aurkitzera joan zirenean, tartean Suduperen maketakoa. Dena den, 2016. urtean aurkitu zituzten itsasontzi horren arrastoak, urpean. 1:75 eskalan egindako maketa da.

Laugarrena, bidean

Sudupek hiru itsasontziren maketak ditu eginda, baina bidean du laugarrena ere: 1770eko Suediako kanoidun itsasontzia. Aurreko lanetan ez bezala, itsasontziaren maketa egiteko planoa besterik ez du eskuratu; gainerako pieza guztiak Sudupek erositakoak eta ekoitzitakoak dira. Itsasontziaren hezurdura egin du dagoeneko, eta orain, gainerako piezak hari lotzen ari da. Lana amaitutakoan, itsasontzietatik at, bestelako proiektu bat egingo duela azaldu: hegazkin bat egiteko ideia buruan du hark

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide