Beñat Rodriguez: "Hasieran, musikak eraman ninduen ilustrazio mundura"

Julene Frantzesena 2023ko ots. 23a, 10:37

Beñat Rodriguez. (Ane Olaizola)

Musikak ilustraziora nola, sorkuntza grafikoak musikaren hainbat generotara hala. Bi aldeko norabidean ari da lanean azkoitiarra, Hartz musika taldean eta Olrait estudioan zentratuta. Sormenaren askatasunaz nahiz mugez aritu da solasean, naturaltasunez. Otsaileko Maxixatzen aldizkariko elkarrizketa da hau:

Pasioak bi, behintzat, baditu Beñat Rodriguezek (Azkoitia, 1994): ilustrazioa eta musika. Sorkuntza du ogibide, bizibide, eta sorkuntza ikusten du gauzak aldatzeko bidetzat. Hartz musika taldeko kidea da, eta Olrait estudioa du erakusleiho. Estudioaren leloak barnebiltzen du azkoitiarraren ideala: Sorkuntza da bide bakarra.

Musikaria eta ilustratzailea. Zer nahiago? Eta zergatik?

Hori aitaren eta amaren artean aukeratzea bezalako zerbait da. Dena den, musika esango dut; izan ere, ilustrazio lanak musikaren harira iritsi zaizkit.

Zerk eraman zaitu ilustrazioaren mundura?

Betidanik erakarri izan nau mundu estetikoak, hau da, kartelek, posterrek, diskoen karatulek eta abarrek. Azkoitiko txosnaguneko festa batzordearen kartelak egiten hasi nintzen, banekielako Photoshopean pare bat txorakeria egiten. Gero hainbat enkargu hasi zitzaizkidan iristen, musika taldea zuten lagunenak eta. Egin nuen lehen disko azala Rodeo taldearena izan zen, 2017an kaleratu zuen Rodeo diskoarena, eta klabea izan zen niretzat, orduan hasi nintzelako halako lanekin interesatzen. Harrezkero, denborarekin, ikasten joan naiz.

Olrait estudioa zabaldu duzu. Zer moduzko esperientzia ari da izaten?

Gizarte Langintza ikasketak egin nituen, baina ikusi nuen hura ez zela nirea. Ondorioz, diseinuko goi mailako gradu bat egin nuen. 2015-2016 urteen inguruan hasi nintzen neure diseinuak-eta egiteko estudio propio bat sortzeko ideiari bueltaka. Estudio bat egituratu nahi nuen, nire ilustratzeko estiloa eta niri gustatzen zaizkidan gauzak bilduko zituena.

Zergatik Olrait?

Ignatius Farray komikoaren omenez jarri nion izen hori, hark asko esaten duelako "olrait". Hark dioenez, komediak bizitza salbatu zion, eta nik diskurtso berbera daukat diseinuari eta musikari, batez ere sorkuntzari, dagokionez. Izen horrek balio izan dit egiten dudan lanari bilgarria jartzeko. Gainera, Sorkuntza da bide bakarra da estudioaren leloa, egungo egoeraren aurrean bide bakarra hori dela uste baitut.

Zer lan mota egiten dituzu?

Etxean aritzen naiz sorkuntza lanetan. Batez ere, orain arte, musikarekin zer ikusia duten lanak gin ditut; posterrak, azalak, kamisetak... Azken aldian, baina, euskal kulturaren elementu batzuekin ari naiz lanean; horiek vintage moduan ilustratzen ditut. Orain dela gutxi, adibidez, Takolo, Pirritx eta Porrotxen poster bat egin nuen, eta 50eko hamarkadako kartel baten itxura eman nion. Bestalde, musikari batzuk hartu eta komiki zaharrak bailiran egin izan ditut portadetan. Musikarekin oso lotuta dago nire jarduna.

Esperimentatzen aritzen zara, beraz?

Bai, pixka bat bai. Dena den, ez dakit joera nostalgikoa daukadalako al den, baina asko gustatzen zait estetika vintage hori erabiltzea.

Gaztezulorekin elkarlanean, Kantu eskukadak ilustrazio eta testu liburuaren bigarren edizioa kaleratu duzu duela gutxi. Zer harrera izan du proiektuak?

Oso ona. Lehena 2020an atera genuen, pandemiaren urte fantastiko hartan, eta dezente harrera ona izan zuen. Ez genuen espero halako babesa jasotzerik, egia esan. Izan ere, zaila da kulturaren bueltakoa den eta atal bakoitza irakurtzen, entzuten nahiz ikusten hamar minutu baino gehiago igaro behar diren liburu batek harrera oso ona izatea. Orduko hartan ale guztiak agortu ziren, eta oraingoa ere bide beretik doa.

Nolatan gauzatu duzu Gaztezulorekin proiektua?

Editorial baterako ilustrazioak eskatu zizkidaten. Justu Gaztezulok 200. zenbakia kaleratu behar zuela eta, festa egitekoak ziren, eta jai haren kartela egin nuen. Ordurako hasita nuen nire eskukaden proiektua; hasita nengoen musika eta eskuak batuta ilustrazioak egiten. Ehun ilustrazio egitean, zerbait egin al genezakeen galdetu nien Gaztezulokoei, eta orduan hasi zen guztia.

Ilustrazio denak eskuekin dute lotura, beraz?

Diseinu ikasketak egiten ari nintzela, irakasle batek askotan esan zidan serie ilustrazioak egiteko, estilo kuriosoa nuela eta. Nire estiloa pixka bat zehazteko, elementu bat hartzea gomendatzen zidan, harekin serieak egiteko. Bi urteko ikasketa prozesuan irakasle hari ez nion kasurik egin, baina ikasketak bukatzean ikusi nuen interesgarria izan zitekeela maite nituen bi diziplinak –musika eta ilustrazioa– lotzea.

Serie potoloa osatu duzu dagoeneko, ezta?

Bai, 200 ilustrazio egin ditut jada Kantu eskukadak proiektuaren barruan. Serieen kontua ez zitzaidala gustatzen esaten nion irakasle hari, baina...

"Betidanik erakarri izan nau mundu estetikoak; kartelek, posterrek, diskoen azalek..."

Zer moduzko esperientzia izan da?

Ona. Ume bat edukitzea bezalako zerbait izan da; gazi-gozoa, gogorra eta polita. Alde batetik, gogorra izan da, eskukadak ateratzeko gustatzen zitzaidan eta gustatzen ez zitzaidan musika asko entzun dudalako. Zentzu horretan aurreiritziak alde batera utzi ditut.

Zer aurreiritzi?

Euskal gizartean oso lerrokatuta bizi gara, etiketen arabera, eta kostatu egiten zaigu hortik ateratzea. Gogoan dut, adibidez, duela urte batzuk nire adin bueltan ez zegoela ondo ikusita flamenkoa entzutea. Nik rocka entzuten dut batez ere, baina beste musika mota batzuk edo kanta batzuk entzuteko ariketa egin behar izan dut. Jendea bultzatuko nuke hori egitera.

Aberasgarria izan al da bidea?

Bai, oso. Lehen pentsaezina zen niretzat musika elektronikoa egiten duten talderen baten edo oinarri elektronikoa duten kantak egiten dituen musikariren baten kontzertura joatea. Gaur egun, ez zait axola.

Ilustrazio lanei esker, musikaren bidea urratu duzula esango al zenuke?

Hasieran musikak eraman ninduen ilustrazioen mundura, eta orain, berriz, ilustrazioek zabaldu didate musikaren aukera.

Segidarik izango al du eskukaden proiektuak?

Nik jarraitzen dut lanean. 201 eginda ditut, eta pentsatzen dut beste ehun ere egingo ditudala. Dena den, ez dakit 300era iristean beste liburu bat aterako al dugun.

"Irakasle batek askotan esan zidan serie ilustrazioak egiteko, estilo kuriosoa nuela eta"

Irakurleen aldetik, orain arte zer erantzun jaso duzu?

Oso ona. Irakurleen aldetik ez ezik, musikarien aldetik ere bai. Liburuaren aurkezpenean, esaterako, Raitx musikariak parte hartu zuen, eta hark adierazi zuen liburuaren formatuak binilo bat zabaltzerakoan egiten den liturgia gogorarazten ziola; hau da, biniloa hartu, patxadaz aztertu, ilustrazioak ikusi...

Nola deskribatuko zenuke ilustratzaile baten lana?

Prekarioa eta gogorra, nahiz eta une oso politak ere bizi. Jendeak pentsatzen du marrazkitxo bat egin eta listo dela. Askotan, beste ogibide askorekin gertatzen den bezalaxe, ilustrazio batean ez da islatzen atzean dagoen lan guztia. Musikan ere gauza bera pasatzen da, adibidez.

Dena den, bide horretan jarraitzea erabaki duzu.

Kulturan aritzen den edo aritu nahi duen pertsona orok joera masokista bat badugula uste dut. Era berean egoista ere bai, agian, barrenak hustea nahi izaten dugulako eta barruan duguna plasmatu nahi izaten dugulako. Ez kasu guztietan, batzuetan bezeroentzat lan egiten dugulako eta halakoetan adostasunera iritsi behar izaten delako. Baina lan askatzailea da nahi duguna transmiti dezakegulako.

Rodriguez eta Gaizka Izagirre 'Kantu eskukadak' lanarekin. (Gaztezulo)

Musikan ere aritzen zara. Hartz taldeko kide zara 2016tik. Zer moduzko esperientzia ari da izaten?

Ona, nahiz eta gorabeherak izan ditugun, taldekide batzuek laga egin dutelako eta berriak batu direlako. Etapa berri batean gaude orain, baxu jotzaile berri bat gehitu da taldera, eta sortze prozesuan gaude, abesti berriak egiten. Halako gauzak, baina, poliki eta lasai joaten dira, eta ikusiko dugu zer ateratzen den.

Hartz izan al da zure lehen musika taldea?

Bai. Intza Arakistain eta biok bertsio gauetan hasi ginen parte hartzen, eta hirugarren lagun bat batuta, Hartz sortzea erabaki genuen. Baditut ideia berri batzuk, bakarlari gisa aritzea adibidez, baina momentuz Hartz da nire taldea.

"Baditut ideia berri batzuk, baina momentuz, Hartz da nire taldea"

Zer da Hartz zuretzat?

Oso eroso sentiarazten nauen inguru bat. Orain osatu dugun taldearen, laguntzen digun jendearen eta entsegu lokala partekatzen dugunon artean oso giro sanoa sumatzen dut; etxe bilakatu da Hartz.

Zer musika estilo gustatzen zaizu gehien? Eta zer talde?

Ez daukat gogokoenik. Azken urteetan abestiak transmititzen duen horretan zentratu naiz, abesti jakin batean baino. Rocka eta heavy metala entzuten ditut, horien zalea naiz, baina irekita nago. Gure taldeko bateria jotzaileak, adibidez, flamenkoa oso gogoko du, eta baxu jotzaileak, berriz, funkya entzuten du; beste mundu batzuk zabaldu dizkidate horiek. Denean, baina batez ere musikaren munduan, asko lerrokatzen gara estiloetan eta, baina batzuetan Sara Zozayak dioen moduan "etzan eta ixo" egin behar genuke.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko musikaren panorama?

Panorama ez da oso ona [barrez]. Gauzak aldatzen ari dira, gero eta emakume gazte gehiago dagoelako eszenan. Dena den, toki handiek eta ertainek betikoek hartzen dituzte. Horregatik, ez dakit norainoko babesa ematen zaion lehen underground zen eszena horri, batez ere pandemia ezkero.

Konponbiderik ba al du horrek?

Hedabide handiek, esaterako, mikrofono gehiago erabili behar lituzkete. Adibidez, Shakirak atera duen azken abestia gutxiago entzun daiteke, eta herrietan zer mugimendu dagoen arreta jarri. Baina betikoa da kontua. Panorama lehen ere ez zegon txukun, eta pandemiak are gehiago azaleratu du egoera kaskarra.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide