Miren Elortza: "Norvegiako paisaiak izugarriak dira"

Andoni Elduaien 2023ko ots. 25a, 10:55

Miren Elortza (Azkoitia, 1995) Norvegiako Noresund herrian bizi da iazko azaroaren amaieraz geroztik. Herritik behin baino gehiagotan irten da atzerrira; batzuetan bisitari bezala, eta besteetan, ostalaritzan lan egitera. Bi hilabete igaro ditu Norvegiako paisaia "izugarrietan" murgilduta. Azkoitiarrak bere lehen bizipenak eta zirrarak zein diren azaldu du.

Norvegiara lanera joatea erabaki zenuen.

Neguko denboraldia Andorran lanean igarotzea zen nire plana. Dena den, lagun batzuek esan zidaten Norvegiara etortzekoak zirela Costa Bravan lan egin nuenean gure arduraduna izan zenarekin, eta pentsatu nuen niretzat ere aukera ona izan zitekeela. Arduradunari idatzi nion, eta baiezkoa eman zidan.

Costa Bravan ere lan egindakoa zara, beraz.

Udako bi denboraldi egin ditut han ostalaritzan; Sant Pere Pescador [Katalunia] herriko kanpin batean aritu nintzen lanean. Hain zuzen, hango jatetxeko jangelako arduradunaren bitartez etorri naiz Norvegiara.

Norvegiako zein lekutan zaude bizitzen?

Noresund herrian, kasik galdutako herri batean, guztiz elurtutako mendi batean. Guztia elurretara bideratuta dago hemen, Norefjell Skisenter izeneko eski estazioari lotuta baitago herria. Nik lan egiten dudan konpainiak kudeatzen ditu eski estazioko hotela, spa eta jatetxea. Oro har, gustura nago hemen, Norvegiako paisaiak izugarriak dira eta. Alboan izoztutako aintzira erraldoi bat dago, eta auto lasterketak-eta egiten dituzte haren gainean.

Zein da zure lana?

Zerbitzari lana egiten dut jatetxean, baina aparteko ordu batzuk ere egiten ditut hotelean. Lan egiten dudan jatetxea, moduren batean esatearren, mendian dagoen luxuzko McDonalds baten antzekoa da. Hoteleko lana askoz ere eleganteagoa da, handiagoa eta desberdina.

Zer nolako herrialdearekin egin duzu topo?

Ez dut aukera gehiegi izan herrialdea ezagutzeko. Dena den, bada harritu nauen kontu bat. Birziklatzeari eta energia berriztagarriei dagokienez, Norvegia punta-puntan dagoen herrialdea dela uste nuen, baina hemen ez dela ezer birziklatzen ikusi dut. Freskagarrien latak eta botilak soilik birziklatzen dituzte, eta hori egiten dute bueltan dirua ematen dutelako.

Nolakoa da Norvegian neguan bizitzea?

Ordu gutxi izaten dira hemen egun argian. Norvegiara iritsi ginenean, 15:30 inguruan ezkutatzen zen eguzkia; argitu, berriz, 08:30-09:00 aldean egiten zuen. Hasieran arraroa egiten zitzaidan egoera, baina denborarekin ohitzen joan naiz. Gainera, orain hasi da eguna zerbait luzatzen.

Zer egiten duzu denbora librean?

Lanetik jai dudan egun guztietan, lagunekin eskiatzera joaten naiz, forfait-a doan baitugu; ahal dugun guztietan eskiatzen dugu. Bestela, arratsaldeetan trago batzuen bueltan elkartzen naiz lagunekin.

Zergatik jotzen duzu atzerrira lan bila?

Lan baldintzak ezin dira alderatu. Hemen, zortzi orduko lanaldia dut, guztia kotizatzen dut, soldata daukat... Euskal Herrian jendeak sos batzuk ateratzera dago bideratuta ostalaritza; ez dira gerturatu ere egiten Costa Bravan edo Norvegian eskaintzen dituzten lan baldintzetara. Gainera, desberdina da oporretan dagoen jendearekin edo egunero jende berarekin lan egitea. Nahiago dut oporretara joandako jendearekin lan egitea.

Etxera itzultzeko asmoarekin joan al zara?

Apirilaren 20an amaitzen da eski denboraldia Norvegian, orduan itxiko dituzte-eta eski pistak. Ekainean, ordea, udako denboraldia hasiko da, eta langileok aukera izango dugu udan ere lan egiteko; izan ere, mendi ibilaldiak, rafting-a eta antzerako ekintzak egiteko aukera dago. Maiatza Azkoitian igarotzeko asmoa dut, baina ez dakit udan zer egingo dudan. Beharbada, Costa Bravara joango naiz, baina, bestela, Norvegiara itzuliko naiz. Argi dudana da herritik irtengo naizela.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide