Itsasne Fernandez: "Oso onuragarria da haurrak txikitatik musikara hurbiltzea"

Ane Olaizola 2023ko ots. 9a, 09:42

Itsasne Fernandezek (Hondarribia, Gipuzkoa, 1991) Musika Hezkuntza Goiztiarra irakasten du Azkoitiko Bizkargi musika eta dantza eskolan, duela lau urtetik.

Zer da Musika Hezkuntza Goiztiarra?
0 eta 3 urte bitarteko umeei zuzendutako programa da. Musika tresnen, ahotsaren zein entzumenaren bidez, askotariko gaitasunak garatzen dituzte umeek saioetan. Horrez gain, musika maitatzeko gogoa piztea ere bada helburu nagusietako bat.

Saioak ordubetekoak izaten dira, eta adinaren arabera osatzen ditugu taldeak. Batetik, 0-2 urtekoak beren gurasoekin edo senideren batekin etortzen dira eskoletara, haiek ere esperientzia parteka dezaten. Modu horretara, umearen eta senidearen arteko alderdi afektiboa ere lantzen dute. Bestetik, 3 urtekoak bakarrik etortzen dira saioetara. 

Zer egiten duzue eskoletan?

Guk erabiltzen dugun metodoak nire eta gurasoen ahotsa ditu oinarri, eta hortik abiatuta, haurraren entzumena garatzen da. Horretarako, tonalitate eta modalitate guztiak erabiltzen ditugu, baita errezitatuak ere: melodiarik erabiltzen ez dugun ariketak izaten dira horiek, zeinetan erritmoa eta metrika lantzen diren. 

Klasean zehar, berriz, beti aritzen naiz abesten; oso arraroa da nik saioetan hitz egitea. Keinuen eta musikaren bidez komunikatzen naiz. Beraz, klaseen bidez astero ordubetez egoten gara musikan guztiz barneratuta. Noizean behin, grabatutako kantuak ere entzuten ditugu, baina gehienetan unean-unean aritzen naiz abesten.

Umearekin doan senidearen rola, berriz, zein da?

Familiakoen zeregin garrantzitsuena izaten da umeari laguntzea, arlo musikala garatzeaz harago. Umearen bidelagun izan behar du helduak, baita umearen eredu ere. Izan ere, umearen isla eta ardatza izango da senide hori, haurrak beti begiratuko baitio hari. Oso garrantzitsua da, beraz, senideek klasean jarrera aktiboa izatea. Esaterako, nik patroi erritmiko jakin bat botatzen badut, helduek ere erantzun behar dute. Umea aurreneko etapetan badago, oso garrantzitsua da senideek ere erantzutea, haurrak uler dezan berak gauza bera egin behar duela. Gurasoak, haurraren ispilua izateaz gain, segurtasuna emango dio hari, konfiantzazko pertsona baitu ondoan. 

Musikari dagokion arloaz gain, zer beste gaitasun barneratzen dituzte umeek?

Kognitiboak, psikomotorrari dagozkionak, fonologikoak... Afektiboak ere bai, noski, 2 urtera arteko umeak senideekin etortzen direlako, eta beraz, haiekin harremana indartzeko beste modu bat delako. Musika Hezkuntza Goiztiarraren bidez, orduak lanean igarotzen dituzten gurasoek astero ordubete izaten dute seme-alabarekin bakarrik egoteko, eskuko telefonorik eta bestelako distrakziorik gabe. Harremana indartzeko eta musikarekiko maitasuna pizteko oso baliagarria da egitasmoa. Ikusi ditut motibo ezberdinak tarteko saioetara etorri diren senideak eta tailerraren amaierarako beren arteko hartu-emana asko indartu dutenak. Hori ikustea oso polita da. 

Gurasoen artean, zer harrera izaten du programak?

Gurasoek, normalean, sorpresa hartzen dute. Izan ere, oso onuragarria da umeak txiki-txikitatik musikara gerturatzea. Gurea ez da ezagutzen dugun musika hezkuntza bezalakoa; esperientzia bat da, eta esperientzia horren bitartez joaten dira umeak garatzen: musikalki, entzumena garatzen dute, baina lehen aipatutako beste arloak ere lantzen dituzte. Interesa duen edonor etor daiteke saio bat probatzera, konpromisorik gabe. 

Musika Hezkuntza Goiztiarra esperientzia bat dela esan duzu. Horrek laguntzen al du umeak musikara gerturatzen?

Musika Hezkuntza Goiztiarrean musika ez da lotzen lanarekin edo eginbeharrekin, bestelako hezkuntza motetan egiten duten bezala: hau da, eskoletara joan beharrarekin, fitxak bete behar izatearekin... Kasu honetan, umeak musika saioetara joaten dira, eta denborarekin hainbat eduki barneratzen dituzte. Etorkizunerako erremintak eskaintzen ditugu gurean.

Egiaztatuta al dago Musika Hezkuntza Goiztiarrak umeei onurak eragiten dizkiela?

Edwin Gordon kontrabaxu jotzaile estatubatuarrak 80ko hamarkadan ikertu eta garatu zuen metodo hori. Frogatu zuen umeek saio horien bitartez musika ikasten dutela hizkuntza bat bailitzan. Noski, badakigu musika hizkuntza bat dela, baina hark egiaztatu zuen musika 0 urtetik ikas daitekeela, beste hizkuntza bat bezala. Horretarako, oso garrantzitsutzat jotzen da irakaslearen kantua, umeek entzunez ikasten baitute. Haurrek ikasitako edukia arlo teorikora eramaterakoan, barneratuta izaten dute. 

Musika Hezkuntza Goiztiarra egitasmo berria izanik, asko al dira programa hori eskaintzen duten musika eskolak?

Badakit Gipuzkoan, Astigarragako, Donostiako edota Irungo musika eskoletan eskaintzen dutela, baina oraindik ez da oso ohikoa; oso berria da gure artean. Gainera, Musika Hezkuntza Goiztiarra eskaintzen dugun zentro denok ez dugu metodologia bera erabiltzen, eta denak ez daude homologatuta. 

Azkoitikoa homologatuta al dago?

Bai, eta oso garrantzitsua da hori, kalitatea bermatuta dagoela erakusten duelako horrek. Emaitzak argi ikusten dira umeengan. Oraindik zabaltzen ari da hezkuntza mota hau, baina saioetara etortzen direnak geratu egiten dira. Horrek segurtasuna ematen dit. Eta gurasoek ere ikusten dituzte emaitzak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide