Joseba Beristain: "Pozik nago Goya sarien parte izango naizelako"

Andoni Elduaien 2023ko ots. 9a, 08:32

Joseba Beristain, bere estudioan. (Andoni Elduaien)

Larunbat goizean egingo du bidaia Joseba Beristain musikari azkoitiarrak Sevillara, Espainiako hiri horretako FIBES Erakusketa eta Kongresuen jauregian banatuko baitituzte 2023. urteko Goya sariak. Jatorrizko abesti onenaren Goya saria lortzeko hautagaia da musikari azkoitiarra, baina adierazi du dagoeneko "saria" dela harentzat galako partaide izatea.

Etzi, larunbata, banatuko dituzte 2023. urteko Goya sariak, eta sariren bat eskuratzeko hautagaien artean dago Joseba Beristain musikari azkoitiarra. Hain zuzen, jatorrizko abesti onenaren Goya saria lortzeko hautagaietako bat da Beristain Unicorn Wars filmerako egindako Batalla abestiarekin. Saria lortzeko hautagaien artean egotea "sorpresaz" hartu zuen Beristainek. "Abesti asko zeuden aurre-hautaketa prozesuan, eta gainera, artista ezagunen abestiak. Ezustean hartu nuen berria, eta horregatik poz bikoitza hartu nuen". 

Pertsonalki "ondo, gustura eta pozik" sentitzen da Beristain jaso duen izendapenagatik. "Zine munduan aritzea zaila da, eta beraz, pozgarria da halako aitortzak jasotzea. Ospatzeko eta sektoreko kideekin egoteko aukera izango dut asteburuan; pozik nago Goya sarien parte izango naizelako", adierazi du hark.

Zapatuan joango da musikari azkoitiarra Sevillara (Espainia), eta igandean itzuliko da berriro etxera, ahal badu esku artean saria duela. Aurreneko aldiz dago azkoitiarra Goya sarietarako hautagaien artean, baina orain arteko edizioak "gertutik" jarraitu izan dituela aitortu du. "Aurten, Goya sarien gala bertatik bertara ikusteko aukera izango dut, baina, normalean, urtero-urtero ikusten dut etxean. Gertutik jarraitzen dut gala, nork irabazten edota parte hartzen duen ikusteko edota ezagunik ba al dagoen edo ez jakiteko".

Bost abestiren artetik aterako da jatorrizko abesti onenaren Goya saria. Joseba Beristain musikari azkoitiarraren Batalla abestiaz gain, honako lau kanta hauek daude saria lortzeko hautagaien artean: Eduardo Cruzek eta Maria Rozalenek En los márgenes filmerako egindako abestia; Aranzazu Callejak, Maite Arroitajauregi Mursegok eta Paul Urkijok Irati filmerako egindako Izena duena bada abestia; Paloma Peñarrubiak eta Vanesa Benitezek La vida Chipén filmerako egindako Un paraíso en el sur abestia, eta Joaquin Sabinak eta Leivak Sintiendolo mucho filmerako egindako abestia.

Musikariak dio badituela aukerak saria irabazteko, baina hautagaien artean izen handiak ikusten ditu hark. "Hautagaien artean daude, batetik, Joaquin Sabina eta Leiva, eta bestetik, Rozalen eta Eduardo Cruz. Espainia mailan pisu handia duten pertsonak dira horiek guztiak, eta gainera, Goya sariak irabazitakoak dira. Aukerak baditut sariak irabazteko, baina probabilitatea ez da horren handia. Dena den, ez dit gehiegi axola saria irabazteak. Izendatuta egotea eta han bertan ospatzeko aukera izatea sari handia da niretzat". Goya sarien moduko galetan diskurtsoak ere pisu handia izan ohi du, eta Beristainek azaldu du "zerbait pentsatuta" duela. "Prestatuta edukitzea asko esatea da, baina, bai, zerbait pentsatu dut badaezpada", adierazi du.

Unicorn Wars eta Loop

Beristainek Unicorn Wars animaziozko filmerako eta Loop animaziozko film laburrerako abestiak eta soinuak ere ekoitzi ditu. Hain justu, Goya saria lortzeko hautagaien artean daude bi lan horiek. Animaziozko film onenaren saria lortzeko hautagaia da Unicorn Wars, eta animaziozko film labur onenaren saria lortzeko hautagaia Loop lana.

Lan horietako bat saritzen badute, saria "berea" bezala hartuko duela azpimarratu du Beristainek. "Bi proiektuetan parte hartze zuzena izan dut. Loop lanarekin horrenbeste sari jaso eta gero, orain Goya saria lortzea filmaren ibilbideari amaiera ezin hobea ematea litzateke".

Bestalde, azkoitiarrak nabarmendu nahi izan du hamar euskal proiektu daudela Goyaren bat lortzeko hautagaien artean, eta hori "ospatzeko kontua" dela adierazi du. "Ez dakit sektorearen adierazleetako bat den sariketa hau, baina balioa emateko modukoa da hamar euskal proiektu saria lortzeko hautagaien artean egotea".

Era berean, Goya sariak lortzeko bost izendapen lortu ditu Irati filmak. Hain justu, Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarra da film horretako aktoreetako bat (Eneko Ximenez). Egokitutako gidoi onena, jatorrizko musika onena, jatorrizko abesti onena, jantzigintza diseinu onena eta efektu berezi onena Goya sariak lortzeko hautagaia da film hori.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide