Martxan da Azkoitiko Udalaren Emakume eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana. Udalbatzak joan zen astean onartu zuen aho batez, eta aurtendik 2027ra arte iraungo du. Udalak adierazi duenez, herriaren eta udalaren egoerak aztertuta nahiz alde bietako herritarrek osatutako parte hartze prozesu baten bidez diseinatu dute plana, eta han zehaztutako helburuek, programek zein ekintzek konpromiso politikoa, teknikoa zein herritarra galdegiten dute. "Plan honek ezin du ezerezean geratu. Erakundeetako ordezkariok, udaleko langileek nahiz teknikariek eta herritarrek hartu dute parte planaren lanketan, eta orain, bigarren zatia dator. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna erreala izatea nahi badugu, plana garatzen joan behar dugu", esan zuen Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak udalbatzarrean.
Begoña Gorostiaga Berdintasun teknikariak azaldu duenez, orain artekoaren jarraipena izango da hirugarren gidaliburua, baina onartu berri dutena aurrekoaren aldean "orokorragoa" dela adierazi du teknikariak, eta horrek plana bera "egingarriagoa" egiten duela azpimarratu. "Plana egiterakoan, modu orokorrean pentsatu genuen zer egin nahi genuen, eta arloz arlo pentsatu dugu zer ekintzari eman lehentasuna". Izan ere, haren arabera, Berdintasunerako Plana eskutik doa udalaren sail horrek dituen baliabideekin: "Plana bultzatzeko beharrezkoa da Berdintasun Sailak egitura sendoa izatea, eta departamentu hori indartzen ari da oraindik. Aurreko planean, ekintzak oso zehaztuta jasotzen ziren, eta ez zen posible izan guztiak gauzatzea. Orain, berriz, Berdintasun Saila indartzen doan heinean, osatzen joan da Berdintasunerako Plana". Gorostiagak jakinarazi duenez, azken plana %65ean bete zen, gutxi gorabehera.
Zubillagak zein Gorostiagak azpimarratu dute lana ez dela soilik Berdintasun Sailari dagokiona, erakunde osoari baizik: "Berdintasuna zeharkako gaia da, denoi eragiten digu. Udaleko sail guztien eta udala osatzen dugun pertsona guztion inplikazioa eskatzen du. Borondatetik harago doa, bete beharreko legezko agindua baita".
Gidaliburua osatzeko bidean, elkarrizketak egin dituzte udaleko hainbat langilerekin, eta hango talde eragile batek kudeatu du prozesua. Inkestak ere egin dizkiete herritarrei, eta elkarrizketak eragileei; tartean, emakume migratzaileei ere bai. "Gure asmoa izan da ahalik eta pertsona gehienek parte hartzea, hortik ateratako informazioarekin diseinatu dugulako plana". Teknikariaren hitzetan, ehun pertsona baino gehiagok eta 11 kolektibok egin dute ekarpena planean.
Aurrenik, "etxea antolatu"
Emakundek indarrean duen plan orokorra (EAEko Berdintasunerako VII. Plana) aintzat hartuta zehaztu ditu Azkoitiko Udalak bere planaren irizpideak eta lan estrategiak. Hain zuzen, Emakundek proposatutako lau ardatzak dira Azkoitiko planak jaso dituenak ere: gobernu ona; emakumeen ahalduntzea; eskubideak bermatzeko, ekonomiak eta gizartearen antolakuntza eraldatzea; eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzak.
Guztira, lau esparru horietan eragiteko 11 programa, hogei helburu eta 60 ekintza aurreikusi dituzte, eta teknikariaren hitzetan, gobernu onaren ardatzak aparteko arreta izango du. Hain zuzen, bertan txertatu dituzte programa, helburu eta ekintza gehien. "Lanketa indartsua egin behar dugu udal barruan. Askotan, herritarrentzat garatzen ditugu programak eta ekintzak, baina lehenengo gure etxea antolatu behar dugu". Besteak beste, berdintasunerako konpromiso politikoa indartu nahi dute, eta parte hartzea sustatzeko programak garatuko dituzte: "Hor sartzen da, esaterako, Azkoitian Emakumeen Mahaia berriz aktibatzea, gaiari herritik bultzada ematea interesatzen zaigulako. Gure asmoa da mahaia berriz martxan jartzea, baina epe luzera egingo dugu hori, konplexua ere badelako".
Horrez gain, udaleko langile guztientzako prestakuntza saioak eskainiko dituzte, horiek berdintasun irizpidea eta genero ikuspegia txerta ditzaten egunerokotasunean. "Langile guztiak sentsibilizatu nahi ditugu, eta haien formazioan ere jarriko dugu arreta, besteak beste, legeak agintzen dieten kontratazioak-eta egiteko ezagutza osoa izan dezaten; adibidez, berdintasun klausulei dagokienean". Berdintasun teknikariaren lanpostua egonkortzea ere bada gobernu onaren ardatzean aurreikusita duten ekintzetako bat.
Emakumeen ahalduntzerako programak antolatzen ere jarraituko dute, eta sareak sortu nahi dituzte herriko eta migratzaile diren emakumeen artean. Horrez gain, bakardadea saihesteko edota zaintzaileentzako jarduerak abian jarriko dituzte. Bestalde, Azkoitiko emakumeen memoria berreskuratzea ere badu xede udalak, eta planaren bidez, horretan sakonduko du datozen urteetan: "Herriko zenbait emakumeri aitortza egin nahi diegu, eta ekintzak sustatuko ditugu haien lana ikusarazteko".
Ekonomia eta gizartearen antolakuntza eraldatzeari dagokion arloan, ikastetxeekin lantzen duten Hezkidetza programak "garrantzi berezia" du udalarentzat. Aurten amaituko da programaren kontratua, eta beraz, udalak berriz lehiaketara aterako du.
Bestalde, indarkeria matxistaren prebentzioan sakonduko du Berdintasunerako Planak, eta teknikariak azaldu du udalak "erronka handi bat" duela ardatz horretan. Izan ere, Eusko Legebiltzarrak iaz Berdintasun legea onartu zuen, eta Eusko Jaurlaritzak duela gutxi aurkeztu du indarkeria matxistaren biktimen arreta hobetzeko erakundeen arteko III. akordioa. Beraz, udalak orain eguneratu egin beharko ditu horri lotutako protokoloak.