Urolako trenari buruzko diapositiba emanaldia izango da ostiralean Elkargunean

Andoni Elduaien 2023ko urt. 30a, 11:05

Urolako trena, Azkoitiko tren geltokian.

Ostegunean, otsailak 2, 35 urte beteko dira Urolako trenbidea behin betiko itxi zutenetik. Urteurrena aitzakia hartuta, Sabino Legarda-Ereño legazpiarrak eta Iñaki Galdona urretxuarrak Urolako trenari buruzko diapositiba emanaldia eta hitzaldia eskainiko dute ostiralean, Elkargunean (19:00).

Datorren ostiralean, otsailak 3, Urolako trenari buruzko diapositiba emanaldia egingo dute Azkoitiko Elkarguneko Herriko Plaza aretoan, 19:00etan. Urolako trena. Bidaia bat iraganera izeneko saioa eskainiko dute Sabino Legarda-Ereño legazpiarrak eta Iñaki Galdona urretxuarrak. Legarda-Ereñok trenari buruzko diapositibak proiektatuko ditu eta azalpenak Galdonak emango ditu. Hain justu, trenbideko langilea izan zen Galdona.

Urolako trenak Urola ibaiaren haranean barrena egiten zuen bidea, Zumarraga eta Zumaia artean (36,6 kilometro), Azkoititik igaroz. Trenbidea egiteko, 29 tunel eta hogei zubi eraiki zituzten, eta Espainiako Estatuko lehen linea elektrikoa izan zen. Trenbidea 1926ko otsailaren 22an inauguratu zuen Alfontso XIII.a Espainiako erregeak. Trena asmo handiekin sortu zuten: garraiobide modernoa, erosoa eta azkarra eskaintzea zen helburua. 160 langile izatera ere iritsi zen bolada batean trena, eta ia milioi bat bidaiari hartu ohi zituen urtero.

60 urteren ostean, 1986ko udazkenean bukatu zen trenbidearen ustiapena, eta orduan egin zuen azken bidaia ere; behin betiko itxiera, berriz, 1988ko otsailaren 2an iritsi zen. Hain justu, ostegunean beteko dira 35 urte itxiera hartatik. Urolako bizilagun asko agertu zen erabaki haren aurka, baina Eusko Jaurlaritzak erabakiarekin aurrera egitea erabaki zuen.

Trenbideak eta katenaria desmuntatu zituzten, eta ondoren, bost kilometroko zati batean (Azpeitia eta Lasao artean) berriz jarri zituzten, Trenbidearen Euskal Museoko lurrunezko trena haren gainean erabiltzeko. Linearen garajea eta lantegiak museoaren egoitza izatera pasatu ziren. Trenbidearen ordez autobus linea bat jarri zuten gero, eta egun ere indarrean jarraitzen du horrek. Tren hark egiten zuen ibilbidearen zatirik handienean, berriz, bidegorria dago egokituta egun.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide