Urolako trenak Urola ibaiaren ibarrean gora egin du Legazpiraino, Zumarraga eta Zumaia artean egiten zuen ibilbidea gogoratzeko. Duela 37 urte egin zuen azken bidaia hain kutuna zen tren hark, baina gipuzkoar askoren oroimenean sakon gordeta dago oraindik ere.
Sabino Legarda-Ereño legazpiarrak eta Ignacio Galdona urretxuarrak imajinario hura berpiztu dute, diapositiba batzuk eta proiektore zahar bat tarteko. Legazpin egin zuten lehen emanaldia, urtarrilaren 13an, Iraganera bidaia izenburuarekin, eta ondoren etorriko dira Zumarraga-Urretxukoa, Azkoitikoa, Azpeitikoa, Zestoakoa eta Zumaiakoa. Trenbidea gogoratzea dute helburu, eta belaunaldi gazteen artean ezagutzera ematea. Aldarrikapenerako tartea ere gorde dute.
Orduko baliabide teknikoak
Trena bera, geltokiak, bidaiariak, Urola ibaia, itsasoa, paisaiak… Urolako trenaren Zumarraga eta Zumaia arteko ibilbidearen inguruan sortu zen ekosistema da diapositiba sorta horren muina, eta duela 37 urte itxi zuten trenbidea gogoratzeko eta ezagutzera emateko helburuarekin berreskuratu du Legarda-Ereñok, 1980ko hamarkadaren hasieran atera zituen 150 irudi baino gehiagoren bitartez. Angel Muruaren laguntzarekin, ganbara batetik erreskatatutako proiektorearekin erakusten ditu diapositibak, Jose Mari Azpeitiak aukeratutako musikaz lagunduta.
Irakurri erreportajea osorik Gipuzkoako Hitzaren webgunean.