Donostiako San Telmo museoko teknikaria da Josune Uribe (Azkoitia, 1969). 1999. urtean egin zuen lehen aldiz ordezkapen bat han. 2007an museoa itxi egin zuten eraberritze lanak egiteko, eta 2011n zabaldu zituen berriz ateak guneak. Orduz geroztik da azkoitiarra museoko teknikaria.
San Telmo museoko teknikaria zara. Noiztik?
San Telmo museoan hasi aurretik, hiru urte egin nituen Madrilgo Fundación Telefónican; gidari lanetan eta liburutegiko katalogazioan aritzen nintzen. Azkoitira itzultzea erabaki nuen 1999aren amaieran, eta ordezkapen bat egiten hasi nintzen museoan. Egun, aldi baterako erakusketen sailean bi teknikarik egiten dugu lan, baina ordezkapena egiten hasi nintzenean, lagun bat bakarrik aritzen zen. Gero, pare bat urtez egin nuen lan liburutegietan, Azkoitiko Aizkibelen barne, baita Donostiako Udalerako erakusketa proiektu berezi batean eta erakusketak antolatzen zituen enpresa pribatu batean ere. San Telmo museoan lana sortzen joan zen, eta kanpoko kontratazioak tarteko, museoan sartzen joan nintzen pixkanaka. 2007an, itxi egin zuten eraikina berria eraikitzeko eta proiektu berria errealitate bihurtzeko. Orduan murgildu nintzen buru-belarri proiektuan, eta 2011n ateak berrireki ondoren, museoaren organigrama aldatu eta sail berriak sortu zituzten. Aurrekontua eta pertsonala handitu zituzten, eta erakusketetako teknikari bat izatetik bi izatera igaro ginen.
Zein dira zure ohiko eginkizunak? Nola sortzen eta garatzen duzue museoaren behin-behineko erakusketa bat?
Erakusketa ireki baino hilabete batzuk lehenago hasten da nire zuzeneko lana, beste sailekin koordinatuta. Lehenik, kronograma bat osatzen dugu, erakusketa data zehatz batean irekitzen baita. Ideiak eta edukiak paperean jasota hasten da bidea; normalean, komisario batek egiten du lanketa hori, harik eta erakusketa errealitate bihurtzen den arte. Obren eskaerak egin behar izaten dira, batzuetan, partikularrei, eta beste batzuetan, entitateei. Bi kasuetan ere nahiko luzea izaten da prozesu administratiboa. Gero, hitzarmenak sinatu behar izaten dira, eta Kontserbazio Sailarekin batera, obrak uzten dizkiguten horien baldintzak zein diren ikusi. Ondoren, aseguruak egiten dira eta bakoitzari ziurtagiria bidaltzen zaio.
Bien bitartean, fitxa teknikoak idazten, testuak jaso nahiz irakurtzen, horiek onartzen eta itzultzera bidaltzen dira. Guztiak gorputza har dezan, eduki horiei forma museografikoa eta grafikoa emango dion diseinatzailea edo dioten diseinatzaileak ere aukeratu behar izaten dira, baita irudi nagusia landu ere. Azken batean, sormen ariketa bat da guztia; arkitektura edo kultur proiektu bat gauzatzen den eran egiten dugu guk ere behin-behineko erakusketa bat. Guztiaren ardatza exekuzio proiektua da: erakusketa nolakoa izango den ikusten da, haren kokapena, expografiaren eta euskarrien materiala... Hori egindakoan, aurrekontua zehazten da. Bitartean, garraioa, muntaia eta desmuntatzea lotu behar izaten dira; lanketa hori kualifikatutako pertsonalak egiten du. Konplexua da behin-behineko erakusketa bat ideiatzea, koordinatzea eta ekoiztea.
Aldi berean, beste erakusketa batzuk izan beharko dituzu buruan.
Bai, noski. Oraintsu, hilabete baten buruan, hiru erakusketa ireki ditugu. Argazki erakusketa bat ia guztiz prestatuta iritsi zaigu. Beste bi erakusketak, ordea, lan gogorrak izan dira, euskarri desberdinetakoak izan direlako eta gauza desberdin asko biltzen zituztelako. Batzuetan ez da erraza izaten komisario batzuekin lan egitea. Komisario eta artista askok sormen gaitasun handia dute, baina San Telmo museoa erakunde publikoa den heinean, bere arauak, bere publikoa eta bere aurrekontua ditu. Gainera, kudeaketak bere epeak ditu. Museoak ezin dio artistari edota komisarioari gauzak nahieran egiten utzi, nahiz eta batzuetan, hark bezala pentsatu.
"Zortea edukitzea da Artearen Historia ikasi eta erakusketak koordinatzen lan egitea"
Lanak esanahi berezia izango du zuretzat.
Artearen Historia ikasketak egin nituen bokazioz, eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoan espezializatu nintzen arlo horretarako. Gogoan dut ikasketa horiek neskatoenak zirela esan ziotela behin nire amari; Historia edo Biologia ikasketak egiten zituztenek etorkizunean ez zutela lanik izango esan ohi zen. Nahiz eta esfortzu baten ondorioa izan, zortea da Artearen Historia ikasi eta erakusketak koordinatzen lan egitea. Plazera da niretzat, gustatu egiten baitzait egiten dudana.
Zer da zuretzat San Telmo?
22-23 urte daramatzat han, eta hein batean, neure ere sentitzen dut. Lantaldean guztiok ezagutzen gara, emakume asko gara, eta esan dezaket familia bat ere badela. Eztabaida batzuk izaten ditugu tarteka, baina lotura handia dugu guztion artean, batzuetan pertsonala ere bai. Museoa bera ere maite dugu.
Oroitzapen bereziak sortzen dizkizu iraganak. San Telmo museoa aldatu egin da, ordea. Hoberako?
Egun, XXI. mendeko museoa izan nahi du San Telmok. Lehen, museo etnografikoa eta beste funtsen nahasketa bat zen; horrek zuen pisurik handiena. Egun, gizarteko museoa izatea nahi du museoak, batetik, euskal gizartearen historia objektu batzuen bitartez erakutsiz, eta bestetik, jarduerekin, tailerrekin nahiz bisitekin inguruarekin askotariko harremanak sortuz. Inguruarekin konektatu dugu, edo horretan saiatzen gara, behinik behin.
Zer helbururekin gauzatu ditu aldaketa horiek?
Jendea San Telmora joatea helburu izanik, herritarrei ireki zaie museoa eta horiei hara joateko beldurra kendu zaie. Pandemiak jarduera guztietan eragin du, eta guk ere asko ikasi dugu. Hainbat jarduera online edo streaming bidez eskaintzen hasi gara; adibidez, bildumen zati bat jarri da online, baita bisita birtualak egin ere. Ahal duguna egiten ari gara mundu horretara egokitzeko. Bisita birtualen kontua garrantzitsuak iruditzen zait museoa zer den ikusteko, baina museoa eta bere edukiak gozatu egin behar dira; esperientzia hori eduki beharra dago.
"San Telmo museoa eta hango arte ederrak ikusi eta gozatu egin behar dira"
Zer ezaugarrik egiten dute berezi San Telmo?
Euskadiko zaharrena da, oraintsu egin ditu 120 urte. Izandako gorabehera guztiekin, bere lekua egiten ari da. Guggenheim dugu ondoan, baita Tabakalera, Bilboko Arte Ederren museoa eta Artium ere. Bakoitza bere publikoa bereganatzen saiatzen da, eta gu pultsua hartzen ari gara horien guztien ondoan. Bilduma asko eta denetarikoak ditugu, eta San Telmok gizarterako diskurtsoa egiten asmatu du horrekin. Arte Ederrak mantendu ditugun arren, saiatu gara behin-behineko erakusketetarako gure inguruarekin nahiz gizartearekin zerikusia duten gaiak hautatzen. Noizbehinka, gure bildumako zatiak ateratzen ditugu edo dohaintzan jasotako bildumak erakutsi. Dena den, gizarteko museo bat da San Telmo. Horren adibide da gure hilerrien bilduma ezaguna, suizidioari buruzko jarduerei buruzko abiapuntua izan baita.
Zer-nolako edukiak ikusi ditzake bisitariak han?
Bi erakusketa mota daude ikusgai museoan: batetik, erakusketa iraunkorra, eta bestetik, behin-behineko erakusketak. Azken horiek areto nagusian, areto berrian, kaperetako aretoetan eta Laborategia aretoan daude. Erakusketa iraunkorrean Euskal Herriaren historia kontatzen da sozialki. Era berean, XIX. eta XX. mendeko euskal artea eta XV. mendetik XIX. mendera arteko Europako artelanak ikus daitezke. Ondare aldetik ere sekulako eraikina da San Telmo, XVI. mendeko domingotarren komentua baita. Egundoko eliza eta klaustroa ditu, eta Josep Maria Serten mihise famatuak ikus daitezke bertan.
Bilduma zabala duzue, 35.000 pieza baino gehiago.
Kopuru horretatik 10.000 pieza baino gehiago etnografikoak dira, 8.000 edo 9.000 pieza arte ederretakoak eta beste 8.000 bat pieza historikoak. Horrez gain, milaka argazki ditugu. Erakusten duguna, ordea, ez da %10era iristen. San Telmo zaharrean biltegi asko genituen; egun, Transitoa deitzen diogun areto berezi bat dugu. Lanak museora sartu aurretik edota lanak handik irten baino lehen egoten dira biltegi horretan. Obren %90, gutxi gorabehera, Gordailuan izan ohi dugu, Irunen [Gipuzkoa]. Gaur egun, museoek kanpoko biltegietan dute bildumen kopuru handiena.
"Lan kuriosoa eta dibertigarria da niretzat San Telmo museoan egiten dudana"
Zeintzuk dira San Telmo museoaren etorkizuneko erronkak?
Jendea museora joatea da erronka nagusia, herritarrek esperientzia fisikoa, zentzumenezkoa eta emozionala izatea. Guztia ezin da pantailen bidez egin; hori alde batera uzten ikasi beharra dago. Mundu horretara begira jarri da gizartea egun, baina benetako esperientzia horiekin batera bizi beharra du pantaila aurreko esperientziak. Martxoan, Los nuevos 90 erakusketa irekiko dugu, eta, besteak beste, okupa eta gaztetxe munduak aurkeztuko ditugu. Orain, Indésirables erakusketa dugu, gatazka politikoak eta arte instalazioak oinarri dituena. Gure helburua da egungo gaiak eta iragana uztartzea, bata ezagutu gabe ezin baita bestea ulertu.
Eta zein dira museoari begira dituzun desirak?
Ez nuke nahi jendeari ahitutako edo guztiz aletutako produktu bat eskaintzea. Kalitatezko produktua eskaini nahi dugu. Pertsona bat museo batera zerbait ikustera joaten bada eta hark gai hori ez badu behar beste kontrolatzen, esfortzua egiteko eskatuko nioke. Errugbiko partida bat ikustera joaten baldin banaiz, eta han zerbait ulertzen ez baldin badut, inguruan galdetuko nuke, baina sekula ez nuke atzera egingo. Gauza bera eskatuko nieke museoetara joaten direnei; jarrera irekiarekin eta aktiboarekin joateko.