Hainbat enpresak eraiki nahi dituzten parke eolikoek lehen lerroan jarri dute energia berriztagarrien, eta zehazki, eredu eolikoaren afera. Energiaren deskarbonizazioaren bidean, erregai fosilen alternatiben bilaketak bide eman die proiektu eolikoei, eta horren adibide da Euskal Herrira iritsi den oldea; 43 parke eoliko instalatzeko eskariak tramitatzen ari da egun administrazioa. Azkoitia ez da salbuespena: egoitza Madrilen duen Capital Energy enpresa multinazionalak Buruzai proiektua gauzatu nahi du Oleta mendian; bi aerosorgailu Azkoitiko udalerriari dagokion eremuan jarri nahi dituzte, eta beste bana Zumarragan nahiz Ezkio-Itsason. Guztiek diote energia berriztagarrietara jotzea beharrezkoa dela, baina planak askotariko erreakzioak eragin ditu herrian.
2021eko abenduan abiatu zuen enpresak Oleta gainean lau aerosorgailu jartzeko prozedura, eta enpresak Maxixatzeni adierazi dionez, eginak ditu aurre proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa. Beraz, proiektuaren eskumena duen Eusko Jaurlaritza ari da dagozkion tramiteak egiten. Oraingoz, ordea, proiektuari dagokion informazio orokorra da publiko egin dena; estazio megalitikoa banatzen duen alde banatan bina aerosorgailu jartzeko asmoa dute, eta guztira, hogei megawatteko potentzia izango luke zentral eolikoak; 15.000 etxebizitza hornituko lituzke, enpresaren arabera.
Capital Energyk adierazi duenez, Oletan "baliabide eoliko ona" dagoelako aukeratu dute mendi gain hori aerosorgailuak jartzeko. Era berean, azaldu du indarrean dagoen legedia zein hainbat aldagai kontuan hartzen dituen azterketa egin dutela kokalekua erabakitzeko, hala nola ingurumen arlokoak, teknikoak, hirigintzakoak eta ondareari dagozkionak. "Kokaleku horrek baldintza horiek betetzen ditu", azpimarratu du enpresak. Eraiki nahi duten eremutik gertu dago kultura ondasun gisa katalogatuta dagoen Iruarrietako estazio megalitikoa, eta enpresak plan horren "jakitun" diseinatu du proiektua. "Azpiegitura guztiak egokitu dira, legedian ezarritako segurtasun tarteak gorde ditzaten eta monumentuak ahalik eta berme handienekin zaindu daitezen". Kultur ondasun horiei "balioa ematen lagundu" nahi duela eta horretarako hainbat neurri bildu dituela aipatu du. Gaineratu du eskumena duten erakundeekin adostuko dituztela neurri horiek.
Aerosorgailuekin batera, ebaketa zentroa, linea elektrikoa, azpiestazio elektrikoa eta dorre meteorologikoa eraikitzea aurreikusten dute, eta hori guztia zentral eolikora barreiatzeko, sarbideak eta barneko bideak egin edota egokitu beharko dituzte. Capital Energyk adierazi duenez, Zumarragatik igaroko da pista nagusia, eta "batez ere" egun dauden errepideak eta bideak erabiliko dituzte hori gauzatzeko. Parke barneko bideek, bestalde, sei kilometroko luzera izango dute, eta Jaurlaritzak ekainaren 24an argitaratu zuen ingurumen inpaktuari dagokion txostenaren arabera, zentral eolikoaren barne konexioko bideak estazio megalitikoa zeharkatuko luke.
Madrilgo enpresaren arabera, teknologia eolikoa da egun "elektrizitate garbia ekoizteko modurik lehiakorrena", eta hori bereziki "garrantzitsua" da "Ukrainako gerraren ondorioz" sortu den energia krisiari aurre egiteko. "Azken urteotan, sektoreak aurrerapen handiak izan ditu, makina indartsuagoak eta eraginkorragoak garatu dira, eta instalazio horien inpaktu bisuala nabarmen murriztu da. Ildo horretan, lurraldeari ahalik eta kalte gutxien eraginez energia garbia sor daitekeela erakusten du Buruzaik".
Capital Energy: "Elektrizitate garbia ekoizteko modu lehiakorrena eolikoa da"
Parke eolikoak izan ditzakeen onurei dagokienez, berriz, enpresak esan du herritarrentzat zein enpresentzat "energia garbia eta eskuragarria" sortzeaz gain, udalerriarentzat "aberastasuna eta balio soziala" eratzen lagunduko duela. Bide horretan, enpresak azaldu du "erabateko konpromisoa" duela "auzokideekin lankidetzan" aritzeko, eta haiekin hitz egiteko prest azaldu da. "Capital Energy beti dago prest bere proiektuak garatzeak eragiten dien gizarte taldeekin biltzeko, baita auzo elkarteen, udalen eta beste edozein kolektiboren eskaerak entzuteko eta erantzuteko ere. Beste eskualde batzuetan, haien eskakizunak txertatu ditu enpresak bere proiektuen diseinuan".
Herria "onuradun" izatea, baldintza
Capital Energyk Oletan zentral eolikoa eraiki nahi zuela publiko egin zenetik, Madrilgo enpresa bitan elkartu da Azkoitiko udal ordezkariekin, haiei proiektuaren berri emateko. Ateak itxita egin dituzte bi bilkurak, eta Udal Gobernuak, oraingoz, herritarrei ez dizkie egitasmoaren nondik norakoak azaldu; udalak hainbatetan adierazi du "behar adina informazio" duenean egingo duela hori. Hain zuzen, ideia hori berretsi zuen Udal Gobernuak joan zen azaroko udalbatzarrean "energia trantsizioaren aldeko" mozioa onartu eta gaiaz eztabaidatu zutenean.
Udalbatzar hartan, Udal Gobernuak, EH Bilduk eta Oletan ere Ez! taldeak aurkeztutako mozio bana eztabaidatu zuten, eta EAJk eta PSE-EEk adostutakoak egin zuen aurrera; "herria onuradun" izango den proiektu baten alde lan egiteko konpromisoa hartu zuen udalak, baita proiektuaren "nondik norakoak" jakin ondoren zehaztasunak herritarrei jakinarazteko ere. "Proiektua egitera iristen badira, herriak ahalik eta onura gehien izatea nahi dugu, hemen sortzen dena ahal bada hemen gelditu dadin. Oraindik ez ditugu datu guztiak; hitz egiten ari gara eta ez dakigu sortuko litzatekeen energia horretatik guztitik zer portzentaje izango litzatekeen herriarentzat", esan zuen Javier Zubizarreta alkateak.
Udal Gobernuak beharrezkotzat jo du –mozioan azaldutakoa oinarri izanda–, energia berriztagarriak erabiltzeko urrats irmoak egitea: "Trantsizioak iraunkorra, berriztagarria, justua eta inklusiboa izan behar du ahal den heinean, inor baztertuko ez duena eta herrikideen arteko berdintasuna bermatuko duena". Haren arabera, Azkoitiak energiaren arloan %92ko menpekotasuna du, eta industriak duen beharra azpimarratu du Udal Gobernuak, sektore hori elektrointentsiboa den heinean; hau da, bere ekoizpen faktore nagusia elektrizitatea da: "Energia behar izugarria du gure industriak, eta herri bezala aurrera egin nahi badugu, ezinbestekoa da energia hori pixkanaka geuk sortzea".
Udal Gobernua: "Proiektua eginez gero, herriak ahalik eta onura gehien izatea nahi dugu"
Mozioaren bidez, hainbat eskaera egin dizkie udalak Eusko Jaurlaritzari zein Legebiltzarrari: Buruzaik eduki ditzakeen ingurumen eta bestelako eraginak aztertu eta inpaktua ahalik eta gehien gutxituko duten alternatibak azterrarazi ditzatela eta "ahalik eta azkarren" Energia Berriztagarrien Lurralde Sektorearen Plana onar dezatela, besteak beste. Mozioan jasotakoaz harago, ordea, EAJk zein PSE-EEk ez dute gaiari lotutako bestelako adierazpenak egin.
Eredua jomugan
Azkoitiko EH Bilduk, bere aldetik, egitasmoaren inguruko hainbat kezka plazaratu ditu, eta taldeko bozeramaile Iraitz Otañok hedabide honi adierazi dionez, "gaur-gaurkoz" ez dute hura babesten, "oligopolioan" oinarritutako "eredu estraktibista" dagoelako mahai gainean. "Kanpoko enpresa bat etorri, gure baliabideak ustiatu eta irabazi ekonomikoak eraman nahi dituzte beren poltsikoetara, gure lurraldea kaltetuz". Koalizioaren arabera, hori ez da "justua" ez lurraldearentzat, ezta hango bizilagunenentzat ere. Horren ordez, herritarrak beren baliabideen jabe izatearen alde egin du, bertan ekoiztutakoa bertan gera dadin, "denentzako modu demokratikoan eta justuan".
Buruzai proiektuak jarraitzen duen ereduak, hain zuzen, ingurumena "bigarren mailan" uzten duela salatu du EH Bilduk, eta produkzio baliabideak demokratizatzearen alde egin du. Energia berriztagarriak ezartzeko ereduan daude EH Bildurentzat marra gorriak, eta hainbat ñabardura plazaratu ditu koalizioak energia eolikoaren inguruan: batetik, energia berriztagarrien bidez sortzen den kilowatt bakoitza fosiletik ez datorrena dela gogoratu du taldeak; "hori, bere horretan, positiboa da ezinbestean eman behar dugun deskarbonizazioan aurrera egiteko". Bestetik, "beharrezkoak" diren azpiegiturak garatzeko "zenbait sakrifizio" egin behar direla azpimarratu du: "Gure etxeetatik gertu egokitu da oraingoan, eta hori da askori ezinegona sortzen diona". Haren ustez, energia berriztagarrira jotzea ezinbestekoa da, eta haizeak sortutakoa "beharrezkoa" izango da datozen hamarkadetan, eguzki energiarekin edota biomasarekin batera. "Ezin dugu kanpotik edozein kostu ekonomikorekin eta ekologikorekin ekarri eta gurean sortzeari uko egin". Koalizioaren iritziz, hori ere ez da "bidezkoa" beste herriekiko eta jendearekiko.
EH Bildu: "Oligopolioan oinarritutako eredu estraktibista dago mahai gainean"
Hori hala, herritarrek beren eguneroko inpaktuaren jabe egin beharra dutela adierazi du taldeak, eta bide horretan bizitza zein kontsumo ohiturak aldatzean egin du azpimarra. "Zero kilometro" oinarritzearen alde egin du taldeak, eta sortzen den energia "lurraldearen behar energetikora" egokitu behar dela gaineratu.
Azkoitia Bai herri plataforma, bere aldetik, Buruzai proiektuaren aurka agertu da ia hasieratik. Jose Joakin Etxanizen ustez, mendietan aerosorgailuak jartzen hastea "etxea teilatutik" egiten hastea da, herrian ez baitago aurrez energiaren inguruko azterketarik eginda. "Lehenengo herri edo bailara bezala egin beharko genuke azterketa, esaterako, zer baliabide ditugun eta lanean nondik hasi behar dugun jakiteko, eta ondoren, energia berriztagarrien bidean eredu bat finkatzeko". Azkoitia Baiko kideak argi du aurrerantzean energiarena izango dela erakundeek landu beharreko gairik "garrantzitsuenetakoa", eta bide horretan, "guztien ahotan" dabilen energia burujabetzaren aldeko "benetako urratsak" egin behar direla azaldu du.
Ez da hainbat enpresak Oleta ingurua haize errotak eraikitzeko begiz jota duten aurreneko aldia. Izan ere, 2002an Samiño eta Izazpi mendien artean 46 aerosorgailu jartzeko beste proiektu bat aurkeztu zuten, baina Eusko Jaurlaritzak atzera bota zuen, hango ondare arkeologikoko elementu askorekin talka egiten zuelako. Izan ere, orduko hartan haize errotak estazio megalitikoaren barruan eraikitzea aurreikusten zuten, orain ez bezala. "Lurralde Plan Sektorialean, hor aurkitu dute zirrikitua. Izan ere, LPSak zortzi errotatik gora aurreikusten diren proiektuak kontuan hartzen ditu, eta egungo proiektuak lau errota ditu, baina askoz ere handiagoak izango dira; beraz, plan horretatik salbuetsita geratzen da", adierazi du Etxanizek. Azkoitia Baiko kidearen ustez, dagoeneko "eguneratuta" behar zukeen Eusko Jaurlaritzak 2002an onartu zuen Energia Eolikoaren Lurralde Sektorearen Plana.
Azkoitia Bai: "Mendietan errotak jartzen hastea etxea teilatutik egiten hastea da"
Bestalde, Buruzaik, norbanakoen etxebizitzetan baino, industriari eragingo diola azpimarratu du Etxanizek: "Industriak du kontsumo osoaren %90". Beraz, Etxanizek ez du uste Oletako proiektuak herritarrei energiaren arazoa konponduko dienik, aurrez lanketarik egiten ez bada, behintzat. Bide horretan, zalantzarik ez du "herriari galdetu" behar zaiola. "Agintariek diote beraiek direla herriaren ordezkariak, baina hori hala bada, herriak hartu beharko luke erabakia". Era berean, Etxanizek ezinbestekotzat jotzen du erakundeak bere jarrera "argi" azaltzea.
"Suntsitzailea eta lehengoratu ezina"
Buruzai proiektuak eragindako "kezkak" bultzatuta hainbat herritarrek osatutako taldea da Oletan ere Ez!, eta talde horretako bi kide dira Josebe Blanco eta Ainara Elortza. Taldearen ustez, plan "suntsitzailea" da Oletan gauzatu nahi dutena, tokiko bioaniztasunari, oreka naturalaren egoerari, inguruko kultura ondareari, mendizaleen ibilbideei, hegazti migratzaileen korridoreei eta hango bizilagunei "kalte nabarmenak" eragingo dizkielako: "200 metroko aerosorgailuak jartzeak, paisaiari ez ezik, zer ondorio ekarriko dizkie han bizi direnei? Zer kalte eragingo dituzte zaratak, gailuak hara eramateko eraiki beharko dituzten pistek, aerosorgailuak zimendatzeko egin beharko dituzten leherketek eta oinarriak jartzeko egin beharko dituzten zuloek? Dimentsio oso handiez ari gara hitz egiten, ez dakit irudikatzeko gai al garen ere", ohartarazi du Blancok. Hala erantsi du Elortzak: "Gainera, aerosorgailuek 25-30 urte bitarteko bizitza dute, eta agortzen direnean, lurperatzea da oraingoz irtenbide bakarra. Baina bien bitartean, mendia txikituta geratuko da, eta hango energia sarera eramateko behar den guztiak mendian egoten jarraituko du". Taldearen ustez, behin mendian zentral eolikoa eginda, ezin izango da hura "lehengoratu".
Erregai fosila agortzen ari den honetan, "hainbatek" energia berriztagarrien bueltan "negozioa" egiteko aukera ikusi dutela uste dute taldekideek, eta testuinguru horretan kokatu dute azken urteetako proiektu eolikoen oldea. "Azkoitian Buruzai daukagu, baina inguratzen diren ia mendikate guztietan jarri nahi dituzte aerosorgailuak: Irukurutzetan, Karakaten, Sañun, Irimo aldean... Izarraizkoak izan ezik, inguruko mendi guztiak industrializatuta geratuko dira". Ildo horretan, Europako Next Generation funtsa – izurriak sortutako kalteetatik suspertzeko Europar Batasunaren plana– baliatuz "burbuila ikaragarria" sortu dela gaineratu dute taldekideek, eta haien hitzetan, proiektuaren onuradunak ez dira izango herritarrak: "Zentral eolikoak ez daude herritarrokin pentsatuta eginda. Kalteak denok pairatuko ditugu, eta ogi apurrekin engainatu nahi gaituzten arren, benetako onurak Capital Energyk jasoko ditu".
"Etxetik gertu"
Aizpurutxo auzotik gora joanda dagoen Pikunieta baserrian bizi da Blanco, eta hark "etxetik gertu" izango ditu Oletan zein Irimon jarri nahi dituzten aerosorgailuak. Halako proiektu bat hurbil izan dezakeela pentsatzeak gorputza uzkurtzen dio baserritarrari. "Batek esan digu inguruan bizi den saguzar motaren arabera, alegazioa jar geniezaiokeela proiektuari, horrek salba gaitzakeela. Kuriosoa bezain mingarria egiten zait gure esperantza bakarra saguzarretan jarri izana, animalia horrek bertan bizi garen pertsonok baino pisu handiagoa izan dezakeelako". Landa eremuak komunitatean duen funtzioaz hausnar dezan galdegin dio baserritarrak gizarteari: "1970eko hamarkadan egon zena baino petrolioaren krisi sakonagoa daukagu, eta pentsatu beharko dugu zer jan nahi dugun. Izan ere, jaten dugunaren %3 baino ez da bertakoa; gainontzeko guztiari petrolio kupelak gehitu behar zaizkio". Eta zera gaineratu du: "Lurrik onenak mendien behealdean daude, baina industria guneek, errepideek, etxebizitzek... hartuak dituzte. Baserritarrak gero eta gorago geratu gara, baina orain, goitik ere badatozkigu horiek. Non bizi behar dugu? Non sortu behar dugu janaria?".
Elortzak adierazi duenez, gastatzen den energiaren %20 da elektrikoa, eta horren aurrean, zentral eolikoak "alternatiba" direla esatea "gezurra" da. "Horretarako, mendi guztiak txikitu beharko lituzkete". Beste eredu eta irtenbide batzuk proposatzen ditu taldeak, hala nola Energia Berriztagarrien Lurralde Sektorearen Plana egin eta horren araberako lehentasunak ezartzea, "herritar guztiak" kontuan hartuta: "Guztiok dugu eskubidea bizigarria den bizi bat izateko". Desazkundearen eta baliabideen dibertsifikazioaren alde egin dute, eta herriak beren energia komunitate propioak sortzea jarri dute mahai gainean: "Energia kudeatu eta ekoitzi herrian; sortu, eta saretik igaro gabe, herrian gastatu. Hori da zero kilometro filosofia, eta badaude adibideak". Era berean, energia sortzeko "degradatuta" dauden eremuak erabiltzea proposatu dute.
"Baserritarrak gero eta gorago geratu gara, baina orain, goitik ere badatozkigu"
Oletan ere Ez! taldeari, bestalde, "kezkagarria" iruditzen zaio udalaren "gardentasun falta". Blancoren arabera, herritarrek ez dute "ia informaziorik" oraindik, eta horrek "mesfidantza" sor tzen duelakoan dago. "Kargua hartu zutenean esan zuten herritarren ordezkari izango zirela, baina ez dira ari hitza betetzen. Badakigu udalek ez dutela honetan eskumenik, baina Azkoitikoa denbora pasatzen uzten ari da. Horrek herritarrak babesgabe uzten ditu; guk ez dakigu legeei buruz, ezta burokraziaz ere. Desoreka horretan, arduradunei seriotasun pixka bat eskatu behar zaie". Taldekideek azpimarratu dute beraien erantzukizuna dela "etorkizuna aldarrikatzea", eta horretan jarraituko dutela aurreratu dute, herriak duen "indarrean eta ahalmenean" sinetsita.
Buruzairen azpiegitura nagusiak:
- Aerosorgailuak. Erabiliko den aerosorgailu ereduak 4,5 megawatteko potentzia, 121 metroko abatzâaltuera eta hiru besoz osatutako 158 metroko diametroko errotorea izango ditu. Aerosorgailuak bi taldetan banatzen dira, eta 4,2 kilometroko distantzia dago haien artean.
- Zimenduak. Hormigoi armatuzko zapata zirkular batez osatuta egongo dira, eta 25,80 metroko diametroa izango dute; horren gainean, hormigoizko oinarri bat eraikiko da.
- Muntatzeko plataformak. Aerosorgailu bakoitzaren ondoan, osagai handiak metatzeko plataforma bana egongo da, baita aerosorgailua altxatzeaz arduratuko den tonaje handiko garabia muntatzeko eta erabiltzeko plataforma bat ere. Plataforma horiek parkeko bideekiko paraleloan jarriko dira.
- Sarbideak. Parke eolikora sartzeko, egungo bide eta azpiegiturak erabiliko dira; hau da, lehendik dauden pistak –egokitu egin behar dira– eta tokiko errepideak. Bide berrien atalak gutxienez bost metroko zabalera erabilgarria izango duen plataforma bat izango du.
- Barneko bideak. Ahalik eta gehien aprobetxatuko dira lehendik dauden bideak, berriak egin behar ez izateko. Plataformak bost metroko zabalera izango du. Eremuaren malda handiak direla eta, baliteke zati batzuk hormigoitu edo asfaltatu behar izatea. Bide horiek sei kilometro luze dira.
- Ebaketa-zentroa. Eraikinak 10x5 metro izango ditu gehienez, eta parke eolikoaren mendebaldeko muturrean kokatuko da, aerosorgailuen posizioak lotzen dituen barne-bidearen erdiko puntutik 600 metrora, gutxi gorabehera. Hura muntatzeko, 20x15 metroko zabalgunea eduki beharko da.
- Linea elektrikoa. Buruzaik sortutako energia bertako ebaketa-zentrotik Trekutz parke eolikoko azpiestazio elektrikora eramango da. Trekutz eta Buruzai parke eolikoek azpiestazio elektrikoa partekatuko dute 30 kilovolteko tentsio ertaineko linea baten bidez. Hobiek 1,2 metroko sakonera izango dute bideekiko paraleloak diren eremuetan, eta metro eta erdikoak landan barrena doazenean.
- Azpiestazio elektrikoa. Parkea Abadiño-Ormaiztegi aireko linearen bitartez konektatuko da sare elektrikora. Hortaz, azpiestazio elektriko berri bat eraiki beharko da, eta Trekutz parke eolikoak ere erabiliko du.
- Dorre meteorologikoa. Parke eolikoak dorre meteorologiko bat izango du; aerosorgailuen abatz-altuerakoa izango da, eta 49 metro koadroko azalerako oinarri karratuko zimenduen gainean kokatuko da. Muntatzeko, gutxienez 520 metro koadroko azalera duen plataforma bat prestatu beharko da.
Iturria: Eusko Jaurlaritza