Espainiako Gabonetako loteriaren sari nagusiaren dezimo bat egokitu da Azkoitian. 05.490 zenbakiarentzat izan da aurtengo loteriaren sari nagusia, eta Julio Urkixo administrazioko Agurtzane Odriozola arduradunak eta Iraitz Alberdi haren semeak saldu dute. "Oso gustura" eta "sinetsi ezinik" zeuden Odriozola eta Alberdi saria beraiek banatu dutela jakinda.
11:20 pasatxo zirela atera dute Espainiako Gabonetako loteriaren sari nagusia, eta harrezkero, telefono deiak etengabeak izan dira dendan. Hain justu, irrati batetik egindako dei baten ondoren jakin du Odriozolak saria beraien dendan banatu dutela, eta berehala delegazioaren deia jaso dute, sari nagusiaren dezimo bat berak saldu dutela baieztatzeko. Inguruko bizilagun eta herritar asko igaro dira dendatik arduradunak zoriontzera; etxepeko bizilagunek balkoietatik ere zoriondu dituzte dendakoak. Bikoteak xanpaina kopekin topa eginda hasi dituzte ospakizunak dendaren atarian.
Administrazioa ez direnez, saltzen dituzten loteria guztiak makinakoak izan ohi dira Amalurren, eta gaur banatu duten sariaren loteria ere "makinak emandakoa" zela adierazi du Odriozolak. Arduradunak ez du jakin esaten erosleak propio eskatutako zenbakia izan den edo makinak ausaz emandakoa izan den.
Odriozolak eta Alberdik ez dute txantxetako saria eman: 400.000 euro banatu dituzte herrian. "Nahi nuke saria bertako bezeroren bati edo hemen inguruko norbaiti egokitu izana", adierazi du Odriozolak. Errege eguneko loterian saritutako bi dezimo ere banatu dituzte aurten Amalurren. Herrian norbaiti sari handia eman diola jakitea "ederra, sentsazio polita" dela esan du dendako arduradunak.