Txikia IV.ak eta Goenatxo III.ak final banarekin agurtuko dute urtea

Andoni Elduaien 2022ko abe. 30a, 09:00

Ezkerrean, Txikia IV.a, eta eskuinean, Goenatxo III.a.

Bihar, larunbata, Asteasuko (Gipuzkoa) Usarrabi pilotalekuan jokatuko dituzte finalak Azkoitiko bi herri kirolariek. Urrezko Aizkolarien Kopako Txapelketaren finala jokatuko du Txikia IV.a aizkolariak; Goenatxo III.a harri-jasotzaileak, berriz, Binakako Harri-jasotze Txapelketa du jomugan. 17:00etan hasiko da lehia Asteasuko frontoian.

Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolariak eta Jon Unanue Goenatxo III.ak final banarekin itxiko dute 2022. urtea. Bihar, abenduak 31, Asteasuko (Gipuzkoa) Usarrabi pilotalekuak hartuko ditu Urrezko Aizkolarien Kopako Txapelketaren, Binakako Harri-jasotze Txapelketaren eta Emakumeen Lau Kiroletako Herri Kirol Txapelketaren finala.

Txikia IV.a aizkolariak Urrezko Aizkolarien Kopako Txapelketaren finala jokatuko du han, eta Hodei Ezpeleta eta Mikel Larrañaga izango ditu aurkari txapela janzteko borrokan. Aizkolariek hamabi kanaerdiko ebaki beharko dituzte finalean, hau da, 54 ontzako dozena bat egur.

Goenatxo III.ak, bestalde, Binakako Harri-jasotze Txapelketaren finala jokatuko du Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a lagun duela; Aimar Galarraga eta Pablo Azpiazu nahiz Xabier Aranburu Guzta eta Xabat Olaizola izango dituzte aurkari. Sei harri-jasotzaileek hainbat lan egin beharko dituzte Asteasun. Hasteko, 175 kiloko harri errektangularrarekin hiru minutuko lana osatu beharko du bikoteko kide batek. Segidan, 100 kiloko harri zilindroarekin beste hiru minutuko lana egin beharko du beste bikotekideak. Lan horren ostean, txanda librean arituko dira harri-jasotzaileak 125 kiloko kubikoarekin, eta amaitzeko, txanda librean 100 kiloko bolarekin egin beharko dute lana. Sorbalda gainera kilo gehien altxatzen dituen bikoteak jantziko du txapela.

Emakumeen Lau Kiroletako Herri Kirol Txapelketaren finalean, aldiz, Txindoki eta Larrun taldeak lehiatuko dira. Ainitze Zumetak, Udane Ostolazak, Lierni Osak eta Nerea Arrutik osatzen dute Txindoki taldea, eta Larrun taldea, Xanta Sousak, Patricia Martinek, Nerea Sorondok eta Maika Ariztegik. Txingetan, harri jasotzen, aizkoran eta ingudea altxatzen onenak zein diren ebatziko dute finalean; lanak azkarren amaitzen dituen taldeak jantziko du txapela. Proba batetik besterako tartean, gainera, Xabi eta Kristina Solanok trikiti doinuak eskainiko dituzte pilotalekuan. Egun osoan zehar, berriz, Gesaltzako txarangak girotuko ditu Asteasuko kaleak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide