Laneko Autodefentsa Sarea, martxan

Maialen Etxaniz 2022ko abe. 19a, 10:26

Laneko Autodefentsa Sarearen aurkezpena, Baigeran. (Kontseilu Sozialista)

Larunbatean aurkeztu zuten Urola Erdiko Laneko Autodefentsa Sarea (LAS) Baigerako aretoan. Kontseilu Sozialistaren tresna berria da LAS, eta "nagusien inpunitatearekin amaitzea eta langile antolakuntzaren beharra azaleratzea" du helburu. Laneko Autodefentsa Sarearen eta eskualdeko oinarrizko produktuen biltegiaren inguruko batzar irekia egingo dute abenduaren 24an. 

Laneko Autodefentsa Sarea (LAS) aurkeztu zuen larunbat goizean Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak. Baigerako aretoan egin zuten "tresna" berriaren azalpenak emateko aurkezpen saioa, eta han azaldu zituzten autodefentsa sarearen hastapenak eta aurrera begirako erronkak.  

Kontseilu Sozialistak duela bi urte inguru jarri zuen martxan lan esparruko aholkularitza juridikoa, eta handik ateratako irakaspenetatik abiatuta sortu dute LAS: "Beharrezkoa ikusten genuen nagusien inpunitatearekin amaitzeko langileriaren defentsa eraginkorra bermatuko duten tresna independenteak sortzea". Kontseiluko kideek adierazi zutenez, orain arteko ibilbideak irakaspen zehatzak ateratzeko balio izan die, eta hortik abiatuta garatu dute proposamen berria: “Bi urte hauek guri askorako eman digute. Jakitun izan gara proiektuaren apaltasunaz, baina zenbait irakaspen atera ditugu prozesu honetatik, eta oinarrizko premisa izan dira LAS sortu ahal izateko”. Honako hauek dira atera dituzten ondorioak: “Aholkularitza juridikoak ez du gatazka bat kale mailan ematen, hau da, ez du borrokarik mahaigaineratzen,eta beraz, gatazka sozializatzeko bere mugak ditu. Era berean, ez da koiunturan eragin dezakeen eragile politiko bat, soilik forma isil baten ematen baita gatazkaren prozesua”.

Ikerketa juridikoa eta soziologikoa abiapuntu

Formakuntzarekin eta beste esperientzia batzuetatik edanez, lege arloko ikerketak nahiz ikerketa soziologikoak egiteko baldintzak eskuratu dituztela adierazi dute, eta horrek LAS sortzeko aukerak ireki dizkiela: “Hasi ginenean, lantalde txiki bat zegoen horretara, eta beste eskualdeetako esperientzietatik ikasiz, eta alor juridikoko ikerketak nahiz ikerketa soziologikoak eginez, zenbait egoera konpontzeko moduan izan gara. Horrekin batera, LAS sortzeko baldintzak sortu ditugu. Ikerketa juridikoan eta soziologikoan sakontzen lagundu du; inguruko hainbat errealitate ezagutu ditugu eta enpresa txikien munduak nola funtzionatzen duen ikusi dugu, askotan pentsatu arren lan zapalkuntzak soilik enpresa handien munduan ematen direla. Aholkularitza eta laguntza eskainiz, inguruko jende baten erreferentzia irabazi dugu, ireki ditugun kasu ia gehienetan baldintza ekonomikoak hobetzea lortu baita".

Formakuntza jaso ez ezik, eskaini ere egin dute Azpeitian, Azkoitian zein Zestoan egindako saio irekien bitartez. Horrek "eskualdeko errealitatea zertxobait gehiago ezagutzeko aukera" eman diela kontatu dute: "Asanbladaren garapenean eman ditugun formakuntza politiko nahiz juridikoek, sindikalgintzaren nahiz langile mugimenduaren inguruko eztabaidak edota gure eskualdearen inguruko hausnarketak egiteko balio izan digu, eta horrek guztiak lagundu digu asanbladaren inguruko oinarri politikoak ezartzen".

"Autodefentsarako tresna"

Lan gatazkak ulertzeko duten moduaz ere aritu ziren aurkezpen saioan. "Lan sektore konkretu batean ematen den zapalkuntzari deritzogu lan gaztazka, ez soilik pertsona batek bere lantokian jasan dezakeen zapalkuntzari. Horregatik, nahiz eta lan gatazka konkretu bati konponbidea eman borroka prozesu baten bitartez, gure helburua lan gatazka azaleratzea ere bada. Hau da, langile baten baldintza ekonomikoak hobetzetik harago, lan eskubideen urraketak salatzea, nagusien inpunitatearekin haustea eta langile antolakuntzaren beharra azaleratzea". Zehazki, LAS "tresna" bat dela azaldu zuten: "LAS langileria antolatzeko tresna organizatibo bat da, eta ez bere horretan helburu bat. Ez da bere helburu bakarra jendearen lan hobekuntzak ematea, nolabait, borroka ekonomikoa eta borroka politikoa bateratzea da helburua; izan ere, sindikalgintza klasikotik kanpo kokatzen dugu gure burua". Kontseiluko kideen ustez, "gaur gaurkoz proletalgoa babesgabe aurkitzen da lan egoera desberdinen aurrean, eta langile interesak defendatuko dituen autodefentsa mekanismoak beharrezkoak dira, beti ere optika sozialista baten baitan norabideratuta". Hor kokatzen dute LAS, eta luze aritu ziren hizketan sindikalgintza klasikoaz zein proposamen berriez. 

Laneko Autodefentsa Sarearekin harremanetan jarri nahi dutenek las.urolerdia@gmail.com helbidera idatzi edo 611 641 367 telefonora dei dezakete. Beste batzar ireki bat ere deitu dute hilaren 24rako. Hain zuzen, LASen inguruan eta eskualdeko oinarrizko biltegiaren inguruan arituko dira batzar horretan, eta, besteak beste, bi tresnek duten loturaz eta norabideaz arituko dira. 11:00etan izango da, Esklabak Zentro Sozialistan. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide