Peruko krisi politikoak hautsak harrotu ditu herrialdean, eta asko dira pizten ari diren protestak. Dagoeneko hamazazpi pertsona hil dituzte protestetan, eta giroak bero jarraitzen du. Joan zen astean hasi ziren protesta eta mobilizazioak Perun, Pedro Castillo presidente ohia "matxinada" egotzita atxilotu zutenean. Peruko Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen asteazkenean, baina protesta handiak piztu dira ordutik, Dina Boluarte presidente berriak dimisioa eman dezala eskatzeko. Egoera horrek Perun harrapatu ditu Enara Arrizabagala azpeitiarra eta Julene Iturbe azkoitiarra. Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleak dira biak, eta beste hainbat euskal herritarrekin batera oporretara joanak ziren Cuzco hiriburura. Gaur egun handik ateratzea lortu dute, baina egoeraren larriaz jabetuta daudela aitortu dute. Dena den, azaldu dute "lasai eta seguru" sentitu direla.
Abenduaren 16rako zeuden iragarrita Curzcotik ateratzeko lehen hegaldiak, eta azken unera arte ziurgarritasunik ez zuten arren, bart lortu dute Arrizabalagak eta Iturbek hiriburutik ateratzea. Liman egin dute eskala, eta dagoeneko Txilen daude.
Egoeraren larritasunaz jabetuta
Hilaren 6an iritsi ziren Cuzcora Arrizabalaga eta Iturbe, eta hasierako egunetan "normaltasuna" nagusi zela kontatu dute. Egun gutxiren buruan, ordea, gauzak aldatzen ari zirela ohartu ziren. Horrela kontatu dute bizitakoa: "Abenduaren 6an iritsi ginen Cuzcora, estatu kolpearen bezperan. Ordurako bagenekien orain gobernuan jarri direnak saiatu zirela estatu kolpea ematen, eta hasiera batean larritu egin ginen. Dena den, kalean ez zer ezer nabaritzen, eta normaltasuna zen nagusi. Ez genuen espero protestak horrela lehertuko zirenik. Asteartean, hilaren 13an, dena lehertu zen, ordea". Mendira egindako txangotik itzultzean jakin zuten gertatutakoaren berri Arrizabalagak eta Iturbek: "Mendira joan ginen, eta han estaldurarik ez geneukanez, ez ginen ezertaz ohartu. Menditik itzulean, ordea, mezu mordoxka iritsi zitzaigun mugikorrera ea ondo al geunden galdezka, albistegietan protestetako irudiak atera zirela eta. Perun zeuden beste ezagun batzuek ere idatzi ziguten, haiek ere larrituta. Horrenbestez, itzulerako autobusean Interneten albisteak irakurtzen eta berriak bilatzen hasi ginen. Orduan, asteartean, ohartu ginen gatazkak beste dimentsio bat hartu zuela".
"Asteartean ohartu ginen gatazkak beste dimentsio bat hartu zuela"
Asteartean lehertu ziren protestak Perun, eta egun horretan bertan bost hildako utzi zituen gatazkak. Une hartan ohartu ziren Arrizabalaga eta Iturbe egoeraren larriaz. "Protestak hasi ziren, hainbat lekutan erituak izan ziren, hildakoak, piketeekin errepideak itxi zituzten, hiri handienetarako sarbide-irteerak itxita zeuden. Ordurako nabaritzen zen zerbait kaleetan. Jendea lasterka zebilen, komertzioak itxita, autobusak jendez goraino beteta... Ostatuan sartu ginen, eta beste hainbat euskal herritarrekin batera egoera nola kudeatu pentsatzen hasi ginen".
Azken egunak, zailagoak
Dagoeneko hamabost pertsonatik gora hil dituzte Perun piztutako protestetan, eta egoera ez da baretu. Hala ere, eskualdeko bi gazteek "ahalik eta lasaien" hartu dute egoera. Duela pare bat egun jarri ziren harremanetan Espainiako Gobernuaren Peruko enbaxadarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, ea zer egin dezaketen jakiteko. Erakundeetako ordezkariek proposatu zieten aukera bakarra hegaldi internazionalena izan zen. Aurrena, Espainiako enbaxadak hegazkin humanitario bat jartzea Limara eramateko, eta ondoren handik hegaldi internazional bat hartzea beste lekuren batera. Hori, ordea, "oso konplexua" izan dela kontatu dute Azkoiti-Azpeitiko bi gazteek: "Hegaldien bila hasi ginen, eta berehala ohartu ginen ez zela batere erraza. Prezioak ikaragarri garesti ziren, eta hegaldi guztietarako txartelak amaituta zeuden. Orduan ohartu ginen ez zela zirudiena bezain erraza izango Cuzcotik ateratzea".
Dena den, Azpeitiko eta Azkoitiko bi gazteek lortu dute herrialdetik ateratzea, eta uneotan "lasai" daude. Hori bai, jakin badakite beste hainbatek oraindik ez dutela Perutik ateratzerik lortu. "Lasai gaude dagoeneko. Bart iritsi gara Txilera, Liman eskala egin ostean", kontatu dute.
"Lasai gaude dagoeneko. Bart iritsi gara Txilera, Liman eskala egin ostean"
Egunak aurrera joan ahala, protesten intentsitatea igotzen joan da, baina Perun zeuden euskal herritarren egoera bere onera etorri da. "Bankuak erre zituzten, gasaren zentrala erasotu zuten, unibertsitatea erretzen saitu ziren, hainbat hegaldi blokeatu zituzten, komertzioetako beirateak puskatu zituzten... Istiluak ikaragarriak izan ziren", kontatu dute.
Ostegunetik da indarrean Peruko Gobernuak "ordena publikoa berehala berrezartzeko" ezarritako larrialdi egoera, 30 egunerako; etxeratze agindua ere jarri dute hamabost probintziatan. Mugikortasunaren murrizketak gutxienez bost egun iraungo ditu, El Peruano egunkari nazionalak kaleratutako dekretuaren arabera. Defentsa ministro Alberto Otarolak zehaztu duenez, larrialdi egoerak irauten duen bitartean, etenda geratuko dira, besteak beste, lurralde nazionaletik igarotzeko askatasunari, biltzeko askatasunari eta segurtasun pertsonalari lotutako eskubideak.