Zabalik da bidezko merkataritzaren denda Portaleburun

Andoni Elduaien 2022ko abe. 14a, 13:15

Tere Aranbarri eta Mari Pura Aranbarri, Portaleburun jarri duten dendan. (Andoni Elduaien)

Abenduaren 22ra bitartean irekiko du Azkoitiko Misio Taldeak bidezko merkataritzaren denda. Aurten, lehen aldiz, Portaleburu erakustokian jarriko dute denda, eta han askotariko lehengaiekin eta produktuekin egingo dute topo herritarrek. Herritar guztiak gonbidatu dituzte Misio Taldeko kideek dendara sartu-irtena egitera-

Joan den astelehenaz geroztik, zabalik da bidezko merkataritzaren denda Azkoitian. Azken urteetan, herriko zenbait lekutan ireki izan dute denda, baina aurten, lehen aldiz, herriko plazan dagoen Portaleburu erakustokian jarri dituzte askotariko produktuz betetako erakusmahaiak, hura "leku ederra" dela-eta, han finkatzeko asmoarekin.

Kakaoa, kafea, eztia, opilak, azukrea… Askotariko lehengaiak erosteko aukera dago bidezko merkataritzaren dendan, eta horiek guztiak herrialde pobreetan ekoitzitako produktuak dira, hala nola Malikoak, Haitikoak, Boli Kostakoak eta Ekuadorrekoak. Hala azaldu dute Mari Pura eta Tere Aranbarri Azkoitiko Misio Taldeko kideek zein den bidezko merkataritzaren denden helburua: "Helburu nagusia da herrialde horiek guztietako lehengaiak gurean erakustea. Haien lehengaiak kate baten sartzen dira, eta ondorioz, prezioa asko garestitzen da. Herrialde horietako lagunek, ordea, nahi dute kooperatiba baten bitartez lehengaiak zuzenean hona ekartzea, inolako kateetan sartu gabe".

Dena den, lehengaiez gain azken urteetan bestelako produktu ugari ere ari da iristen herrialde horietatik. "Herrialde horietako lagunek egindako eskulanak asko ari dira ailegatzen azken urteetan gurera, besteak beste, jostailuak, arropak, otarreak eta poltsak; kosmetika produktuak ere baditugu. Iaz, esaterako, galtzerdiek arrakasta handia izan zuten; guztiak saldu genituen". Azkoitiko bidezko merkataritzaren dendarako produktu horiek guztiak Beasaindik (Gipuzkoa) iristen dira herrira, han baitute biltegi nagusia.

Gabonak gainean direla eta, batak zein besteak diote herritarrek denda baliatzen dutela erosketetarako. "Sasoi ona izaten da erosketak egiteko. Janariez gain, bestelako produktuak ere eramaten ditu jendeak dendatik. Haurrentzat jostailuak eta motxilak ere erosi izan ditu zenbaitek. Lastozko otarreak ere gustuko izan ohi ditu jendeak".

Lehengai eta produktu ugarirekin egingo dute topo herritarrek Portaleburun.

Hainbat urtez boluntario

Misio Taldeko lagunak ez dira soilik bidezko merkataritza dendaren kudeaketaz arduratzen. Errege Magoen desfileko prestaketa lanak egin eta Garapenean Bidelagun azokan postua jartzeaz gain, asko dira urtean zehar egiten dituzten eginkizunak. Taldeko bi lagunek adierazi dute, garai batean Parrokiako sendotza taldeko lagunek zutela dendaren ardura, baina "duela hamar bat urte" Misio Taldeko kideek hartu zuten kargua. "Gazteekin denda aurrera ateratzeko zailtasuna zegoela ikusi zen, eta horregatik hartu genuen gero guk dendaren ardura".

Gutxi gorabehera "hamabi bat lagun" aritzen dira lanean dendan boluntario bezala. Goizez, 10:30etik 12:30era zabaltzen dute, eta arratsaldez, 17:00etatik 19:30era bitartean. Larunbatetan, berriz, goizez irekitzen dute hura soilik, baina 12:30etik haratago egoten dira saltokian. Dendara "beti jakineko jendea" joaten dela eta, bikoteak dei egin die herritarrei hara sartu-irtena egin eta garapen bidean dauden herrialdeen aldeko ekarpena egiteko. Hilaren 22ra arte egongo da horretarako aukera, orduan itxiko baitute denda.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide