Frontoian onduak

Ane Olaizola 2022ko abe. 14a, 11:34

Arrizabalaga, Ariztegi, Bravo, Saenz eta Sanchez, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. (Ane Olaizola)

Adina ez da aitzakia frontenisean aritzeko Joxe Mari Arrizabalaga eta Antton Saenz lagunentzat; 74 eta 71 urte dituzte, eta astero elkartzen dira Gurean, horretarako osatuta duten taldearekin.

Ez da ohikoa adinean aurrera egin ahala, intentsitate altuko kirola praktikatzen jarraitzea; are gutxiago, 70 urtetik gorakoak frontenisean jokatzen ikustea. Zahartzaroa, ordea, ez da horretarako aitzakia Joxe Mari Agirrezabalaga (Azpeitia, 1948) eta Antton Saenz (Azkoitia, 1951) Azpeitiko bizilagunarentzat, eskuan erraketa bana hartuta, sasoi betean daudela erakusten baitute Azkoitiko Gurea pilotalekuan. 

Arrizabalagak 74 urte ditu, eta Saenzek 71 urte. Bata zein bestea astero elkartzen da frontenisean aritzeko, baina ez dute biek bakarrik jokatzen; bospasei laguneko taldea dute osatuta, eta bikoteka aritzen dira horretan: Manu Ariztegi (Azpeitia, 1959), Iñaki Sanchez (Arrasate, Gipuzkoa, 1973) Azkoitiko bizilaguna eta Juan Mari Bravo (Azkoitia, 1975) izan ohi dituzte Agirrezabalagak zein Saenzek kantxako lagun eta arerio. Batzuek aurretik ezagutzen zuten elkar, baina diotenez, fronteniserako zaletasunak batu ditu Azkoitiko eta Azpeitiko taldekideak: "Gutako batzuek Urrestillan jokatzen genuen duela hamar urte edo. Baina askotan elkartu ezinik ibiltzen ginen, eta orduan esan ziguten Azkoitian ere frontenisean ibiltzeko jendea falta zutela. Beraz, bi kuadrillak batu eta Azkoitian hasi ginen elkartzen, eta primeran gaude". 

Kirolariek jakin badakite ez dela normalena adinekoak frontenisean aritzea, eta zera dio Saenzek: "Askok harrituta galdetzen digute: 'Adin horrekin, eta frontenisean?'. Baina ondo gauden bitartean, zer egin behar dugu, bada? Gorputzak esango digu noiz utzi behar diogun". Bat dator Arrizabalaga ere, "uzkurdura batzuen gorabeheran", hark ere frontoian jarraitzeko asmoa baitu ahal duen bitartean. Gainera, beteranoek gustura jokatzen dute "gazteekin": "Gure aldean, mutil koskorrak dira hauek". Sanchez: "Nik oraintxe sinatuko nuke beren adinean halako sasoia edukitzea. Joxe Marik atzean jokatzen du, eta ikusi egin behar da nola egiten duen korrika. Antton ehiztaria da, eta begia jartzen duen lekuan ipintzen du pilota; zehaztasun handia eta kolpe izugarria ditu". 

Bata zein bestea da frontoian ondutakoa eta pilotarekin zaildutakoa, eta oraindik orain, "antzeman" egiten da hori. Izan ere, frontenisean ez, baina paletan urte luzez jardundakoak dira biak ala biak, eta jokatu izan dute modalitate horretako txapelketarik ere. Frontoia gustuko dutenez, pilotarekin aritzeko modu bat dela azaldu du Ariztegik, eta paletaren aldean, erraketa "erabilerrazagoa" dela gaineratu du Saenzek: "Ez dugu adinik paletarekin ibiltzeko, eta horregatik jo genuen erraketara. Zenbat eta arinago, orduan eta hobeto". 

Lagunarteko giroa nabari zaio kuadrillari, eta umorea ez zaie falta; ezta, lehia ere: "Borrokan ibiltzen gara, tanto bat galdu baino, nahiago baitugu hanka haustea", dio Saenzek, barrez. Bravok erantzun du: "Anttoni, esaterako, adarra jotzen diogu galtzen duen bakoitzean, baina ondo konpontzen gara". Ados daude besteak ere: "Lagunartea dugu osatuta, eta hori da garrantzitsuena, bestela ez bailuke interesik izango frontenisean aritzeak", dio Arrizabalagak. 

Hark zein Saenzek argi dute garrantzitsuena "izerdi pixka bat" ateratzea dela, jakin badakitelako kirola egiteari uzten badiote, gorputzak "kito" esango diela: "46 urtez ari naiz astero frontoira joaten, eta ohiturari eutsiz gero, sasoia poliki-poliki joango zaizu bajatzen, baina joateri uzten badiozu, izorratuta zaude", azaldu du Azpeitiko bizilagunak. 

Taldea zabaltzeko prest

Sanchezek eta Bravok lan egiten dute, eta haien laneko ordutegiaren arabera elkartzen dira. Goizetan, 09:00etatik 11:00etara biltzen dira, eta arratsaldetan elkartzen badira, 15:00etatik 17:00etara egiten dute saioa; beti Gurean, lekua "primerakoa" baita pilotarekin aritzeko: "Makina bat frontoi igaro ditut, baina hau izugarri ona da", dio Saenzek. ­Gainera, pilotalekua "txukun-txukun" egoten dela eta hango arduradunek "ederki mimatzen" dituztela nabarmendu dute bost lagunek. 

Kirolarien ustez, Euskal Herrian ez dago fronteniserako "zaletasun handirik", eta horren erakusle da taldea handitzeko zailtasunak izaten dituztela: "Galdetu izan dugu kiroldegian ea frontenisean aritzen den jenderik ba al dagoen, baina ezetz erantzuten digute". Horien arabera, frontenisean aritzeko lagun gehiago edukitzea aproposa izango litzateke, hainbatetan elkartu ezinda ibiltzen baitira. Izan ere, belaunaldi batekoek zein bestekoek frontoia agurtzeko inongo asmorik ez dute, osasunak uzten dien bitartean. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide