Klik!

Marea zuria, beltzean

Ane Olaizola 2023ko urt. 2a, 12:36

Hogei urte bete dira 'Prestige' petroliontzia Galiziako kostaldean hondoratu zenetik. Galizian eta Bizkaiko golkoan inoizko hondamendi ekologiko handiena eragin zuen ezbehar hark; galipotak sortutako marea beltza garbitzen aritu ziren milaka boluntario, eta horietako bi dira Jon Andoni eta Carlos Martin anaiak.

Muxiara, taberna utzita

2002ko azaroaren 19an hondoratu zen Prestige ontzia, eta 63.000 tona petroleo itsasoan barreiatu ziren. Galipotaren jarioak Costa de Morte inguruan eragin zuen kalterik handiena. Hango Muxia herrian izan ziren Jon Andoni eta Carlos Martin anaiak, beste milaka boluntariorekin batera, itsasertzean pilatutako fuel olioa garbitzen. "Otarre taberna emazteen esku utzi eta Donostiatik autobusez abiatu ginen Muxiara. Geldialdiz geldialdi, ia 24 ordutara iritsi ginen hara", gogoratzen du Jon Andonik. Lau egun igaro zituzten han.

Kiroldegia ostatu

Bi anaiak gauez iritsi ziren Muxiara, eta "jende mordoa" zegoela han gogoratzen dute. Antolaketari lotuta, "nahasmen handia" zegoela diote, ordurako militarrak hondamendiaren gunean baldin bazeuden ere: "Aurretik, kaos handiagoa egon zela uste dut". Zibilek zein militarrek elkarrekin egiten zuten lo herriko kiroldegian, eta Jon Andonik gogoratzen du "denetariko pertsonak" zeudela han: "Bazegoen lanera joana zen jendea, baina bazen bizimodua egitera joandakorik ere. Haserreak egoten ziren azken horiekin".

Lonja, otorduak egiteko

Lonjan gosaltzen eta afaltzen zuten azkoitiarrek beste boluntarioekin batera — irudian, ezkerrean, Carlos—, eta bazkaria beraiekin eraman ohi zuten, fuela garbitzen ari ziren hondartzaren ondoan jateko. Galiziarrek ere ematen zieten jana: "Bertako asko ibili ziren guri laguntzen". Galiziarrak oso esker onekoak izan ziren boluntarioekin, baina baziren "amorrua" sorrarazi zieten hainbat herritar ere. "Zenbaitetan, inguruko herrietako herritar batzuk etorri izan zitzaizkigun, lanerako asmorik gabe, txapapotea non ikus zitekeen galdezka".

Kamioian sartu, eta hondartzara

Kiroldegian esnatu eta lonjan gosaldu ostean, herrian zegoen postu batera joan ohi ziren boluntarioak; egunero han esaten zieten zein hondartzatara joan behar zuten garbitzera. Segidan, boluntario taldea zegokion kamioian sartzen zen, eta militarrek eramaten zituzten horiek hondartzara. Azkoitiarrak adierazi duenez, itsasoaren mareak guztiz baldintzatzen zuen boluntarioen jarduna, soilik marea behean zegoenean garbitu baitzezaketen eremua. Hondartzetan, itsaski biltzaileak ondoan izaten zituzten boluntarioek, eta haiek esaten zieten non ibili behar zuten tentuz, noiz atera itsasertzetik eta itsasoari inoiz ez emateko bizkarra.

Laguntzaren mila aurpegi

Laguntzeko hamaika modu zeuden, itsasertza garbitzeaz haratago. "Ahal zuena" garbitzera joaten zen, baina besteek ere askotariko zereginak izaten zituzten: kozinatu, txukundu, herritarrei lagundu... "Boluntariook ere elkarri laguntzen genion, aurpegia garbitzen eta jan-edana zein zigarroak ahora eramaten. Izan ere, eskularruak oso mardulak ziren eta txapapotez zikinduta izaten genituen; ezin genuen ezer ukitu".

Ahal zutena...

"Ahal genuena kentzen genuen", azaldu du. Azkoitiarraren arabera, zenbait tokitan galipota ugari zegoen pilatuta, eta pauso bakarra ematea "izugarrizko lana" izaten zen boluntarioentzat, belaunetaraino iristen baitzitzaien hondakina. "Ezinezkoa zen guztia ondo kentzea. Gainean zegoena, lodiena, soilik kentzen genuen. Gainera, harri bat jaso eta galipota gehiago izaten zen han; ukitzen genuen guztia zen hondakina. Egoera tamalgarria zen".

Ahal zuten moduan

Boluntarioek eskuak zituzten itsasertzean pilatuta zegoen fuel olioa kentzeko lanabes, eta makilekin zein palekin ere aritzen ziren horretan: "Ahal genuen moduan egiten genuen". Eta zera gaineratu du azkoitiarrak: "Esaterako, egur zati batekin aritzen ginen garbitzen, eta orduak igaro genitzakeen txapapotez estalitako harria harraskatzen. Halere, han ez zen harriaren arrastorik ikusten".

Nora bota?

Jasotako galipota saskietan sartzen zuten boluntarioek, eta katea osatuz eramaten zituzten otarreak itsasertzetik lehorrera. Katearen amaieran, hondakina eramateko ibilgailu bat egoten zen batzuetan, baina ez beti. "Kamioia etorri arte edo kontainerra ekarri arte, askotan ez genuen jakiten nora bota behar genuen itsasotik ateratako hondakina; zelaian uzten genuen ibilgailuak etorri bitartean. Ez genuen plangintza zehatzik eta leku bat garbitu eta bestea zikintzen genuen. Dena den, galipota itsasotik ateratzea lortzen genuen behintzat".

Materiala, handik eta hemendik

Nazioarteko milaka pertsonen elkartasuna jaso zuen ezbehar hark, eta herritar askoren memorian iltzatuta geratu da marea beltzari aurre egiten aritu ziren jantzi zuridunen irudia. Azkoitiarrek zera idazten zuten beren buzo zurien atzealdean: "Azkoitiarrak Muxiarekin. Basque Country" –irudian, Carlos zutik, eskuinean–. Babeserako jantziak, eskularruak zein musukoak egunero aldatzen zituzten, eta oinetakoak, esaterako, ahalik eta gehien garbitzen zituzten egunaren bukeran, hurrengo egunean erabilgarri izateko. Bi azkoitiarrek etxetik eraman zituzten jantziak eta hainbat material, eta han utzi zituzten gero, ondoren joan zirenentzako.

Egoerak eragindako samina

Egoera samingarria zela gogoratzen du azkoitiarrak. "Egun osoa igarotzen genuen lanean, eta hondartza uztean, atzera begiratu eta aurrean genuen paisaia ikustean, ezer ez genuela kendu sentitzen nuen, ez zela eremu garbirik ikusten. Hainbeste hondakin zegoen kentzeko... Dena den, jasotako hondakin gutxi hori, behintzat, ez zuela itsasoak eramango ere pentsatzen nuen".

Erantzukizun eske

Fuel tonek aurrekaririk gabeko kalte ekologikoa eragin zuten kostaldean eta itsasoko faunan eta floran. Hondamendi hark, era berean, Galizian inoiz izan den mugimendurik handiena sortu zuen: Nunca Mais, zeinak ingurumen erantzukizunak eta erantzukizun politikoak eskatzen zituen. Bestalde, Muxia izan zen boluntarioen epizentroetako bat, eta haiei eskainitako eskultura bat egin zuten gertakaria jazo eta gerora. Martin anaiak ez dira gehiago hara itzuli. "Gogoa izan dut, baina barruan zerbait eragiten dit", esan du Jon Andonik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide