Bakarne Etxeberria: "Laguntza behar duten adinekoengana iristen jarraitu nahi dugu"

Andoni Elduaien 2023ko urt. 1a, 11:00

Bakarne Etxeberria, Hurkoa fundazioaren Hauskor programako koordinatzailea. (Andoni Elduaien)

Hurkoa fundazioaren programetako bat da Hauskor, eta haren koordinatzailea da Bakarne Etxeberria. Udaleko Gizarte Zerbitzuekin eta inguruko beste zenbait eragilerekin kolaborazioan, gizarte hauskortasun egoeran aurkitzen diren adineko pertsonak atzematea eta artatzea da programaren helburua.

Hurkoa fundazioaren Hauskor programaren koordinatzailea da Bakarne Etxeberria (Donostia, 1969). 2017an ireki zuen Hurkoa fundazioak egoitza Azkoitian, plazan. Hauskor programa, berriz, hiru urte beranduago jarri zuten martxan herrian, gizarte hauskortasun egoeran aurkitzen diren adineko pertsonak atzemateko eta horiei baliabide sozialak nahiz komunitarioak emateko. Arrasaterekin eta Pasaiarekin batera, Azkoitia da Hauskor programa indarrean duen Gipuzkoako hirugarren herria. Etxeberriak programaren xehetasun guztiak mamitu ditu, baita Azkoitiko egoera zein den azaldu ere.

Gizarte hauskortasun egoeran dauden herritarrak artatzen ditu Hurkoa fundazioak Azkoitian. Zer esan nahi du pertsona bat gizarte hauskortasun egoeran egoteak?

Oro har, adinekoek familiatik jaso ohi dute laguntza eta babesa. Gizartean eman diren aldaketekin, ordea, edonori gerta dakioke laguntza sare hori ez izatea, edota izanda ere, sare ahula izatea. Hori da gure programarentzat gizarte hauskortasun egoeran egotea. Pertsona batek ez du erantzukizunik edo errurik bere burua egoera horretan aurkitzen delako, eta garrantzitsua da hori; izan ere, guztiok ulertu behar dugu bizitzako uneren batean denoi suerta dakigukeela laguntza behar izatea.

Behar horri erantzuteko sortu zenuten Hauskor programa, eta martxan da Azkoitian.

Gizarte hauskortasun egoeran dauden adinekoekin lan egiten dugu. Egia da, gazteak ere egon daitezkeela egoera horretan, baita buruko gaixotasunen bat duten pertsonak ere. Hauskor programan, ordea, 65 urtetik gorako herritarrekin egiten dugu lan. Pertsona horiek beren bizitza egiteko autonomia izan ohi dute, eta erabakiak hartzeko ere gai izaten dira. Halere, arrazoi bat edo beste tarteko, gizarte sare ahula duten pertsonak artatzen ditugu edota laguntza sarerik ez duten adinekoak. Adineko batzuek, etxea egoera egokietan mantentzeko behar izaten dute laguntza, eta beste batzuek, gizarteko zenbait premiari erantzuteko. Inguruan dauden ekintzetan edo herriko bizitzan parte hartu gabe ere gelditzen dira zenbait, edo pertsona horiek ez dute beraientzat zeharo esanguratsua den harreman bat egiteko aukerarik izaten. Horrek guztiak isolatzera eta bakartzera eramaten ditu pertsona horiek, eta hain zuzen, horri erantzuteko jaio zen Hauskor programa.

Nola egiten duzue lan fundazioan?

Hurkoan hauskortasun egoeraren inguruko interesa sortu zen, eta askotariko azterketak nahiz ikerketak egiten hasi ginen. Ikusi genuen, prebentzioaren begiradatik, zentzua zuela udaletxeetan-eta adinekoen zaintzan aurretiazko esku hartzeak. Azkoitiko Udalak gaiaren inguruko interesa erakutsi zuen, eta lanean hasi ginen. Mendetasun egoerara iritsi aurretik hauskortasun egoeran dauden adinekoei laguntasuna emanda, pertsonaren autonomia bultzatu eta haren bizi kalitatea hobetu daitezke.

Zein da Hauskor programak artatzen dituen pertsonen profil orokorra?

Programak artatu ohi dituen pertsona gehienak emakumeak dira; gizonak baino nabarmen gehiago dira emakumeak. Guztiak 65 urtetik gorakoak izaten dira; batez besteko adina 81 urtekoa da.

Zein dira programaren helburuak?

Gizarte hauskortasun egoeran dagoen pertsonaren profila kontuan hartuta, programak hiru helburu ditu. Lana indibidualki egiten da, baina, era berean, komunitatera begira ere bai. Batetik, gure nahia da bakarrik daudenei laguntza eskaintzea. Laguntza mota horren adibideak asko dira, esaterako: adinekoak beste pertsona baten laguntza behar izatea udaleko Gizarte Zerbitzuetan eskaintzen diren baliabideetara iristeko; bizitzako eguneroko ohiturak egokitzeko orientaziorako, norberaren zaintza antolatzeko eta medikuaren zein botiken jarraipena modu egokian egiteko laguntza eskaintzea; edota etxea egoera egokian mantentzeko kudeaketan laguntzea. Kasu horiek adibideak besterik ez dira, baina programaren teknikariak [Maialen Artetxe da Azkoitiko teknikaria] bide horiek guztiak errazten laguntzen du, baita bestelako erreferentziazko informazioa eskaini ere. Adineko pertsona bat eginkizun horiek betetzeko gai ez bada, eta gainera, egunerokoan laguntza sare hori ez baldin badu, ahultasun eta ziurgabetasun handia izan dezake.

Horrez gain, komunitatera begira egiten dugu lan. Hauskortasun egoeran dagoen pertsona ezagutu eta harekin harremana egin ondoren, Hurkoako teknikariak jakin egin behar du herrian zer gertatzen den, zer antolatzen den eta zer bizitza dagoen. Hark herriko ekintza horietara gerturatzen lagunduko dio hauskortasun egoeran dagoen eta laguntza behar duen pertsonari. Esate baterako, udaleko Arreta Zentrora joaten lagunduko dio, jubilatuen elkarteak antolatutako ekintzetan parte hartzen ere bai, edo Pasira programara gerturatzen. Programaren hirugarren adarra detekzioa da. Horretarako, ordea, bidelagunak behar ditu programak. Komunitatean dauden taldeekin, entitateekin eta erakundeekin lanean jarraitzea da asmoa, lan hori gehitu eta ugaldu dadin.

"Udaleko Gizarte Zerbitzuekin batera egiten dugu lan Hauskor programan"

Ari al zarete helburuak betetzen Azkoitian?

Lanean ari gara, programa indartzen ari da eta; eragina, behintzat, ari gara izaten. Era berean, garrantzitsua da udaleko Gizarte Zerbitzuekin batera lan egiten dugula azpimarratzea. Gu ez gara etorri Azkoitira lana modu isolatuan egitera; beharrezkoa da udaleko Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean aritzea. Hasiera-hasieratik eman zioten proiektuari oniritzia udalak eta udaleko Gizarte Zerbitzuek, eta sare lana zein elkarlana egiten dugu estrategia horren barruan. Egun, Gizarte Politiketako estrategia zera da: adinekoak ahalik eta denbora gehien igarotzea beren etxearekin eta komunitatearekin, auzoarekin nahiz herriarekin loturan. Izan ere, horrek ematen du bizi kalitatea. Udalaren estrategia hori da, udaleko Gizarte Zerbitzuek hori bermatzen dute, eta gure programa ildo horrekin bat dator.

Gizarte hauskortasun egoeran egon daitekeen pertsona baten adibide txikiak eman dituzu. Nola egikaritzen dira eginkizun horiek guztiak Hauskor programaren bidez?

Bereizi egin behar dira autonomia duen pertsona eta menpekotasuna duena. Hauskor programan gizarte sare ahula edo sarerik ez duten adineko pertsonekin lan egiten dugu, eta oro har, horiek autonomoak izan ohi dira. Udaleko Gizarte Zerbitzuetara kasu bat iristen denean, teknikariak eta gizarte zerbitzuetako langileak Hauskor programa aurkezten diote artatu behar duten pertsonari. Adinekoak programan parte hartzea onartzen badu, teknikariaren lana izaten da pertsona horrekin konfiantzazko lotura eraikitzea eta hari gertutasuna ematea. Teknikaria adinekoa ezagutzen hasten da gero; ekintza instrumentaletan dituen premiak, nahiak, desirak eta haren sare soziala nolakoa den ezagutuko ditu. Poliki-poliki pertsonaren egoeraren balorazioa egiten da, eta identifikatzen diren premien arabera ematen zaio laguntza. Adinekoari udaleko Gizarte Zerbitzuekin batera aurkezten zaio zer-nolako laguntza emango zaion, eta poliki-poliki prozesua gauzatzen hasten da. Pertsonaren arabera, laguntza era batekoa edo bestekoa izan ohi da, noski. Hasiera batean intentsitate handiko esku-hartzea behar izaten da, baina gero, beharbada, adinekoak ez du behar intentsitate maila horretako laguntza jasotzea. Bereziki, eguneroko ekintza instrumentaletan laguntzen zaio adinekoari, baita komunitatearekin loturak egiten ere.

Teknikariak eskaintzen duen laguntza etxez etxeko laguntzaileak eskaintzen duenarekiko desberdina dira. Etxez etxeko laguntzaileak bestelako funtzio batzuk ditu, eta hori ez dugu Hauskor programan lantzen. Iruditzen zait garrantzitsua dela profilak bereiztea. Izan ere, desberdina da eguneroko oinarrizko ekintzak egiteko gaitasunik ez izatea. Horrek menpekotasunarekin du zerikusia, eta laguntzaile baten esku hartzea nahitaezkoa da. Aldiz, guk ekintza instrumentaletan eragiten dugu, horiek kudeatzen eta planifikatzen.

"Telefono deiak eta bisitak egiten ditugu beti adinekoari jarraipena egiteko"

Intentsitate kontua aipatu duzu. Laguntza jasotzea onartzen duenak kasu puntualetarako eskatzen du edo denbora luzerako?

Gehienetan denbora luzerako izaten da. Jarraipena egiten zaio beti pertsonari, baina premiaren arabera, ez da bera izaten laguntzaren intentsitatea. Dena den, telefono deiak eta bisitak beti egiten dira adinekoari jarraipena egiteko. Hasieran, normalean, intentsitatea handiagoa izaten da, baina laguntzeko elementuak martxan jarri orduko jaitsi egiten da intentsitatea. Are gehiago, helburua intentsitatea jaistea da, bestela ez genukeen-eta gure lana ondo egingo. Hala eta guztiz ere, artatutako pertsonak badaki beti Maialen alboan izango duela laguntzeko.

Nola detektatzen dituzue hauskortasun egoeran dauden pertsonak?

Gure onuradunen kopuru handiena udaleko Gizarte Zerbitzuetatik iristen da, baina baita osasun arlotik ere, eta hori oso iturri interesgarria da. Gizarte Zerbitzuetan datu desberdinak izan ohi dituzte, erroldatik eta iturri desberdinetatik jasota. Dena den, gure programaren barruan badugu lan ildo bat, eta asmoa da gizartean zainketaren sare sozial hori indartzea. Herritar bezala, adinekoen zaintzaren begirada soziala areagotu nahi genuke. Sare horrek indartzen joan behar du, eta bide horretatik ere etor daitezke beste kasu batzuk, ondoren horiek udaleko Gizarte Zerbitzuetara bidera daitezkeenak.

Etxeberria, udaletxean egindako aurkezpen batean.

Orain arte, gizarteak ez du joera handiegirik izan laguntza bide horiek eskatzeko. Urratu beharreko bidea da, ezta?

Garrantzitsua da herri txikietan Gizarte Zerbitzuei eduki dezaketen estigma kentzea. Laguntzeko daude, osasun arazo bat dugunean medikuak laguntzeko dauden bezalaxe. Berriro azpimarratu nahi dut: udalak arlo honetan duen estrategia adinekoak etxean mantentzea da, betiere herriarekiko zein auzoarekiko loturak sustatuz. Adinekoan nahia ere horixe da, baldintza egokietan etxean bizitzea. Hori egiteko programa egokia da Hauskor. Saiatzen gara artatutako pertsonarekin lotura egiten, gertutasunetik berme horiek guztiak posible egiten.

"Hauskortasunak, bakardadeak eta laguntza behar izateak estigma handia dute oraindik"

Hauskortasun egoerak murrizteko bidean, zertan eragin nahi du Hauskor programak gizartean?

Gizarte indibidualista honetan, familiaren funtzioak aldatu diren eta seme-alabek nahiz senideek atzerrira jotzen duten garai honetan, gero eta zailagoa da sare sozial horiek bermatzea nahiz laguntza eskaintzea. Nola ordezka daiteke familiako sare soziala? Ordezka daiteke komunitatean elkartzeko eta laguntzeko guneak sortuz. Arlo indibidualean ez ezik, arlo komunitarioan ere egin daiteke lan, elkar laguntzeko eta gizartean sentsibilizazioa bultzatzeko. Era berean, estigmak edo aurreiritziak moduren batean landu egin behar direla iruditzen zait. Gizarte hauskortasunak, bakardadeak eta laguntza behar izateak estigma handia dute oraindik, eta horien kontra ere egin behar genuke lan.

Etorkizunera begira, zein dira programak dituen erronkak?

Behar duten pertsonengana iristea da asmoa, ondo iristea. Horien bizi kalitatean positiboki eragin nahi dugu, eta nola edo hala gizarteko agente desberdinen sentsibilizazioari heldu. Zaintza herrian eta etxean eman ahal izateko ekintzak sustatu nahi ditugu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide