Hitz bitan

Jakes Zubillaga: "Ezkarain topatu dut nire lekua, kirolean eta naturan"

Anartz Izagirre 2022ko abe. 18a, 09:30

Jakes Zubillaga, bizikleta gainean. (Angel MÂȘ Cerezo)

Duela hamar urte baino gehiago joan zen Jakes Zubillaga (Azkoitia, 1991) Ezkaraira (Espainia) bizitzera, eta duela hiru urte bizikleta txangoak antolatzen dituen Enduro Ezcaray enpresa sortu zuen hango bi lagunekin.

Enduro Ezcaray enpresa sortu zenuten duela zenbait urte. Nola hasi zen guztia?

Pandemia bete-betean zabaldu genuen enpresa. Bizitza osoan ezagutzen garen hiru lagun eta bazkidek sortu genuen, eta orain dela hiru urte hemen inguruan dagoen zirkuitu bat garbitu eta hari pare bat jauzi gehiago jarri genizkion. Ikusi genuen jende asko ari zela etortzen, eta horregatik sortu genuen enpresa. Furgoneta bat erosi genuen, eta Errioxako herri txiki batean egiten dituzten orgak ere bai, bizikletak eramateko. Asteburuetan jarduerak egiten hasi ginen, eta geroz eta eskari handiagoa edukitzen joan gara.

Ordutik, sona izaten hasi zarete.

Bai. Geroz eta eskari handiagoa dugu Ezkaraiko mendiak erakusteko, bidaiak egiteko. Hasieran herrian ez gintuzten ondo ikusi, mendiak publikoak direlako, baina azken urteetan ikusi da jende asko gerturatu dela herrira bizikletekin, eta tabernetan ere mugimendua antzematen da. Enpresa sortu eta urtebetera Ezkaraiko udal ordezkariekin bildu ginen, eta ingurumen baimenak lortzea erraztu digute horiek.

Zeintzuk dira zaleen artean arrakastarik handiena duten jarduerak?

Bizikletaz erremonteak egiten ditugu, eta horiek dira ezagunenak. San Lorenzo puntara igo eta handik herrira jaisten gara bezeroekin bizikletaz. Goizean goiz gelditzen gara haiekin, eta furgonetarekin nahiz orgarekin herriko hiru punturik garaienetara igotzen gara gero horietatik jaisteko.

Urteko zein garaitan izan ohi duzue eskaririk handiena?

Udaberrian eta udazkenean, udan lurrazala oso lehorra egoten baita.

Eta zer-nolako bilakaera izan du Enduro Ezcarayk hasi zinetenetik hona?

Orain pare bat markarekin kolaboratzen dugu, baina oraindik ere ez da gure lehen lana bilakatu; hobby bat da. Bazkideetako bat neguko denboraldian Andorran egoten da, bestea mendiko gida da eta ni ere elurretako ekintzetan aritzen naiz neguan. Dena den, egunetik egunera udan ere bizikletekin lanean aritzeko apustu handiagoa egiten ari gara.

Zer erantzun jaso duzue bezeroengandik?

Ona. Orain dela urte batzuk, enpresa zabaldu aurretik, ez zegoen bizikleten halako mugimendurik Ezkarain. Gainera, gugana etortzen dena ez da bizikletan ibiltzera bakarrik etortzen, gero hemen gelditzen da. Bezeroen artean badira bizpahiru aldiz gugana jo dutenak ere. Bestalde, igartzen da inguruan geroz eta eskaintza handiagoa dagoela.

Zer moduzko paisaiak dira Ezkarai eta Errioxa ingurua kirol hori praktikatzeko?

Errioxa nahiko laua dela dugu buruan, baina Ezkarairi Demanda mendilerroa deitzen diote. Errioxa Garaian gaude, Burgos eta Soria probintziekin mugan, eta 150 kilometro koadro mendi ditugu inguruan. Lekua, beraz, perfektua da bizikletaren mundurako.

Sarritan arriskuarekin lotzen da eskaintzen duzuen kirola. Zer da garrantzitsuena ezer gerta ez dadin?

Bidezidorrak estuak dira, eta bakoitzak bere maila kontuan izanda, abiadura kontrolatzen ikasi behar du. Minik ez hartzeko garrantzitsua da ahalik eta babes handiena eramatea gainean.

Lana Ezkarain egiteaz gain, bertan bizi zara. Zer-nolako lekua da bizitzeko?

Azkoitian ondo bizi nintzen, baina Ezkarain, egia esan, bizi kalitate oso ona daukat. 17-18 urterekin etorri nintzen hona bizitzera, eta oso ondo bizi naiz: neguan eskiatu egiten dut, eta udan taberna batzuetan lan egin izan dut urte luzez. Ezkarain topatu dut nire lekua, kirolarekin eta naturarekin. Azkoitira nahi baino gutxiagotan joaten naiz.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide