Udazkenero euskaraz jolasean

Andoni Elduaien 2022ko abe. 2a, 10:05

Bihar jokatuko dute Azkoitian Maxixatzen elkarteak antolatutako Orbel Jokoen finala. Azken hiru asteetan puntu gehien batu dituzten hiru taldeak elkartuko dira. Gipuzkoako Hitza astekariak egindako erreportajea da honako hau.

Jolasaren bidezko aldarrikapen bat da. Euskarak bere plazak behar dituela erakusteko ariketa bat. Gaur amaituko da Euskaraldiaren hirugarren aldia, eta bihar iritsiko da Euskararen Nazioarteko Eguna. Testuinguru horretan, Azkoitiko Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak aisialdirako plaza irekitzeko asmoz jarri zituen abian Orbel Jokoak, 2014an. Udazkenero legez, aurten ere hainbat herritar euskaraz jolasean aritu dira, eta azken hiru asteetan puntu gehien lortu dituzten hiru taldeek bihar jokatuko dute finala, 17:00etan, Azkoitiko Elkargunean.

2014an, Maxixatzen elkartean bazuten kezka bat: parte-hartze falta. "Antolatzen genituen ekintza guztiak herritarrek bere horretan jasotzekoak ziren, aulkian eseri eta entzuteko edo ikusteko ekitaldiak ziren; jendeak ez zuen parte hartzeko aukera handirik izaten", esan du Karmen Irizar Maxixatzen elkarteko kideak. Gogoeta baten ondoren, herritarrek "era batera edo bestera" parte hartuko zuten ekitaldiren bat antolatzea erabaki zuten.

Dena den, Julen Garate elkarteko kideak dio eurek antolatutako Xiximaxan egitasmoaren ondorioek ere "bestelako zerbaiten beharra" hauteman zutela. "Jardunaldiek ondorioztatu zuten euskal kulturaren ezagutza falta zegoela". Azkenean, "ginkana moduko bat" egitea pentsatu zuten, euskararekin, euskal kulturarekin eta Azkoitiarekin zerikusia izango zuen hiru asteko jolasa.

Maxixatzen elkartearen udazkeneko kulturaldietako bat dira Orbel Jokoak; izan ere, udaberrian Maiatzeko Lorak kultur egitasmoa ere prestatu ohi du. Irizarren iritziz, "hizkuntzari alde ludikotik" heltzen zaio Orbel Jokoetan. "Parte hartzaile asko euskaltegian ibiltzen dira, EGA titulua lortzeko euskara ikasten, eta ikasleek irakasleak agindu dielako irakurtzen dute euskaraz. Aisialdian euskarara hurbiltzeko jokoak dira Maxixatzen elkarteak antolatzen dituenak". Garateren esanetan, gainera, "herritarren parte hartzea" lortu dute, "elkartearen helburuetako bat".

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide