Azkoitiko Udalak ostiralean aurkeztuko ditu Soziolinguistika Klusterrak egin duen Azkoitiko hizkuntzen kale erabilerari buruzko neurketako datuak. Lau urtez behin egin ohi du erakundeak azterlana, eta aurten egindako ikerketaren datuak Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan plazaratuko dituzte, 18:30ean hasita, Elkargunean.
Soziolinguistika Klusterreko Belen Uranga teknikariak emango ditu herriko errealitate linguistikoari buruzko datuak eta zertzelada nagusiak; zehazki, Azkoitiko kaleetan euskara zenbat erabiltzen den azalduko du hark. Udalak azaldu duenez, lau urtez behin egiten dituzten neurketek euskararen bilakaera ezagutzea ahalbidetzen dute, baita hizkuntza aldaketak gertutik jarraitzea ere.
Ikasleak, plazara
Horrez gain, Euskararen Eguna tarteko, egun bat lehenago plazan elkartuko dira, 11:30ean, Xabier Munibe Ikastolako, Floreaga Ikastetxeko, Azkoitia BHIko eta Bizilore eskola aktiboko ikasleak. 6 eta 16 urte bitarteko ikasleek ekitaldia egingo dute, eta euskararen aldeko aldarriari suziria botata emango diote horiek hasiera.
Javier Zubizarreta alkateak hartuko du hitza ondoren udaletxeko balkoian, eta ikasleen ordezkariek euskararen aldeko bertsoak abestuko dituzte. Ekitaldiaren bukaeran Zahar eta gazte, jai eta aste, Azkoitian euskara aske! lelodun pankarta zintzilikatuko dute ikasleek.
Bestalde, zapatuan, Euskararen Egunean, Sonakay taldeak kontzertua eskainiko du, 19:00etan hasita, Baztartxo antzokian. Emanaldirako sarrerak aurrez eros daitezke Azkoitiko Udalaren webgunean, zortzi eurotan.