Elkartasuna eta sentsibilizazioa izango dira datorren igandean, hilak 27, plazan egingo den Garapenean Bidelagun azoka solidarioaren hitz gakoak. Garapen bidean dauden herrialdeei eta lurralde horietako zenbait herritarrei zenbait esparrutan laguntzen dieten zortzi elkartek parte hartuko dute ekimenean, eta beren lan jardunaren gaineko informazioa ez ezik, hainbat produktu ere egongo dira eskuragarri plazan jarriko dituzte postutxoetan. 11:00etatik aurrera izango da azoka, eta honako zortzi elkarte izango dira bertan: AMS Mundu Solidarioa, Gazteak eta Garapena, Darahli, Behar Bidasoa, Itsas Salbamendu Humanitarioa, Munduko Begiak, Lumaltik Herriak eta Azkoitiko Misio Taldea.
Atzo, asteartea, egin zuten egitasmoaren aurkezpena udaletxean, eta bertan izan ziren Janire Igoa Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia eta azokan parte hartuko duten hainbat elkartetako ordezkariak. Horiek guztiek Azkoitiko Udalaren dirulaguntza jaso dute beren jarduneko hainbat proiektu gauzatzeko, eta diru hori zertara bideratu duten zehaztu zuten hainbatek hitzartzean. Igoak erakunde horien lana "txalotzekoa eta zoriontzekoa" dela azaldu zuen: "Gero eta zailagoa egiten zaigu besteei gure denbora eta esfortzua eskaintzea. Horregatik, erakunde horiek ondo merezita dute aitortza eta eskertza publikoa". Herritarrei igandeko azokan parte hartzeko deia ere egin zien hark.
Elkartasuna lau haizetara
Herrian errotuta dagoen eta azokan parte hartuko duen elkarteetako bat da salestarren Gazteak eta Garapena fundazioa. Juan Inazio Sudupe izan zen hango ordezkari moduan hitz egin zuena, eta hark adierazi zuen misioekin "erabat lotuta" dagoela taldea. "Gure lana ez da karitate kontua, justizia kontua baizik", nabarmendu zuen azkoitiarrak. Taldeak hainbat ekimen gauzatzen ditu urtean zehar, horietako asko, Azkoitian; esaterako, Beningo kaleko umeen aldeko zozketa, bigarren eskuko produktuen denda zein Soldaritate Pintxoa. Sudupek azaldu zuenez, beren GKEa "salestarren proiektuei loturik" dago gehienbat, eta Amerikan nahiz Afrikan kalean bizi diren gazteei laguntzen diete, "betiere gazteak prestakuntzara bideratuz". Udalaren eskutik jaso duten laguntzarekin, Senegaleko Dakar hiriko prestakuntza profesionalaren proiektu batean parte hartu dute.
Munduko Begiak fundazioaren izenean Ana Isasak hitz egin zuen. 20 urte daramatza elkarteak itsutasunaren aurkako borrokan, gehienbat, lurralde pobreetan eta errenta ertaina dutenetan. "Hemen erraz senda daitezkeen patologia askok herrialde askotan itsutsasuna ekar dezakete", nabarmendu zuen Isasak. Azkoitiko Udalaren laguntza Maliko Mopti eskualdean gauzatzen ari diren proiektu batean inbertitu dute. Besteak beste, 200 katarata ebakuntza egin dituzte eta 4.000 kontsulta oftamologiko. Horrez gain, sentsibilizazio kanpaina egin dute irakasleekin, horiek begietako arazoak detektatzeko oinarrizko formakuntza izan dezaten, besteak beste.
Lurdes Alberdik, bestalde, Darahli elkartearen berri eman zuen aurkezpenean. Zumaian sortutako elkartea izanagatik, Azkoitian ere badu adar bat, eta Alberdik nabarmendu zuen "Euskal Herriaren eta Sahararen artean zubiak eraikitzea" dela elkartearen helburu nagusienetako bat. Saharako errefuxiatuen kanpalekuei laguntza ematen die Darahlik, eta horientzat azken urteak bereziki gogorrak izan direla nabarmendu zuen Alberdik, besteak beste, Europako krisiagatik. Hainbat ekintza egiten dituzte laguntza biltzeko zein herritarrak sentsibilizatzeko, eta aurten, Oporrak Bakean programa berreskuratuko dute, pandemiagatik etenda egon ostean. "Jendea ahazten ari da beraiekin, gerra berriagoak ere badaudelako. [Xabier] Euzkitzek esan zuen moduan, egoera oso zaila dute, baina beraiek etsitzen ez duten bitartean guk ez dugu eskubiderik etsitzeko", nabarmendu zuen hitzartzean. Udalaren laguntzarekin, esaterako, ur deposituak ezarri dituzte errefuxiatuen esparruetan.
Behar Bidasoak hainbat herrialdetan lan egiten du, Iñaki Lizasok azaldu zuen moduan, "dagokiena itzultzeko". Misiolariak dituzte hainbat herrialdetan, eta herritarren beharrak asetzeko elikagaien edukiontziak, josteko makinak eta bestelako hainbat material bidaltzen dizkiete. "Gaur egun, 477 ume ditugu munduan babestuta, eta misiolarien bidez lortzen dugu horiei laguntzea", azaldu zuen Lizasok. Bestalde, 65 beka ere ematen dizkiete hainbat herrialdetako ikasleei ikasketak gauzatzeko, eta ur instalakuntzetara dirua bideratzeko proiektu bat ere badute. Hainbat udalen laguntza jasotzen dute proiektu horiek guztiak gauzatzeko, esate baterako, Azkoitikoarena.
AMS Mundu Solidarioa elkarteko Isabel Medinak ere beren azken proiektuen gainean hitz egin zuen hitzartzean, eta azaldu zuenez, egun Nikaraguan ari dira lanean, besteak beste. Nosotros también podemos programaren barruan, Hacia un modelo de cogobernanza inclusiva proiektua da, esaterako, eskuartean dutenetako bat, eta aniztasun funtzionala duten pertsonen inguruko egitasmoa da. Horrez gain, Goyeneche fundazioarekin elkarlanean Gure Ekarpena deituriko proiektua ere badute, aniztasun funtzionala dutenek komunitateari egiten dioten ekarpena oinarri duena. Nikaraguako Diriamba hiriko artisauen produktuak eta Goyeneche fundazioko Arrasateko artisauen produktuak jarriko dituzte igandeko azokan.
Azkenik, Azkoitiko Misio Taldeak ere beren zereginen berri eman zuen. Maliko ikastetxe bateko 700 umeri laguntza ematen diete, eta azken urteetan, besteak beste, elikagaiez betetako edukiontziak, arropa zein ikasmateriala bidaltzen dizkiete. Tere Aranbarri kideak zioenez, haiekin batera Deba-Itziarko, Oñatiko zein Alegiako talde banak parte hartzen du proiektuan, eta horrez gain, udan tonbola ere jartzen dute dirua biltzeko. Urtero bezala, Garapenean Bidelagun azokan parte hartzeaz aparte, Bidezko Merkataritzaren denda jarriko dute abenduaren 12tik 22ra bitartean, goizez zein arratsaldez, Portaleburu erakusketa aretoan.