Nerea Machado: "Kezkarik gabe bizitzea nahi du egungo herritarrak"

Andoni Elduaien 2022ko abe. 13a, 09:28

Nerea Machado, eliz atariko arkupetan. (Argazkiak: Arnaitz Rubio)

Gizarte alorreko gaiek kezkatzen dute Nerea Machado. Gizakia "indibidualismora jotzen" ari den honetan, gaizki dauden gauzak aldatzeko parte hartu behar dela dio hark. Behar horri tiraka egin zen boluntario Itsas Salbamendu Humanitarioan (ISH) eta Azkoitiko Parrokiako taldean.

Geldirik egoten ez dakien horietakoa da Nerea Machado (Azpeitia, 1975). Hiru seme-alaben ama da, eta duela gutxi irakaskuntza mundura itzuli da berriz ere. Azkoitiko bizilagunak aitortu duenez, "gustura" dabil gazteen artean, modu horretan egungo gazteen eta generazio berrien errealitatea zein den ikusteko eta ulertzeko aukera baitu. Aurrez, baina, boluntario lanak egin ditu han eta hemen. Esaterako, seme-alaben ikastetxeko guraso taldean parte hartu zuen duela urte batzuk, eta egun, Itsas Salbamendu Humanitarioko (ISH), Azkoitia Bai herri plataformako eta Azkoitiko Parrokiako taldeko kidea da.

Gizarte alorreko eginkizunetan murgiltzen zara egunerokoan, gizarte alorreko gaiek kezkatzen zaituztelako. Hala da, ezta?

Kezka sortzen didate, bai. Grazia egiten dit kalean "hau gaizki dago" edo "bestea gaizki dago" esaten duen jendeak. Gaizki dagoen hori aldatzeko zerbait egin behar da, eta sinetsita nago zerbait egite hori norbera inplikatzea dela. Gauzak beste era batera bideratu daitezkeela ikusten dudanean, inplikatzeko edo laguntzeko beharra sentitzen dut. Seme-alaben ikastetxeko guraso elkarteko kidea izan nintzen, eta egun, Azkoitia Bai herri plataformako kidea ere banaiz. Halere, eta posible badut, eskatzen didaten beste lekuetan ere eskaintzen dut laguntza.

Gizartean fronte asko daude irekita. Zuk errefuxiatuei laguntzea erabaki zenuen. Nola batu zinen ISHren proiektura?

2015ean, kasualitatez, lagun ezkutuko oparia koinatuari egitea egokitu zitzaidan. Hura arrantzan ibiltzen denez, Getarian [Gipuzkoa] itsasontzi batean arrantzan egiteko txartel bat oparitu nahi izan nion. Orduan esan zidaten itsasontzi haren jabea laguntza humanitarioa ematera Greziara joana zela. ISHko kide baten kontaktua pasatu zidaten segituan, eta hala lortu nuen, batetik, koinatuarentzako arrantzarako txartela, eta bestetik, erakundea ezagutzea.

Herrian egindako boluntario lanari esker iritsi zitzaizun ISHn sartzeko aukera, ezta?

Kezkatuta geunden herriko guraso talde bat elkartu ginen, eta guztion artean erakundeari bultzada emateko, ISH diruz gehiago laguntzeko, herrian zerbait egitea pentsatu genuen. Eskubidez izena jarri genion guraso taldeari, eta, 2018an, Izaro Andresen kontzertua antolatu genuen. Aita Mari itsasontzia Getarian zegoen batean, hura bisitatzera gonbidatu ninduten, eta orduan esan zidaten sukaldean lan egingo zuen norbait behar zutela. Nire burua eskaini nien boluntario lanetan hasteko. Ordurako banuen hartu-emana erakundeko kide batzuekin, baina orduan, guztiz sendotu zen gure arteko harremana. Bitarte horretan senar ohiarekin banandu egin nintzen, eta lana behar nuenez, 2019ko urtarrilean erakundearen kudeaketarako lanaldi erdia eskaini zidaten.

Nola oroitzen duzu ISHko kudeatzaile izan zinen garaia?

Oso oroitzapen onak esnarazten dizkit. Aita Mari itsasontziak portutik ateratzen hasi baino lehen salbatu ninduen ni. Lana behar nuen orduan, eta ez nuen aurkitzen. 43 urteko emakume batek zaila du lan munduan sartzea, eta niretzat egundoko salbazioa izan zen. Lan hari esker, goian mantendu ahal izan nuen nire burua, eginkizun horretan sinesten dudalako zein beharrezkoa iruditzen zaidalako eta erakundearen parte zuzena nintzelako.

Erraztasun gutxi eta zailtasun askoko lana zen, ezta?

Jendeak uste du itsasontzia hartu eta itsasora irtetea dela kontua, baina ez da horren erraza. Itsasoratzeko, proba handiak gainditu eta baimenak lortu behar izaten dituzte itsasontziek. Baimena, gainera, mugatua izaten da batzuetan. Aita Mari lehen aldiz itsasoratu zenean, soilik Greziara joateko baimena eman ziguten. Horregatik, baimena eskatzerakoan ez da esaten itsasontzia erreskatea egitera doala, bestela ez litzateke portutik irten ere egingo.

Zergatik?

Nazioarteko politikan badago halako arazo bat, eta neurri batean, kontu batzuk uler ditzaket. Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra iritsi zenean, kristo guztia mobilizatu zen hemendik Ukrainara hango herritarren bila joateko. Italia ere laguntza behar duen jendez lepo dago, baina inori ez zaio bururatu hara laguntza ematera joatea. Estatu hori kokoteraino egotea uler dezaket hein batean, baina arazoa Europa da, hark duen akordioa ez baitu betetzen. Estatu guztiak kontu honekin ez zipriztintzen ahalegintzen dira, ahalik eta zarata gutxien aterata.

Egun ISHko kide izaten jarraitzen al duzu?

Hiru urte egin nituen ISHko kudeatzaile lanetan, baina gero, egundoko karga bihurtu zen niretzat. Izan ere, lanen bat behar bezala egiten ez banuen, itsasontzia ez zen irteten portutik. Itsasontziko tripulazioa kudeatzea, dirulaguntzak eskatzea, erakunde publikoekin hitz egitea, dirua zaintzea... garrantzi handiko lana zen, horiek guztiak ez dira ardura txikiak. Gainera, hiru umeren ama izanda eta lanaldi erdira arituta, ez nuen hilaren amaierara iristerik lortzen. Hori horrela izanik, pauso bat albora eman nuen. Halere, oraindik boluntario lanak egiten jarraitzen dut ISHn.

"Aita Mari itsasontziak portutik atera baino lehen inor salbatu badu, hori ni izan naiz"

Egoerak gordina izaten jarraitzen du errefuxiatuentzat. Nola ikusten duzu panorama?

Panorama eskasa da. Europa dirua ematen ari zaio Turkiari, han errefuxiatuen esparruak egin ditzaten. Bien bitartean, gu 'bakean' gaude; errefuxiatu guztiak han gelditzen badira, 'ezin hobeto'. Europak badaki zer ari den gertatzen, baina beste aldera begira dago. Horregatik, ezinbestekoak dira Aita Mari bezalako itsasontziak, haiek Mediterraneoan gertatzen ari dena erakusten laguntzen baitute. Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerrarekin, ordea, lehenaz gain, zokoratuta gelditu da itsasoko errefuxiatuen kontua. Erregaiarekin eta energiarekin nahikoa dugu orain. Europako biztanleei zuzenean eragiten dien kontua izanik, eta kezka gehiago sortzen duenez, horretan dute jarrita fokua. Bien bitartean, jendeak guk sortutako gerretatik ihesean jarraitzen du, ordea.

Zein dira ISHk epe motzerako dituen asmoak?

Erreskate misioak egiten jarraitu nahi du ISHk. Dena den, urteko azken txanpari heltzeko ekintzak prestatzen ari da erakundea. Dirulaguntzak-eta urtebetekoak direnez, proiektua ere epe horretara mugatzen da. Gizartea sentsibilizatzeko ekintzak egiten jarraituko du ISHk; izan ere, erakundeak oso ezaguna dirudien arren, jendartean ez da oraindik behar beste ezagutzen. Mediterraneo itsasoan gertatzen ari dena errealitatea da, eta hori jendeak jakitea da erakundeak duen nahi nagusia.

Migratzaileen familia batekoa zara zu ere. Horrek eragin zuzena izan al du ISHn parte hartzen hasterakoan?

Etxean oso argi barneratu dut nire sustraien zati bat Azpeitikoa dela eta bestea Zamorako herri txiki batekoa. Gai horrekin ez dut inoiz barne borrokarik izan. 2015eko irailean, Aylan Kurdi haur siriarra Turkiako hondartza baten agertu zen hilda, eta gertaera hark eman zidan zer pentsaturik handiena. Gizarte bezala zer ari ginen egiten galdetzen nion neure buruari.

Oinarrian, antzekotasunik ikusten al diozu itsasoko migrazioari eta gainerako migrazioari?

Zenbait puntutan badago parekatzea, baina itsasoko migratzaileek bi handicap dituzte nire iritziz. Alde batetik, asko beste arraza batekoak dira; ezetz dirudi, baina arrazista hutsak gara. Bestetik, erlijioa dago tartean. Gurean, egun, sinesten ez duen jende asko badago ere, oraindik eragina izaten jarraitzen du erlijioak. Itsasoko migratzaileekiko portaera ez dute onartzen askok oraindik, eta niretzat erlijioak hor badu bere eragina. Kultura desberdineko jendea da, eta bizitzeko portaera eta ohitura desberdinak dituzte. Jendeak badu oraindik orain horiekiko betoa.

"Geroz eta gehiago ari gara ixten, indibidualismora jotzen, eta hori ezin dut jasan"

Errefuxiatuen gaiak konponbidea izan dezakeela uste duzu. Nola konpon daiteke afera?

Konponbidea sinplea da. Ulertu behar dugu ama lurra guztiona dela. Mugarik ez litzateke egon beharko, baina hori gauzatzeko, gizarte guztiak errotik aldatu beharko luke. Pikarokeria alde guztietan dago, inguruan bertan ere bai. Batzuek esaten dute migratzaileak guri dirua kentzera datozela hona. Baina zenbat herritar ari ote dira Gizarte Segurantzari iruzur egiten, langabezia kobratuta lanean baino hobeto daudelako? Hori egiten duen jendea dagoela ikusita, migratzaile batzuek ere gauza bera egiten dute. Ez dira desberdinak beste lurralde batetik datozelako.

Mugak aipatu dituzunez, egun zenbait ideologiatako alderdiek inoiz baino sutsuago defendatzen dituzte mugak. Italian, esaterako, eskuin muturrak gobernatuko du datozen urteetan...

Ukrainara eta Errusiara begiratu besterik ez dago. Italian eskuin muturrak gobernatuko du, eta dardarka gaude. Kezka sortu da ISHn, eta gainera, ikusten da indarra hartzen ari den joera dela. Berri hori, gainera, ez da migratzaileentzat soilik txarra, besteontzat ere halaxe da. Orain ohartuko gara, beharbada, herritarren eskubideak nola errespetatzen dituzten horiek, eta akaso, balioko du migratzaileak nola tratatu izan ditugun ikusteko.

Gai ilunak saihesteko joera handia dago gizartean. Nola erakar daitezke herritarrak horrelako proiektuetara?

Oso zaila da, ez dugu-eta nahi albiste txarrak jasotzea. Kezkarik gabe bizitzea nahi du egungo herritarrak, norbere konfortean sartuta eta kanpoko erasorik gabe. Norbere buruari eskatu behar zaio horrelako proiektuetara batzeko. Nik mila gauza kontatu diezazkioket pertsona bati, baina hura nik esandakoa entzuteko prest ez badago, alferrik da. Gai ilun horiekin ere gauza bera gertatzen da. Zer gertatzen ari den entzuteko prest ez badago, jendeari ez zaio mezua behar bezala iritsiko.

Gakoa, beraz, entzutetik ekintzetara pasatzea da. Jendeak lehen orain baino errazago egiten al zuen boluntario izateko urratsa?

Noski, ekintzara igarotzea da gakoa. ISHren proiektu handiena Aita Mari itsasontzia da, jendeari ikaragarri gustatzen zaio, baina hortxe falta da eskulan gehien. Oso kuriosoa da. Beste adibide bat ematearren: Alegian [Gipuzkoa] ari naiz irakasle lanetan, eta ikasgai batean auzolana ari gara lantzen. Alegia herri txikia da, eta baserrietatik-eta ezagutzen dute zer den auzolana, baina gazteak harrituta gelditu ohi dira beren aiton-amonei garai batean auzolana nola egiten zuten galdetutakoan. Garai batean, errepide bat garbitzera joateko gelditzen baziren, auzo guztiak parte hartzen zuen lan horretan; guzti hori, baina, galdu egin dugu. ISHren kasuan ere, auzolanak indar handia izan du. Aita Mari itsasontzia eskuratu zutenean, boluntarioen artean garbitu eta konpondu zuten. Espiritu berezi bat sortu zen horren bueltan, eta grin horrek mantendu du bizirik proiektua.

Elizan ere murgilduta zaude. Zein da zure egitekoa Andre Mariaren Jasokundeko parrokian?

Parrokiko taldean sartzeko modua oso kuriosoa izan zen. Alabari katekesian hastea egokitzen zitzaion, eta besoetan lau hilabeteko beste haur bat nuen. Lide Lizarralde katekistak bota zidan katekesira batzeko amua, eta nik irentsi egin nuen. Orduan zera pentsatu nuen: kristaua naiz, ez zait gustatzen Elizak orokorrean nola funtzionatzen duen, eta beharbada, barrura sartuta aldaketak proposatzeko aukera izango dut, edo gutxienez, Elizak nola funtzionatzen duen ikusteko modua. Katekista hasi nintzen, eta bitarte horretan etorri zen Felix Azurmendi erretorea, hain justu, duela hamar urte. Gehiago inplikatu nintzen, eta egun, parrokiako erabakiak hartzen dituen talde iraunkorreko kidea naiz. Gainera, pastoraltzako kontseiluan katekesiko ordezkaria ere banaiz.

Elizak ba al du errefuxiatuen kontuan egiteko jakinik?

Beste guztiok bezala, Elizak ere asko du egiteko. Are gehiago, egiten duela nabarmendu nahiko nuke. Azkoitiko Parrokiako taldeak, esaterako, sentsibilizazio egitasmoak antolatu ditu, baita diru bilketak ere; parrokia oso sartuta egon da gai horretan. Elizak, egungo Aita Santuarekin, pauso handiak eman ditu bide horretan. Lampedusako [Italia] errefuxiatuen erreserbara sinbolo bezala joan zen Aita Santua, jendarteari han eta haiekin egon behar zela esatera. Gainera, saiatu da politikari eta estamentu desberdinekin elkarrizketak egiten, igarobide eta korridore humanitario seguruak bideratzeko asmoz. Hain zuzen, Aita Santuak korridore humanitarioa egin eta jendea Vatikanora eraman zuen.

"Gauzak aldatu nahi baldin badira, parte hartu eta lagundu egin behar da gizartean"

Geroz eta jende gutxiagok sinesten du erlijioan. Nola ikusten duzu Elizaren egungo egoera?

Sinodalitate prozesuan, eliztarrok elkarrekin bidea nola egin ari gara aztertzen, eta asko hitz egin izan dugu horri buruz. Guztiok kristauak ginen tradizio batetik gatoz, baina, egun, aukera gehiago daude. Kristautasuna bide bat da; bide bat da Jesusi jarraitzea. Elizak berak esan izan du, eta guztiz jakitun da, gauza batzuk gaizki egin dituela eta orain egindako horren guztiaren ordaina ari dela jasotzen. Ondo ere egin ditu gauzak, ordea, hala nola behar dutenei laguntzen eta ikastolen zein kooperatiben sorreran parte hartzen. Gaur egun, guztiok guztiaz jakin dezakegu, eta jendeak zalantzan jartzen ditu Elizaren zenbait gauza. Tontakeriak alde batera utzita, Elizak bere oinarrizko mezua ematen jarraitu behar du, eta hori Jesusek zioena da: "Lagun hurkoa maita ezazu zeure burua maite duzun bezala, eta bizi zaitez maitasunez". Mezu horretara jo nahi du Elizak. Mezu hori guztiok sinetsiko eta beteko bagenu, bestelako mundu batean biziko ginateke.

Jendaurrean gero eta paper handiagoa dute Elizako emakumeek.

Azkoitiko Parrokian emakume asko egon izan da, eta hala dago egun ere. Urteetan zehar, herriko parrokian ezkutuko lan handia egin dutenak emakumeak izan dira: parrokia garbitzen, apaintzen, katekesian... Gizartea aldatu egin da eta Eliza ere eraldatzen ari da; izan ere, Eliza emakumea bistaratzen ari da. Halere, adineko emakumeei oraindik kostatu egiten zaie jendaurrean bistaratzea; agertzen direnak belaunaldi gazteagoetakoak izaten dira normalean.

Nola deskribatuko zenuke gaur egungo gizartea?

Geroz eta gehiago ari gara ixten, indibidualismora jotzen, eta hori ezin dut jasan. Hori ez dator nire izaerarekin bat, lurrean kolektibo bat izateko gaude eta. Festa egitea guztioi gustatzen zaigu, baina uste dut badagokigula inguruan zer dagoen begiratzea ere. Umeak ginen garaian, igandeetan dotore jantzi eta mezetara joaten ginen, pintxoren bat jaten genuen kalean eta aiton-amonen etxera joaten ginen familiarekin bazkaltzera. Gaur egun, ez dugu astirik familia elkartzeko.

Zerk gertatu beharko luke mundu honetan zuk boluntariotza alde batera uzteko?

Gertatzen dena gertatuta ere, laguntzeko modua ikusten dudanean laguntzen jarraituko dut. Jendeak inoiz boluntario izatea zer den probatuko balu, ikusiko luke gauza txikietatik zenbat gauza aberasgarri jasotzen diren. Norberak emandako guztia bueltan jasotzen da boluntario lanean, eta probatutakoan, segitzeko grina sortzen da. Halere, bada jendaurrean agertzeari erreparoa dionik ere. Behin hala esan zidan batek: "Bizitza pelikula bat bezala da; batzuk aktore nagusiak dira, eta besteok harmailetatik egoten gara haiei txalo egiten". Harmailetatik txalo egiten duenak, ordea, ezin du kexatu edo ez luke kexatu beharko gauzak oker daudelako. Gauzak aldatu nahi baldin badira, parte hartu eta lagundu egin behar da gizartean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide