Hilerriaren erraietan

Erredakzioa 2022ko urr. 31a, 09:00

Herritar gehienak urtean behin edo birritan joango dira kanposantura, lagun edo senitartekoren bati loreak jartzera nagusiki. Gutxi ohartuko dira hilerrietan dauden elementuez: Azkoitikoei buruz pistak eman ditu Juan Bautista Mendizabalek.

Hilerri gehienak bezala, leku pribilegiatuan dago Azkoitiko hilerria ere: Izarraitzen magalean dago, Baldatxo baserriaren parean. Beraz, ikuspegi ederrak ditu, alde batera, herri osoa menderatzen duelako, eta, bestera, Izarraitzera begira dagoelako. Baina, horrez gain, hilerri guztiek bezala, Azkoitikoak ere baditu herritar gutxik ezagutzen dituzten hainbat bitxikeria, eta horiek azaldu ditu Juan Bautista Mendizabal historialari eta gida azkoitiarrak. Egunotan herritar asko joango da bere herriko hilerrira, eta momentu egokia izan daiteke toki horri beste begi batzuekin begiratzeko. Pista batzuk eman ditu Mendizabalek.

Aurkitutako dokumentuen arabera, 1809an egin zuten Azkoitian gaur egun hilerria dagoen muinoan aurreneko lurperatzea —ordura arte parrokian egiten zituzten—, baina eremu horrek aurretik ere bazuen historia, han egon baitzen aurrenetako parrokia: Baldako Santa Maria. Gerora, ordea, herrira eraman zuten parrokia, izen berriarekin: Ama Birjinaren Jasokundearen Parrokia.

Gaur egun ezabatuta badago ere, hilerrira joaten ziren bisitariek hildakoen mezua zuten: Laster esango dute zuetaz gaur zuek gutaz esaten duzuena: ‘Hil ziren’. Bat nahikoa ez, eta bada antzeko bigarren mezu ezkutua Azkoitiko hilerrian. Gibert eta Mendizabalen hilarriak du idatzita: Zure bezalakoa nintzen, ni bezalakoa izango zara. Hilarri berak, baditu berezitasun gehiago; izan ere, arkitektonikoki ere oso berezia da; neogotiko estilokoa, hain zuzen.

Estilo arkitektonikoari dagokionez, hainbat estilo nahasten dira hilerrian; estilo gotikoaz gain, erromanikoaren eta exotikoaren ezaugarriak ere begi bistakoak dira beste zenbait elementutan. Hilerriaren aurretik, Baldako Santa Maria eliza egon zen bertan, eta haren arrastoak dira, esaterako, hilerriaren sarreratik gertu dagoen arku erromanikoa, 1200. urte ingurukoa, eta aurrerago dagoen ermita.

Panteoiei buruzko azalpenak ere eman ditu Mendizabalek. Panteoi batek, adibidez, burdina eta egurra uztartzen ditu, eta neoklasikoak ere badu presentzia Azkoitiko hilerrian; 1832. urte inguruko panteoi batean ikus daiteke, Mariano Jose Laskurainek diseinatu zuenean, hain zuzen. Harenak dira Azkoitiko Barriketa eta Azpeitiko garbitokiko iturriak.

Balio artistiko gutxiago duten baina ikusgarritasun handiko panteoiak ere badaude. Urtokoena, adibidez; anbulatorioko jauregi zaharreko familiarena. "Ukitu erromantikoa eta malenkoniatsua du, eta, gainera, atzeko ikuspegi horrekin, hilerriko ikusgarriena eta ederrena da", iritzi dio Mendizabalek. Gainera, familia osoa Azkoititik kanpo bizi den arren, herriko hilerrian hilobiratzen dituztela esan du historialariak. Altuna Portu familiako panteoia ere berezia da, Carrarako marmolez egindakoa, kolore zuria eta grisa uztartuz.

Eredu batzuk aukeran

Estilo ugariko hilarriak jarrita hilerri kaotikoa edota beldurgarria izatera irits zitekeela pentsatu zuen Azkoitiko Udalak orain urte batzuk, eta horregatik, hilarri eredu jakin batzuk jarri zituzten eredu bezala. "Hala, lauzpabost eredu ezarri ziren, eta horien artean bat aukeratu behar izaten dute herritarrek. Gainera, ateo edo ez fededunentzat ere badira gurutzerik gabeko hilarriak", azaldu du Mendizabalek.

Beste hainbat aldaketa ere izan ditu hilerriak. Esaterako, handituz joan da eremua; egun, hilerriaren erdian, belardian, norabide berean dauden harrizko hilarrien azpian lurperatzen dira gorpuak, eta askotariko mausoleoek zein panteoiek inguratzen dituzte horiek.

Batean zein bestean, badira pertsonaia ezagunak lur hartuta, hala nola, Raimundo Alberdi arkitektoa, Bartzelonako alkate izandako Gillermo Azkoitia eta Juan Ignazio Uria politikariak, edota Mariano Juaristi Atano III.a pilotaria. Azkoitiko apaiz izandako guztiek ere badute beraien panteoia, eta baita 1936ko Gerran bi bandoetan hildako azkoitiarrek ere.

Azken urteetan egon da berrikuntza gehiago: hilerrian eremu berria jarri dute, hormahilobien gunea ere bai, eta krematorioa ere sortu dute. Azken zerbitzu horren eskaera asko igo da, bertakoak ez ezik, inguruko hainbat herrietakoak ere errausten dituztelako bertan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide