Juan Luis Zabalak euskarara ekarri ditu Federico Garcia Lorcaren olerkiak

Andoni Elduaien 2022ko urr. 26a, 17:10

Juan Luis Zabala atzoko aurkezpenean. (Susa)

Idazle azkoitiarrak Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumaren barruan kaleratu du bere azken lanean. 2003an Zabalak berak argitaratu zuen Poeta New Yorken liburuan jasotako olerkiak eta Lorcaren hasierako zein amaierako beste hainbat jaso ditu liburuan.

Juan Luis Zabala idazle azkoitiarrak Federico Garcia Lorcaren olerkiak ekarri ditu euskarara. Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumaren barruan kaleratu du azken lana hark; hain zuzen, bilduma horretako 43. zenbakia da idazle azkoitiarrarena. Zabalak aurrez ere bazuen Lorcaren obrekin hartu-emana; izan ere, Erein argitaletxearekin 2003. urtean argitaratu zuen Poeta New Yorken liburua.

Idazle azkoitiarrak kaleratu berri duen liburuan bitan banatu du Lorcaren poesia: batetik, lehen lan hartako zenbait poema bildu ditu, eta bestetik, Lorcaren gainerako poema lan esanguratsuenak, haren hasierako eta amaierako urteetakoak. Hori horrela, Lorca poetaren antologia aurkeztu du oraingoan Zabalak. Hain zuzen, tradizio espainiarrak, Andaluziako ijitoak —Romancero gitano klasikoan— eta 1929ko krisialdi betean murgilduta zegoen New Yorkeko giroa jaso ditu liburuan.

Azkoitiarrak azaldu du Munduko Poesia Kaierak bilduman kaleratu duen lana ez dela ulertzeko eta interpretatzeko liburu erraza, "surrealismo asko" baitago. Hala eta guztiz ere, Zabalak adierazi du Lorcaren antologia lana osatzeko itzulpen nahiko "literala" egin behar izan duela, ez baita "ausartzen" poemaren esanahi literariotik kanpo "hegan egiten". Editoreak egindako aholkuei jarraituz, ordea, ahalegindu da zorroztasun hori nolabait hausten Poeta New Yorken liburutik kanpoko poemetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide