Punturik eskuratu gabe igaro dute asteburua Anaitasuna futbol taldeko lehen taldeetako neska-mutilek, biek ala biek galdu egin baitituzte ligako norgehiagokak.
Emakumezkoek Euskal Ligako zazpigarren jardunaldiko partida jokatu zuten atzo, larunbata, etxean, eta sailkapeneko azken postuetan den Basauriko Kimuak taldeak aurka neurtu zituen indarrak Mikel Barquerok zuzentzen duen taldeak. Hirugarren minuturako, ordea, bizkaitarrek aurreneko gola sartu zuten, eta 40. minuturako bigarrena ere sartu zien, azken hori penaltiz. Segidan etorri zen Kimuaken hirugarren gola ere, baina 44. minutuan gorrixen aurreneko gola iritsi zen, Lorea Ruedari esker.
Markagailua 1-3 zela heldu zen atsedenaldiaren tartea, eta partidaren 64. minutuan, Anaitasunako June Diazek bigarren tantoa eman zion taldeari; ordea, bi minutura Basaurikoen laugarren gola iritsi zen, eta azkenean, 2-4 amaitu zuten neurketa emakumezkoek.
Gizonezkoek, Durangon
Gizonezkoei dagokienez, Hirugarren Mailan diren Anaitasunako taldeak Cultural Durangoren aurka jokatu zuen atzo arratsaldean partida, Durangoko Tabira futbol zelaian. Neurketa parekatua egin zuten aurreneko zatian, baina taldeek ez zuten gehiegi arriskatu nahi izan, eta batak zein besteak golak sartzeko aukerak izan bazituzten ere, etxekoak gehiago izan zituzten. Hutsean joan ziren atsedenaldira, eta 53. minutuan iritsi zen lehenengo gola; Durangorena. Bizkaiko taldeak bost minutu besterik ez zituen behar izan bigarrena sartzeko, eta 75. minutuan iritsi zen hirugarrena. Partida amaitzear zela, berriz, laugarren gola sartu zuten bizkaitarrek, eta segidan gorriek lehen gola sartzeko aukera garbia izan bazuen ere, 4-0 amaitu zuten gizonezkoek neurketa.