Emakume etorkinen gaiaren inguruko hainbat jarduera antolatu dituzte Malen Etxeak eta udalak

Anartz Izagirre 2022ko urr. 14a, 12:02

Azkoitiko Udaleko eta Malen Etxeko ordezkariak, hitzarmena sinatu ostean. (Azkoitiko Udala)

Dokumental aurkezpenak, hitzaldiak eta txosten aurkezpen bat izango dira urrian eta azaroan zehar. Jarduera horien helburua da emakume langile etorkinen egoerari ikusgarritasuna ematea, eta datorren asteartean, urriak 18, izango da lehen saioa. Hain zuzen ere, Larre motzean dokumentala eskainiko dute egun horretan Elkargunean, 18:30ean.

Azkoitiko Udaleko Berdintasun Sailak eta Malen Etxea emakume etorkinen elkarteak hitzarmena sinatu dute beste behin, eta horren harira, hainbat jarduera antolatu dituzte emakume langile etorkinen egoerari ikusgarritasuna emateko. Urrian eta azaroan izango dira ekintza horiek, eta dokumental aurkezpenak, hitzaldiak zein txosten aurkezpena eskainiko dituzte.

Hain zuzen ere, datorren asteartean, urriak 18, izango da lehen ekintza. Larre motzean dokumentala eskainiko dute Elkargunean, 18:30ean hasita. Ikus-entzunezko horren xedea "Euskal Herriaren hazkundean eta garapenean lagundu duten emakume anonimoei ikusgarritasuna ematea" da, eta sinopsian zehazten denez, "goizetik gauera lanean, amesteko denborarik gabe, erditze, uzta, bizitza eta heriotzaren artean bizitza joan eta joaten zaien emakumeak" dira filmeko protagonistak. Bigarren hitzordua urriaren 26rako finkatu dute. Alessandra Ribeiro coach-ak Mujeres que vuelan con proyectos deituriko hitzaldia eskainiko du, eta "emakumeen ekiteko gaitasuna" izango du hizpide, bere esperientzia pertsonaletik abiatuta.

Azarorako, berriz, beste bi jarduera iragarri dituzte. Azaroaren 2an Klimatika dokumentala aurkeztuko dute Elkargunean, euskarazko azpitituluekin. Honela dio sinopsiak: "2017ko irailaren 20an urakanak egun bakar batean agerian utzi zituen politika kapitalista eta epe motzeko hirigintza planak, Puerto Rico babesik gabe geratuz klima aldaketaren aurrean eta emakumeak errefuxiatu klimatiko bihurtuz". Azkenik, txosten aurkezpen batek itxiko ditu jarduerak azaroaren 23an. Hain justu, Esplotazio sexuala helburu duen salerosketa eta lan esplotazioa Euskal Herrian deituriko txostena aurkeztuko dute.

Jarduera guztiak 18:30ean eta Elkargunean izango dira, eta sarrera irekia eta doakoa izango da. Beraz, edonork izango du horietara joateko aukera.

Emakume etorkinen alde

Ez da lehen aldia Azkoitiko Udaleko Berdintasun Sailak eta Malen Etxeak hitzarmena sinatzen dutena. Malen Etxea elkarteak giza eskubideen defentsan egiten du lan, eta bereziki, emakume etorkinen eskubideen alde, "egiturazko desberdintasunak deuseztatzeko". Elkartearen egitekoa, besteak beste, "eraldaketa soziala sustatzea" da, "ikuspegi feminista eta antiarrazista batetik, justizia soziala eta aliantza solidarioak eta jasangarriak nagusi diren gizarte sarean eraginez". Bi aldeen arteko hitzarmen bat dela-eta antolatu dituzte ekintzok.

Hona hemen egitaraua, osorik:

  • Urriak 18, asteartea. Larre motzean dokumentalaren aurkezpena. 18:30ean, Elkargunean.
  • Urriak 26, asteazkena. Mujeres que vuelan con proyectos hitzaldia. 18:30ean, Elkargunean.
  • Azaroak 2, asteazkena. Klimatika dokumentalaren aurkezpena. 18:30ean, Elkargunean.
  • Azaroak 23, asteazkena. Esplotazio sexuala helburu duen salerosketa eta lan esplotazioa Euskal Herrian txostenaren aurkezpena. 18:30ean, Elkargunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide