Maite Lopez Las Heras idazle azkoitiarrak Poetandreak literatura greko-latindarrean antologia liburua aurkeztu zuen atzo, osteguna, Donostiako Udal Liburutegian. Berak hautatutako 24 emakume poetak grekoz zein latinez idatzitako poesia lanak itzuli ditu euskarara azkoitiarrak; grekotik hartutako 21 lan eta latinetik hartutako hiru euskaratu ditu idazleak. Hala ondu du bere ibilbideko laugarren liburua. "Liburu hau egiten hasi aurretik oso garbi nituen zein ziren helburuak. Batetik, nahi nuen ezkutuan zeuden emakume poetak azaleratzea, eta bestetik, emakume poetek ondutako lanak euskarara ekartzea. Emakumea eta euskara elkar lotzea nahi nuen", adierazi zuen Lopezek.
Guztira, antzinaro klasikoko hamalau mendetan idatzitako emakumeen testuak eta testigantzak batu ditu Lopezek. Hain zuzen, K.a. 7. mendetik K.o. 5. mendera bitartean dauden 1.400 urtetan idatzitako emakumeen lanak, Safo olerkaritik hasi eta Aconia Fabia Paulina olerkarira arte. Irakurleak ez ditu aurkituko liburuan poetandre guztiak; izan ere, azkoitiarrak aukeraketa bat egin behar izan du lana osatzeko. Hark nabarmendu zuen, batetik, gaur egunera arte jasota dauden olerkarien arabera egin behar izan duela hautaketa, eta bestetik, antzinate klasikoaren "benetako zentzutik urruntzen zirenak" utzi dituela liburutik at, esaterako, kristau poetak.
Lopezek "hiru osagai lokarri berean lotu" nahi izan ditu oraingoan. Bere hitzetan, emakumeei, euskarari eta antzinate klasikoari egin nahi izan die ekarpena. "Literatura klasikoan, emakumeen berezko lekukotasunak baino, emakumeei ahotsa jarri izan dieten gizonen adibide gehiago daude. Nire xedea izan da emakume horiei tarte bat eskaintzea eta ahotsa dagokion pertsonari ematea". Dena den, literatura klasikoa eta euskara "eguneratzen" ere ahalegindu da. "Gaur, ez dira eguneratzen sarri literatura klasikoa eta euskara; badago hor bete beharreko hutsune bat. Gainera, badirudi horrelako kontuak aspaldikoak direla, hiltzear edo hilda daudela eta inori ez zaizkiola interesatzen. Kontu horiek gaur egunera ekartzea, zabaltzea eta ezagutaraztea nahi izan dut".
Azkoitiarraren arabera, orduko emakumeek ez zituzten maitasun poemak bakarrik idazten. Besteak beste, ardoari laguntzeko kantak, iragarkizunak, madarikazioak, hildako animaliei eskainitako hitzak, hiri ereserkiak eta kritikak ezagutu ahalko dituzte irakurleek. "Espero ez ziren gaiak jorratzeagatik, emakumeei izate hutsa ukatu izan zaie antzinarotik gaur arte". Olerki horiek "hezkuntza jasoa" islatzen dute, eta horregatik, azkoitiarrak uste du olerkariak "kulturadun emakumeak" eta "gizarte maila altukoak" zirela. "Literaturari ere berrikuntza handia eman zioten".
2020. urtean, Safo liburua kaleratu zuen Lopezek. Balea Zuria argitaletxeko Aritz Gorrotxategik azaldu zuen azkoitiarrarena "liburu berria" dela, baina, era berean "jarraipena" ere badela. "Duela bi urte Safo itzuli zuen Maitek, eta orduan hasi zen gure arteko harremana. Argitaletxea sortu genuenetik halako eskaintza ukaezinekin etorri dira idazle batzuk, eta Maiteren Safo da horietako bat. Hasierako harri edo sustrai horren bidetik etorri da bigarren lan hau. Maitek badaki hirugarren edo laugarren lan bat ere oso gustura jasoko dugula. Hemen beti ateak irekita izango ditu", esan zuen Gorrotxategik. Hain zuzen, liburu berrian ere txertatu du idazle azkoitiarrak Saforen lana; "antologiaren antologia" egin behar izan duela aitortu zuen idazleak. Hala eta guztiz ere, moldaketa batzuk egin dizkio hari. "Safo lehen liburu hartan agertzen diren poemak ez dira Poetandreak liburuan agertzen direnen berdinak. Haren poema garrantzitsuenak, esanguratsuenak edo niri gehien gustatu zaizkidanak sartu ditut".
Izenbururako, bi hitzen batura
Liburuari bi hitzeko izenburua jartzeko aukera hasiera-hasieran baztertu zuen Lopezek. Horregatik erabaki zuen azkoitiarrak hitz bateratu bat sortzea: Poetandreak. "Asmatutako hitza da. Ez nuen nahi izenburu ortodoxoa eta gramatikalki zuzena sortzea, zuzenegia izango zela iruditzen baizitzaidan; bestela, liburua aurkezpen honetan eta bizpahiru apaletan geldituko litzateke soilik". Halere, izenburuaren aukeraketak baditu idazlearentzat bestelako azalpen batzuk, etimologikoa kasu: "Poeta hitzak poeta esan nahi du latinez. Kultismo bat da, eta gainera, lehen deklinabideko izenak femeninoak dira, salbuespen batzuk salbu: zuhaitzak, ibaiak eta ogibideak. Poeta ogibidea izanik, izen maskulinoa zen. Grekoz, ordea, ez da gauza bera gertatzen. Grekoek bazuten emakumezko poetak izendatzeko izena: poietria".
Itzulpengintza lana izateaz gain, sorkuntza lana ere badela azpimarratu zuen idazleak, hain justu izenburua asmatutako hitza delako. Halaber, poetandre hitzak trikimailu bat baduela ere iragarri zuen. "Poeta eta andre hitzak erabiltzen ditut; poeta hitz latindarra da, eta andrea hitz grekoa; izan ere, andros grekoz gizona da. Androginismo horrekin jolastea gustatu zait, hitz bakar batean latina eta grekoa uztartuz. Gisa horretan, poeta eta emakumea bezala har daiteke, baina baita poeta eta gizona bezala ere. Era berean, latina eta grekoa ere batu daitezke".
Aurkezpena amaitzeko, Lopezek liburuaren bitartez lortu nahi dituen asmoen berri eman zuen. Poeta hitza "inolako bereizkeriarik gabe" erabiltzea nahi du, izan gizonentzat zein emakumeentzat. Gainera, idazlearen asmoa da irakurleak generoari erreparatu gabe eta [autoreak] emakumeak direla ahaztu gabe irakurtzea. Azken puntu bat ere nabarmendu nahi izan zuen azkoitiarrak hitzartzea amaitzeko. "Isiltasunaren harresia eraisten hasteko garaia da. Emakumeek jasandako oroimena ahaztu gabe, baina zurrunbilo ilun eta sakon horretatik urrun, haien ahotsak entzuteko prest egote hutsak oroimena osatzeko bidean dagoela adierazten du".