Hiru hamarkada dira Azkoitiko Azkoitri triatloi kluba sortu zutela, eta aurten talde horretako lau emakume federatuta ari dira lehiatzen; inoiz baino gehiago. Joan zen irailaren 10ean, taldeko hiru emakumek parte hartu zuten Zumaiako triatloian, eta horiek puntuak batzea lortu zuten klubaren historian lehen aldiz. Hain zuzen ere, Maialen Azpiazuk (Azpeitia, 1996), Naiara Perezek (Azpeitia, 1992) eta Vanessa Cerrajerok (Azpeitia, 1981) taldekako sailkapenean hirugarren postua eskuratu zuten, sprint modalitatean. Hiru kirolari horiek eta Desiree Odriozola (Azkoitia, 1985) elkartu ditu Urola Kostako Hitzak, Azkoitriren historian beste urrats bat egin dutelako.
Lau emakumeek bide desberdinak dituzte eginak triatloien munduan. Izan ere, duela 11 urte inguru ekin zioten Perezek eta Cerrajerok ibilbideari, eta ordutik, hainbat taldetan aritu dira eta hainbat proba egin dituzte. Azpiazuk eta Odriozolak, berriz, aurten egin dituzte aurreneko lasterketak. Azpiazuk federatu aurretik egin zuen lehen proba: "Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ez dago federatu gabe triatloirik egiterik, eta Nafarroara jo nuen probatze aldera; gero federatu nintzen". Odriozolak, bere aldetik, Donostian bizi izan zuen federatutako lehen esperientzia.
Aurreneko proba "sekula ahazten ez" den horietakoa izaten dela adierazi du Cerrajerok. Azpiazuk, berriz, ahazten ez dena proba hasi aurreko urduritasuna izaten dela esan du barrez: "Lasterketen aurretik beti zera pentsatzen dut: 'Zergatik eman nuen izena?'". Triatloietan parte hartzen hasi zenetik 11 urte pasatu diren arren, urduritasuna lasterketa guztietan izaten duela aipatu du Perezek ere. "Gurasoek esan izan didate oraindik urduri zer dela-eta egoten naizen hainbeste lasterketatan parte hartuta. Urduri jartzen ez naizen egunean, akabo, utzi egingo dut". Cerrajeroren aburuz, eduki egin behar da "urduritasun edo adrenalina" puntu hori.
Taldea babes
Azkoitri taldeko 38 lagun daude gaur egun federatuta, eta horietatik lau dira emakumeak. Dena den, badira taldearekin lotura duten emakume gehiago ere. Emakumeen kopurua handitzea "aldea" da Cerrajeroren arabera: "Inoiz ez da hainbeste emakume aritu Azkoitrin, eta ea gehiago animatzen diren".
Taldearen garrantzian jarri dute arreta kirolariek, entrenatzerakoan triatloia kirol bakartia izan daitekeela uste dutelako. Hala azaldu du Azpiazuk: "Zentzu horretan, kirol bakartia da, batez ere, emakume gutxi aritzen garelako. Kostatu egiten da entrenatzeko parekoa den pertsona bat aurkitzea; bizikletan entrenatzera mutilekin joanez gero, haiek zure erritmora egokitu behar izaten dute, edo zuk haienera, lepoan gantxoa jarrita". Eta, hain zuzen, entrenatzeko pareko pertsona hori topatzea garrantzitsua dela uste du Cerrajerok: "Horrek asko laguntzen du; zenbat eta emakume gehiago…".
Sasoi batean, taldeko kideek erritmo desberdinetan entrenatzeko hitzorduak jartzen zituztela oroitu du hark, eta ohitura hura berrartu egin behar luketeela uste du. Izan ere, gaur-gaurkoz, bakoitzak "ahal duen moduan" egiten ditu prestaketak, Cerrajerok esan duenez. "Goizez egiten dut lana, umeak koskortuta ditut, eta arratsaldeetan entrenatzen dut". Erabat bestelakoa da Odriozolaren egoera: "Desorduetan aritzen naiz prestatzen, umeak lo daudenean eta". Perezek eta Azpiazuk, berriz, lanaren arabera moldatzen dituzte saioak. "Lana bukatzean entrenatzen dut, eta entrenatzea bukatzerako, afalordua izaten da", adierazi du Azpiazuk.
Kirolari bakoitzak bere egutegia izan ohi du: batzuek egin dituzte jada 2021-2022 denboraldirako hitzartuta zituzten probak; beste batzuek, berriz, probaren bat edo beste egiteko dute oraindik; batzuk hurrengo sasoiari begira jartzeke daude oraindik; eta beste batzuk hasi dira hurrengo denboraldiari begira. Azpiazuk, adibidez, hurrengo aldian zer egin erabaki aurretik "deskonektatu" egin nahi du. Cerrajerori, berriz, beste kirol batzuek ere eragiten diote tentazioa. "Maiatzean izugarrizko inbidia pasatu nuen 40 MLK ultra trail proba ikusten... Dena den, ez dut epe luzerako erabakirik hartu nahi". Odriozolak igeriketari lotutako erronka jarri dio bere buruari. "Igeriketan hobetzea nahi dut, sprint distantziako triatloi bat egin ahal izateko". Perezek, bere aldetik, begiz jota ditu pare bat proba: "Distantzia ertaineko Iruñeko proba egin nahi dut, eta Zarauzko zozketan berriro tokatzea nahiko nuke. Mendi lasterketa pare batean ere parte hartuko dut, ez baitakit ezetz esaten, ezta geldirik egoten ere".
Gero eta emakume gehiago
Triatloietan gero eta emakume gehiagok parte hartzen dutela aho batez baieztatu dute Azkoitriko lau kideek. Azken urteetan emakumeen parte hartzeak izan duen aldaketa «pozgarria» dela esan du Cerrajerok, duela urte batzuk beti emakume berberak aritzen zirelako bateko eta besteko probetan. Perezek ere atzera jo du alderaketa egiteko: "Duela zortzi urteko probaren baten hasierako irudiak ikusten dituzu, eta hamar emakume ezin kontatu…". Gauzak aldatzen ari diren arren, gizon-emakumeen parte hartzea alderatzerik ez dagoela uste du Azpiazuk: "Lasterketetako izen emate zerrendak begiratutako bakoitzean, ‘zer emakume gutxi!’ pentsatzen dut".
Dena den, triatloiak badu kateatzen duen zerbait, eta hori zer den esaterakoan bat egin dute Cerrajerok eta Odriozolak. Hala azaldu du Odriozolak. "Desestresagarria da. Etxean edo lanean dudanaz ahazten naiz entrenatzerakoan, eta beste energia batekin hartzen dut gero datorkidana". Antzeko hitzak izan ditu Cerrajerok ere. "Deskonektatzen laguntzen dit kirolak, depresioaren aurkako botikarik onena da niretzat". Azpiazuk azaldu duenez, baina, gauzak hartzeko moduak estresa ere eragin dezake. "Asteak zazpi egun ditu, eta hiru kiroletan aritu behar duzu triatloirako prestatzeko. Dena den, lan asko egin eta jarritako helburua lortzeak harrapatu egiten du". Perezen arabera, triatloiko hiru kiroletan ondo aritzeko norbere burua kontrolatzea da gakoa: "Ezin duzu kirol batean kristorena egin eta beste batean ez aritu. Soka tenkatze horretan ibiltzeak kateatu egiten nau".
Azkoitri barruko emakumeen taldea handitzea nahi dute laurek, eta herritarrei taldera batzeko deia egin diete. "Beldurra alde batera uzteko" esan die Cerrajerok horiei, "norbere buruarekin gustura egotea eta ondo pasatzea" delako garrantzitsuena. Hala dio Azpiazuk ere: "Arreta pixka bat pizten dizun kirola baldin bada, merezi du probatzea".