Zubiaurreko emakumeak, ur handitan igerian

Andoni Elduaien 2022ko urr. 5a, 09:00

Igerilariak 'Emakumeari omenaldia' eskulturaren aurrean. (Andoni Elduaien)

Zubiaurre igeriketa klubeko sei neska igerilarik Logroñon jokatutako Espainiako Udako Igeriketa Txapelketan parte hartu zuten joan den uztailean. Azkoitiko klubak emakumeen arloan inoiz lortu duen emaitzarik onena eskuratu zuten, gainera bi lagun finalera sailkatuta. Seikotea oraindik ez da "oso kontziente" egindako lanaz, eta diotenez esperientzia "gogorra" bezain "ederra" izan da.

Zubiaurre igeriketa klubeko Nora Alkortak (Azkoitia, 2007), Nora Arozenak (Azkoitia, 2008), Enara Txurrukak (Azkoitia, 2007), Nora Mateosek (Azkoitia, 2007), Jare Goenagak (Azkoitia, 2007) eta Olaia Gaitanek (Azkoitia, 2008) Espainiako Udako Igeriketa Txapelketan parte hartu zuten uztailean. Gainera, seikotetik bi finalera sailkatu ziren: Arozena 50 metroko librean eta Mateos 100 metroko bular estiloan. Zubiaurre igeriketa klubarentzat denboraldi berezia eta historikoa izan zen aurrekoa; izan ere, ordura arte adin horretako neskek inoiz lortu gabeko balentriak lortu zituzten sei kirolariek.

Lagunak igeri ikastaroetan hasi ziren igerian ikasten, "izena eman zitekeen lehen urtean edo", 3-4 urterekin. Igeri eskolara igaro ziren gero, eta besakadaz besakada Espainiako Txapelketa jokatzera iritsi dira. Oraindik ere lortutakoa guztiz barneratu gabe jarraitzen du seikoteak. "Egin dugunaz ez gara oso kontziente. Alex Herrero entrenatzaileak era batera edo bestera beti botatzen zuen gure aurrean helburuak Espainiako Txapelketara sailkatzeak izan behar zuela. Hark hara sailkatzeko aukerekin ikusi gintuen hasiera-hasieratik, eta azkenean, denboraldi guztia horretan pentsatzen igaro genuen", hasi da Alkorta.

Esperientzia "gogorra" izan da, baina, era berean, "errentagarria"; izan ere, "egundoko esperientzia bizitzeko aukera" izan dutela nabarmendu dute kirolariek. "Hasieran asko kostatu zitzaigun, lagunak hondartzan edo festan ikusten genituelako eta guk txapelketa prestatzeko astean bost entrenamendu egin behar izaten genituelako. Merezi izan du, ordea", azaldu du Goenagak. Txurrukak, beste bost lagunek bezala, bere egin zuen entrenatzailearen desira. "Entrenatzaileak garbi zuen hasieratik lortu nahi zuen helburua. Mutilek ere lortu zuten duela urte batzuk txapelketa horretan parte hartzea, eta hura ikustera joandakoa nintzenez, han parte hartzea nire ametsa bihurtu zen".

Sei igerilariak, Logroñon.

Egonaldi aberasgarria

Logroñoko egonaldiak igeriketa sakonetik ezagutzeko aukera eman die sei lagunei. Egun zer nolako maila dagoen ikusi dute han. Oro har, bere adineko igerilarien maila "ikaragarria" dela diote. "Gure adinekoek eta bat zaharragokoek sekulako denborak egin zituzten, kasu batzuetan errekorrak hautsi ere bai. Horretarako bizi den jendearekin egin genuen topo, profesional mailara iritsi nahi duten igerilariekin. Gu, aldiz, beste lasaitasun batekin joan ginen, ahal genuen ondoen egitera eta ondo pasatzera. Igeriketa gure bizitzaren parte da, baina ez gara horretarako bizi", dio Txurrukak. Irabazi zuten aukera baliatzeko asmoz joan ziren igerilariak txapelketara. Dena den, bestelako gauza batzuekin ere txundituta gelditu ziren. "Partaide batzuek jantzi daitezkeen bainujantzi onenekin lehiatu zuten, eta egun batetik bestera berriak janzten zituzten zituzten. Gu, berriz, egunero berdinarekin ateratzen ginen lehiara", azaldu du Goenagak.

Logroñokoa esperientzia "ederra" izan zela aitortu dute denek. "Asteazken arratsaldean iritsi ginen hara, eta artean txapelketa hasi gabe zegoen. Kristoren jende pilarekin egin genuen topo, eta instalazio handiekin", esan du Txurrukak. Zubiaurreko kideek diotenez, klub asko dozenaka igerilarirekin iritsi ziren Espainiako Txapelketara, eta Azkoititik sei lagun joan ziren. Halere, balio eman nahi izan dio horri Txurrukak. "Agian beste klubentzat ez da guretzat izan den bezalako balentria izango beraien klubetik sei igerilari Espainiako Txapelketara joatea, baina guretzat handia da Zubiaurretik, Azkoitia bezalako herri batetik, hara joatea". Guztia berria egin zitzaien kirolariei Logroñon. "Hasieran harrituta gelditu ginen guztiok, lekuz kanpo egongo bagina bezala sentitzen ginen", gehitu du Alkortak.

Sei lagunak batzeko ere balio izan du, gainera, Logroñon egindako bost eguneko egonaldiak. "Sasoiari eutsi ahal izateko, ez genuen nahi genuen guztia egiteko aukerarik izan, eta seiok bestelako planak egiten hasi ginen orduan". Talde baten barruko taldetxoa eratu zuten igerilariek. Gaitan eta Mateos aurrez antzeko txapelketa batean parte hartutakoak dira, baina gainerako lau lagunentzat lehen aldia izan da Espainiako Txapelketan. Gaitanek dio "sekulako aldea" dagoela horrelako txapelketetara bakarrik edo taldean joan. "Taldean joan garenean askoz hobeto pasatu dut, esperientzia askoz ere hobeagoa izan da lagunartean joatea". Gauza bera nabarmendu du Mateosek ere. "Ilusio berezia egiten du kuadrillako lagunekin edo entrenatzen duzun lagunekin txapelketan parte hartzeak". Seiek garbi dute Logroñon bizitakoa "betirako gordeko duten esperientzia" izango dela.

Aurtengo sasoia ere hasi dira prestatzen, nahiz eta Arozenak ez duen gainerako bost lagunen bidea jarraituko; hark igeriketa uzteko erabakia hartu du beste kirol bati eusteko. Infantil mailatik junior mailara igaro dira orain neskak, eta norbere helburuak betetzen ahaleginduko dira, entrenatzaileak jarritako helburu nagusiekin tartekatuz. Euskadiko Txapelketara ailegatzeko asmoa duten arren, garbi dute aurten "gauza berriak" probatu nahi dituztela. Gazteak izateak ematen die oraindik horretarako aukera, eta datorren horri gogor heltzeko prest dira. Uztailera bitartean, badute horretarako beta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide