Klik!

Puntarik punta

Nerea Uranga 2022ko urr. 29a, 10:24

Kakutako gurutzea. (Argazkiak: Ihintza Elustondo, Ane Olaizola eta Udane Juaristi)

Mila metrotik beherako mendi tontorrak daude Azkoitian; batzuk ezagunak, eta beste batzuk, ez hainbeste. Hirukurutzetako, Izazpiko eta Izarraizko mendilerroetan kokatzen dira gehienak. Tontor garaiez gainera, bajuxeagoak diren mendi gain ugari ere baditu udalerriak.

Ezagunenetakoa, Kakuta

Kakueta, Kakuta (927 metro), Izarraitzko mendikatean dago kokatuta, eta Azkoitiko gailur ezagunenetako bat da. Anaitasuna Mendi Bazkunak antolatuta, Kakutako eguna ospatzen dute mendizaleek maiatzeko lehen igandean.

Garaiena, Samiño

Samiño, Hirumugarrieta, edota tontorreko harrian ipintzen duen bezala, Iruarrieta. 933 metroko altuera du. Azkoitiko udalerriaren mugen barruan dagoen mendien artean garaiena da. Azkoitiko, Azpeitiko eta Zumarragako udalerriek gain horretan egiten dute muga. Izazpiko (973 metro) mendilerroan dago Samiño, eta Historiaurreko aztarna ugari daude bertan: Elorrietako tumulua, Pagobakarra tumulua, Iruarrieta I eta Iruarrieta II tumuluak eta Hirumuhgarrietako trikuharria. Samiñoren hegoaldean Gurutzetako (928 metro) tontorra dago.

Izarraitz mendilerroan, hainbat tontor

Kakuta izan arren tontorrik ezagunena, beste hainbat gailur ere badaude Izarraizko Azkoitiko mugetan, eta horietako batzuk dira honako hauek: Makola edo Marakola (701 metro), Kakutaren hegoaldean; Putraeraitzeko gaina edo Gazteluko gaina (887 metro), Kakutako kresterioaren mendebaldean, Kakutako eta Aizpeltzko (890 metro) tontorren artean; Aitzondo (759 metro), Aittolako Zorrozpeko aparkalekutik bistan dagoena (argazkian, hango tontorretik dagoen ikuspegia); eta Urnobieta (644 metro), Azkarate gainetik gertu.

Muga-mugan: Munoaundi bat

Azkoitiko hainbat mendi gainetan mugarriak aurki daitezke, inguruko herriekin muga egiten duela adierazten duten harriak. Munoaundin (385 metro) –argazkian– nahiz Txalintxon (385 metro) Azkoitia eta Azpeitia arteko mugarriak aurki daitezke. Txalintxoko gurutzea Azpeitiko lurretan dago, baina gertu-gertu, ezker aldera, dago bi udalerrien arteko mugarria.

Munoaunditik herriaren bestaldera, Urnobietan dago Azkoitiaren, Elgoibarren eta Mendaroren muga. Handik hurbil, Azkarateko gainean, Elgoibarrekin egiten du bat Azkoitiak. Agerreburun (857 metro), berriz, Bergararekin egiten du topo Azkoitiak, eta Samiñon, Azkoitiak, Azpeitiak eta Zumagarrak egiten dute bat.

Iriaun, Nafarroaren erreinua

Elosua auzotik bertan dago Iriaun (563 metro) mendiaren tontorra. Nafarroako Erresumaren defentsarako gune izandakoa da, eta X. eta XI. mendeetako gaztelu baten arrastoak daude bertan. Gaur egun, gunea jabetza pribatukoa da, eta eraikin hori egin zutenean, aurretik zegoena eraitsi egin zuten.

Oleta: zentral eolikoaren asmoa

Oleta (837 metro) Izazpi mendilerroko gaina da, eta Samiñorekin lotuta dago, Akaitz Bazterra (826 metro) muinoarekin. Oletak bi tontor ditu, bigarrena Oleta Txiki (781 metro) da. Trinitate egunaren bueltan (maiatzaren hondarretan edota ekainean), Oletako eguna ospatzen dute mendizaleek. Meza eta erromeria egin ohi dituzte.

Capital Energy enpresak Oletan parke eolikoa egiteko Buruzai proiektua aurkeztu du, eta horrek hautsak harrotu ditu. Proiektu eoliko horren kontra egiteko Oletan ere Ez! taldea sortu dute hainbat herritarrek, eta egitasmoaren aurkako sinadurak ere bildu ditu.

Hirukurutzeta, historiaurreko gurutzeak

Deba eta Urola bailarak banatzen dituen Hirukurutzeta (898 metro) mendilerroan Historiaurreko Megalitiko garaiko hainbat monumentu daude. Esaterako, Atxobasoko muinoan Agerreburuko trikuharria dago. Hiru tontor txiki batzen dira bertan: Hirukurutzeta, Kurutzezarra eta Kurutzebakar. Azkoititik gailurrera igotzeko, Urrategi auzotik doana da mendizaleentzako biderik ohikoena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide