Agur, Elosuko mendi ganadu feriari

Andoni Elduaien 2022ko urr. 12a, 09:00

Elosuko feria eguneko artxiboko irudi bat.

Irailaren hasieran iritsi zen "aspaldian nabaria" zen albistea Elosua auzotik. Elosuarrek hala erabakita, urriaren 12an urtero auzoan egin izan duten mendi ganadu feria gehiago ez dute egingo. 2019. urtean antolatu zuten azkenekoz feria, historian 41. aldiz.

Urriaren 12a bestelakoa izango da aurrerantzean Elosuan, auzotarrek hala adostuta, mendi ganadu feria behin betiko bertan behera utzi baitute. Azken urteetan feria eguna antolatzen aritu diren eta ferian parte hartu duten hiru lagun dira Joseba Lizarralde (Azkoitia, 1965), Sorkunde Aranbarri (Azkoitia, 1968) eta Iñigo Zubeldia (Donostia, 1970). Zubeldia Elosuko auzo alkatea da egun, eta hark adierazi du bilera bakarra egin zutela feriaren gaineko azken erabakia hartu ahal izateko. "Bilera egiteko deialdia zabaldu genuen, baina auzoan bizi garenok bakarrik elkartu ginen. Zurrumurrua bazebilen, aurten auzoan feria egingo ote zen edo ez. Azken unera arte utzi nahi izan genuen guztia, zer gertatzen zen ikusteko. Jendeak, ordea, ez zuen garbi ikusi kontua, eta hori horrela izanda, ezin zitekeen eguna antolatzen jarraitu". 2019. urtean egin zuten XLI. Elosuko Feria, guztietan azkena. Dena den, Lizarraldek dio zurrumurru antzu ugari entzun izan zirela 2019a baino lehenagoko urteetan ere. "Urte askoan esan izan da Elosuako feria gehiago ez dela egingo, baina esan horiek ez zuten izaten ez bururik eta ez hankarik. Aurten arte sekula ez da egon feria bertan behera uzteko inolako asmorik; arazoak areagotzen joan dira, noski, auzoko jende gehiena adinean aurrera doalako eta gazterik ez dagoelako".

Zubeldia, Lizarralde eta Aranbarri. (Andoni Elduaien)

Azkoitia eta Bergara arteko auzoko feriak badu bere historia. Lizarraldek entzuna duenez, duela bi mende inguru Gorlako kantinaren inguruan izaten zen feria eguna. Iturriberri gaina bezala ezagutzen zan garai hartan, eta aurrez, San Adrian bezala, han zegoen ermitagatik. Gero, ordea, utzi egin zioten hura antolatzeari. "Esan izan digutenagatik, han lapurreta batzuk izan ziren orduan, eta feria antolatzeari utzi zioten". Zenbait elosuar Gorlako feria auzoko plazara eramateko lanetan hasi zen hamarkada batzuk geroago, eta 1978an egin zuten aurrenekoa. Hirukoteak gogoan du, esaterako, hasierako ferietan azken urteetan baino animalia gehiago izaten zirela plazan. "Plaza ganaduz beteta egoten zen, eta elkartearen atzeko zatian kokatzen ziren artisauak eta saltzaileak. Gerora, aldatu egin zen pixka bat antolaketa". Hala eta guztiz, Elosuko ferian egiten zuten lana ez zutela auzotarrentzat egiten nabarmendu dute hiru lagunek. "Auzo guztia elkartzen zen besteentzat lan egiteko, ez auzoaren edo auzotarren alde egiteko". Elosuan bezala, inguruko herrietan eta auzoetan urteetan egin izan diren beste ganadu feria asko ere bertan behera gelditu dira. Arrazoiak askotarikoak dira, baina urtez urtez ganaduzaleei zuzendutako araudiak aldaketak eragina izan du. Eguna feria izenpean antolatzeko, animaliek ganadu kanpaina eginda egon behar izaten dute, eta horrek "kostu handia" duela diote. Hori horrela, urriaren 12ko feriari izena ere aldatu izan diote; urte askoan eguna feria izenpean antolatu izan badute ere, araudia aldaketengatik erakusketa izenpean ere egin behar izan dute sarri askotan. "Urtez urte gero eta zailtasun gehiagorekin egin dugu topo".

Ganaduzaleen moduan, artisauak eta saltzaileak ere plazarik gabe gelditzen ari direla dio Andres Etxabek (Legazpi, 1964). 25 bat urtez joan izan da hura Elosura bakailaoa, gazta eta bestelako produktuak saltzera. "Penaz" hartu du berria legazpiarrak ere. "Urtero joaten ginen Elosura, eta oso giro ona aurkitzen genuen han. Feria egiteko toki polita eta berezia zen; izan ere, hemen inguruan ez dago naturan egiten den beste feriarik". Horrelako egitasmoentzat "etorkizun tristea" aurreikusten du saltzaileak, eta erakundeek halakoak lagundu egin beharko lituzketela uste du.

Andre Etxabe, eskuinean, bere salmenta postuan.

Hartu dutena erabaki zaila izan da bizilagunentzat, auzoarentzat "egun handia" izan baita azken urteetan urriaren 12a. "Ilusio eta gogo handia izaten genuen feria eguna iristeko. Elosua beti izan da guztia guztion artean egiteko auzoa. Belaunaldi desberdinetako jendea batu izan da beti lanerako eta festarako. Gazteak ginenean, sekulako jende pila elkartzen zen auzoan lan egiteko, baita auzotarren lagunak ere", azaldu du Aranbarrik. Jende horrek guztiak, ordea, lanera etortzeari utzi ziola adierazi du Lizarraldek, eta auzoan gazterik ez dagoela nabarmendu du hark. "Auzoan 25 urteko lau gazte bizi izan balira, feria aurrera ateratzeko modua izango lukete nolabait. Elosuan, ordea, ez daude 25 urteko lau gazte, eta bakarrik ez dago eguna aurrera ateratzerik". Auzo alkateak, bestalde, jendea zahartzen joan den heinean, auzotarren artean "freskotasuna" eta "bizipoza" agortzen joan direla azpimarratu du, giroa "tristetzen" joan dela iritzita. Dena den, eta feria egunean egiten zuten lanari balioa emanez, Aranbarrik gogora ekarri ditu Elosuko emakume guztiak: "Emakumeengatik izan ez balitz, feria eguna ez genukeen antolatuko. Emakumeok lanean aritzen ginen egun osoan zehar, eta ia ez genuen kanpoan zena ikusi ere egiten; izan ere, goizean goiz lanera sartu eta iluntzera arte ez ginen ateratzen plazara. Gainera, emakumeek jartzen zuten giroa ere ederra izaten zen, beti aurpegi alaiak erakusten zituzten".

"Aurten arte Elosuan ez da egon sekula feria bertan behera uzteko inolako asmorik"

Erraztasunik ez, ondorengorik ez

Auzotarrek egindako kalkuluen arabera, egun 30-40 pertsona inguru bizi dira Elosuan, eta haiek feria behin betiko etengo zutela jakinarazi zutenean, auzoan "oinordekotza falta" zutela nabarmendu zuten. "Landa eremuetan ez da bermatzen oinordekotzarik, ez baitago erraztasunik auzo horietan bizitzeko. Elosuan lagun kopuru jakin bat bizi gara, eta norbaitek zerbait behar baldin badu, herrira jaitsi beharra du nahitaez", azaldu du Zubeldiak. Aranbarrik baieztatu egin du auzo alkatearen esana, eta aitortu du beraiek "zorte apur bat" izan zutela. "Haurrak eskolara eramateko, auto bat etortzen zen haien bila, baina gaur egun zerbitzu hori ere ez dago".

Auzoan "ezer gutxi" daukatela salatu dute auzotarrek, eta jakinarazi dute gaur-gaurkoz duten zerbitzu bakarrenetakoak zaborrarena eta postarena direla, baina horien onurak Bergara aldeko auzotarrek soilik jasotzen dituztela. "Elosutik Azkoitia aldera dugun lehen hondakin gunea Ipintzan daukagu, Garbigunean. Auzora ez dira etortzen zaborra jasotzera; Bergara aldetik, berriz, egunero. Eskaera egin genuen Azkoitiko Udalean, baina zabor ontziak Olotzagan jarriko zizkigutela esan ziguten. Guretzat ez dago alde handirik edukiontziak Garbigunean edo Olotzagan edukita", azaldu du Aranbarrik. Posta, bestalde, ostiraletan iristen da auzora Bergara aldetik. "Azkoitia aldeko auzotarrok Jandaloko bidegurutzean dugu postontzia, eta oso egoera txarrean dago. Barraskiloak sartzen dira barrura, eta gutun-azal asko horiek janda aurkitzen ditugu. Postontziaren atea, berriz, asun artean zabaldu behar izaten dugu".

Sendagileen bisitak ere jasotzen zituzten lehen baserrietako aiton-amonek, baina diotenez, horiek egun ez dira auzora iristen. "Lehen medikuren bat etortzen zen aldiro-aldiro, baina gero etortzeari utzi zioten; urteak dira zerbitzu hori galdu genuela. Helduentzat eta haurrentzat zerbitzurik ez baldin baldin badago auzoan, gainerako auzotarrak horien guztien esklabu egiten gaituzte eta ez dugu inolako erraztasunik. Zerga guztiak ordaindu behar izaten ditugu, beharbada kaleko herritarrek baino gehiago, baina erakundeek ez dute auzotarrontzat Elosura garraioa jartzeko gaitasunik. Zerbitzu horiek defizitarioak direla erantzuten dute, baina argi izan behar dugu zerbitzu publikoak zerbitzu solidarioak direla definizioz, ez etekin ekonomikoa lortzeko zerbitzuak", dio Zubeldiak. Auzotarrek sumatzen dituzten arazoen artean bada beste bat ere: Aitzarra baserritik Aizpurutxora doan errepidea "oso egoera txarrean" dagoela diote, "txiki-txiki" eginda eta "ebakita" baitago.

"Apaizetxea guk kudeatuta, iruditzen zaigu auzoari bizi pixka bat eman ahal diogula"

Auzoan ilusioa berpiztu nahian

Elosuan feria 41 urtez egiteko gako nagusia auzolana izan da, eta giltzarri horri eutsi nahi diote auzoan ilusioa pizteko. Ikastaroak, tailerrak eta kontzertuak antolatu dituzte azken hilabeteetan. Era berean, auzoko apaizetxearen kudeaketa ere elosuarren esku dago orain. "Pandemiaren aurretik gotzaindegiak eskakizun handiagoak zituen, baina haren ondoren gure esku utzi zuen lekua, hura zaintzearen eta hobetzearen truke", azaldu du Zubeldiak. Auzotarrei "interesgarria" iruditu zitzaien apaizetxea kudeatzea, uste baitute modu horretan auzoari "bizi pixka bat" eman ahal izango diotela.

Proiektu bat esku artean zutela hartu zuten apaizetxearen ardura elosuarrek, nahiz eta azken urteek ez duten gehiegi lagundu hura gauzatzen. "Proiektua gauzatzeko diru asko behar zen, eta ez genuen horretarako prest zegoen erakunderik aurkitu; inork ez du ganorazko ezer egiteko dirurik jarri nahi". Hain zuzen, auzotarrek apaizetxean aterpetxe bat jarri nahi dute. "Gure txikian ari gara zerbait egin nahian, baina ez dakigu zehazki zer bide hartuko duen". Auzoa ilusioz berpiztea da elosuarren nahia, "bestela, akabo".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide