Erretratua

Tibalt Alberdi: "Gitarra irakasletzat eta okintzat daukat neure burua"

Miren Elorza 2022ko urr. 30a, 10:12

Tibalt Alberdiren erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga/Argazkiak: utzitakoak)

Tibalt Alberdik 21 urterekin hartu zuen gitarra bat lehenbizikoz esku artean, eta ordutik ez du askatu ere egin. Azken urteetan, online plataformetako eduki sortzailea ere bada, eta gitarraz zein bideo-jokoez zuzenekoak egiten ditu Twitch eta YouTube plataforma digitaletan. Egun, Logroñon bizi da.

Tibalt Alberdik (Azkoitia, 1992) Historia ikasketak egin zituen Gasteizen, irakasle izateko asmoarekin, baina berehala konturatu zen hori ez zela berea. "Ez nuen nire burua 14 edo 15 urteko gazteei historia irakasten ikusten; samindu egingo nintzatekeela jabetu nintzen" dio azkoitiarrak. Lagun batek zor zizkion sei euroak diruz ordaindu beharrean, gitarra klase bat emateko proposatu zion behin Alberdik lagunari, eta hura izan zen gitarra ikasten hasi zen aldia; orduz geroztik, ez da inoiz gitarrarengandik aldendu. 21 urte zituen orduan, eta gitarra espainiarrarekin jo zituen lehenengo akordeak. "Gitarra espainiarra beste modu batera afinatu eta Berri Txarrak edo Su Ta Gar taldeen abestiak jotzen nituen". Musikarekiko zaletasuna nerabezaroan hasi zitzaiola adierazi du Alberdik. Su Ta Gar zuen talde kuttunetako bat, eta talde haren abestiak entzunez konturatu zen gitarra zela emozio gehien sorrarazten zizkion eta gustukoen zuen instrumentua. Emozio handiz oroitzen du Eibarko taldeak Ibarrako Gaztetxean eman zuen kontzertuetako bat: "Nire kontzerturik kuttunena izan zen. Agertoki oso txikia zen, eta lehen ilaran nengoen. [Aitor] Gorosabel tarte oso txikira izan nuen. Ikaragarri gozatu nuen kontzertu hartan".

Azken urteetan, plataforma digitaletara egin du jauzia Alberdik. YouTube eta Twitch plataformetako kanalak ditu, eta nahiz eta azken boladan YouTube zertxobait albo batera utzita duela dioen, bietan sortu ditu edukiak. Lehenengo pausoak Twitchen eman zituela gogoratzen du Alberdik; berak kontsumitzen zituen bideo jokoen inguruko zuzenekoak egiten hasi zen. Hasiera hartan, edukiak gaztelaniaz sortzen zituen, eta adierazi duenez, lagunen artean "barre batzuk" egitea zen helburua. Gero, unibertsitateko bazkari batetik atera zitzaion edukiak euskaraz sortzeko ideia. Hark adierazi duenez, gitarra ikasten hasiberria zen lagun batek kontatu zion euskaraz eta euskal musikari buruz ikasi ahal izateko edukiak bilatzea oso zaila zela. Horrela bururatu zitzaion musikariari euskarazko gitarrarako tutorialak sortzen hastea: "Neuk nekizkien abestiak irakasteko aukera nuela ikusi nuen, eta halaxe hasi nintzen. Egin nituen lehendabiziko bi edo hiru bideoek lotsa ematen didate orain, oso gaizki eginda baitaude, baina pixkanaka ikasiz joan nintzen, eta kalitatez hobetzen edukiak". Metal zale amorratua da Alberdi: Su Ta Gar, Berri Txarrak, Metallica edota Judas Priest taldeak ditu gustuko. Jazz fusion estiloa ere oso gogoko duela aitortu du: "Chikara Ueda & The Power Station 70. hamarkadako Japoniako talde bat da, eta azkenaldian asko entzuten dut". Dena den, talde zehatzak entzuten baino, gitarra jole jakin batzuk aditzeko ohitura handiagoa duela adierazi du hark; adibidez, Shawn Lee eta Jason Becker estatubatuarren jarraitzailea da.

Dena den, gitarra irakasleaz gain, okina ere bada Alberdi. "Gitarra irakasletzat eta okintzat dut neure burua", argitu du. Ikasketak amaitzean Gasteizen bizi nahi zuela erabakita, dirua irabazteko asmotan hartu zuen amaren okin lekukoa, eta horretan jarraitzen du, musikaren eta ogien artean murgilduta.

Euskarazko edukiak

Musikarekiko duen zaletasuna komunikazioaren arlora eraman du azkoitiarrak. Izan ere, duela urtebetetik Gitarrizketa izeneko zuzeneko saioa egiten du. Twitch plataforma digitaleko kanalean Euskal Herriko gitarra jole desberdinei elkarrizketak egiten dizkie Alberdik. Orain arte, 37 izan dira astearte gauean, 22:00etan, zuzenean elkarrizketatu dituen musikariak, horien artean Liher taldeko Iñigo Etxarri, Belako taldeko Iosu Ximun Billelabeitia eta Olatz Salbador. Elkarrizketa gehienak metal musikaren ingurukoak izango zirela bazekiela dio Alberdik, baina azaldu du saiatu dela "beste estilo batzuetako jendea" ere elkarrizketatzen. Aurtengo denboraldirako, berriz, erronka bat du buruan: emakumeei toki gehiago eskaintzea. "Egin ditudan 37 elkarrizketetatik bi bakarrik gauzatu dizkiet emakumeei, eta horrek lotsa pixka bat ematen dit". Dena den, emakumezko gitarra jole "gutxi" daudela adierazi du azkoitiarrak: "Abeslari edo front woman asko dago, baina gitarra joleak ez horrenbeste. Horregatik iruditu zitzaidan interesgarria, adibidez, Olatz Salvador elkarrizketatzea. Nahiz eta ez den nire estiloko musikaria, garrantzitsua iruditu zitzaidan hari elkarrizketa egitea".

2020an, pandemiaren eztandarekin, "ganorazko" bideoak egiteko azpiegiturarik ez zuenez, zuzeneko edukiak sortzeari ekin zion etxetik, gitarra jotzen, inprobisatuz eta euskaraz. Une hartan, #3000Twitz kanpainan sartu zen Alberdi. Kanpaina haren bitartez, Twitch plataforma digitalean #euskara etiketa jarri ahal izatea eta euskal eduki sortzaileei bultzada ematea lortu nahi zuten. #3000Twitz kanpainarekin lortu ez arren, etiketen unibertsalizazioari esker lortu da #euskara etiketa jarri ahal izatea, eta horren aurrean gustura da Alberdi. "Bi urte eman ditugu kontu horrekin borrokan, eta ez digute kasurik egin, baina orain, etiketen unibertsalizazioarekin posible da #euskara etiketa jartzea. Hori beharrezkoa da euskal sortzaileak batzeko eta denon artean indarra egiteko". Hizkuntzaren hautua garrantzitsua dela iritzi dio azkoitiarrak, baita edukiak izango duen oihartzunari dagokionez ere: "Nahiz eta jende gutxi aritzen garen euskaraz, gure leku txiki horretan oihartzuna edukitzeko aukera gehiago dagoela dio Aiora Probatxo YouTuber euskaldunak, eta arrazoia du. Baina edukiak euskaraz sortzeko ideia dutenei dirua lortzeko itxaropenik ez izateko esan nahi diet". Sortzaile guztien kasuan, eta are gehiago euskarazko sortzaileen kasuan, horrelakorik ez dela gertatzen dio Alberdik. Hain zuzen, garrantzitsuena norbera aseko duen zerbait sortzea dela aitortu du. "Norbaiti laguntzen ari zaren sentsazioak betetzen bazaitu, bikain, aurrera. Baina horrek ez zaituela beteko sentitzen baduzu, ez sartu mundu horretan. Edukiak sortzeari denbora asko eskaini behar zaio, eta horiek gehien-gehienetan ez dira ordaintzen".

Hedabideen laguntza, beharrezkoa

Eduki digitalen unibertsoa ikaragarri handia da, eta sortzaile denek dute unibertso erraldoi horretan tokitxo bat egiteko zailtasuna. Horren aurrean komunikazio enpresek eta hedabideek duten papera ezinbestekotzat jotzen du Alberdik. Euskaldunek euskarazko edukiak kontsumitzea nahi baldin bada, euskal hedabide nagusienek eduki sortzaileei laguntzea "behar-beharrezkoa" da Alberdiren hitzetan. "Hedabideek hiru modutan lagun gaitzakete: dirua emanez, materiala emanez edo publizitatea eginez".

Motzean

  • Adina: 30 urte
  • Ikasketak: Historia gradua, Historia Garaikide masterra eta Rock Schooleko zortzigarren gradua gitarran. 
  • Lanbidea: Okina eta gitarra irakaslea.
  • Okina eta gitarra irakaslea ez banintz... historia irakasle izango nintzateke.
  • Gitarra klaseak amaitzean gogoko dut... telesail bat ikusiz sofan lasai egotea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide