Kasualitatez iritsi zait eskuetara aspalditik irakurri nahi nuen liburua. Oporretara eraman dut, dagoeneko onartua baitaukat gainontzeko urte sasoian hirugarren orritik aurrera itzarri mantentzeko gaitasuna galdua dudala. Espainia hegoaldean igaro ditugu atseden egunak, hotel eder bateko igerilekuan gozatu ditugu goizeko eguzki printzak eta hondartza amaigabeetan hartu gaitu ilunabarrak. Bizimodu idiliko horretara errazegi ohitzen ari naizela ohartzerako, ordea, belarrondoko ederra eman dit liburuaren protagonistak: Ibrahima Baldek.
Adi, spoilerrak datoz, baina Baldek bizi izandakoa ezagutzea nik jaso dudan zaplastekoa adina beharrezkoa izango zaizuelakoan nago. Balde ez da fikziozko pertsonaia bat, hezur haragizkoa da, eta Amets Arzallusen eskutik Miñan liburuan kontatu du hark anaia txikiaren bila Afrikatik Europara egindako bidea: Ginea, Liberia, Mali, Libia, Aljeria, Maroko; idazten jakin ez baina akademiatik igaro den beste askok baino kontakizun aberatsagoa duen horrek esplikatu dio kazetariari milioika kilometroko odisean jasan zuena: basamortua, mina, muga, gosea, beldurra, errua. Eta deshumanizazioa: polizia, mafia, preso hartzea, bahiketa, esklabutza, tortura.
Oporretan jolaserako busti garen itsaso beretik lehorreratu zen Balde
Oporretan egon garen herritik kilometro gutxira lehorreratu zen Balde, gu jolaserako busti garen itsaso beretik. Hortaz jabetu berritan, edonismoa arnas zitekeen hondartzako taberna bateko horma izkin batean ikusi nuen Menak gure auzotik kanpora zioen afixa. Han ere zenbaitek hegoaldeko mugaz bestalde bizi dituztenak ez dituzte ongi etorriak, baina Magreben ere ez beren azpiko herrialdetakoak –hori erakusten du Baldek bere kontakizunean–, eta horrela segi genezake, Lurraren oin beltzenera iritsi arte.
Haiekiko ezaxolan gabiltzan bitartean, Afrikako milaka pertsonek hartua dute tonbolan jokatzeko bide desesperatua. Itsasoa, hori da tonbola haientzat: "Zuk badakizu jende asko ez dela bestaldera iristen, baina libiarrak yallah yallah esango dizu. Itsasoa zakarra bada ere berdin dio, zodiakari sakatzen segituko du. Hark nahi duen bakarra da zodiaka jendez betetzea, eta gainezka egiten badu nahiago". Baldek ondo baino hobeto daki itsasoa ez dela inor esertzeko lekua.
Hitzok barneratu nahian nabilela jaso dut gertuko baten deia, eta herriko festetako kontuen berri eman ondoren eskatu dit ea oporretatik loteriaren dezimo bat eramango al diodan. Gizajoak gu, horren gosez bizi garela, loteria jaio ginen egunean suertatu zitzaigula jakin gabe; bizitzan dugun guztia, heziketa, lana eta osasuna barne, mapan kokatu gintuen zoriari zor diogula presente eduki ezinda.