Txalonerrekako etxebizitza libreak babes ofizialeko bihurtzea erabaki du udalbatzarrak

Andoni Elduaien 2022ko urr. 3a, 15:07

Udalak Jaurlaritzari saldutako Txalonerrekako lursail eremua.

Udalak Jaurlaritzari Txalonerrekako zenbait lursail saldu zizkion iaz, baina lanekin hasteko, udalak Jaurlaritzari babes ofizialak egiteko lursailak eman behar dizkio. Hori horrela izan dadin, udalak Txalonerrekako etxebizitza libreak babes ofizialeko bihurtuko ditu, eta Intsaustiko babes ofizialekoak etxebizitza libre.

Hiri antolaketako araudietan aldaketa onartu zuen Azkoitiko Udalak asteazkeneko udalbatzarrean, Txalonerreka ekialdeko eta Intsausti eremuetarako. EAJk, PSE-EEk eta Azkoitia Baik aldeko botoa eman zuten, eta EH Bilduk abstentziora jo zuen. Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Txalonerrekan alokairu publikorako 40 etxebizitza eraikitzeko hitzarmena sinatu zuen joan den urteko maiatzean. Lursail eremu horietako bat etxebizitza libreak egiteko da, baina Ana Azkoitia zinegotziak jakinarazi zuen udalak Jaurlaritzari babes ofizialeko etxebizitzak egiteko lursaila eman behar diola. Hori horrela, erakundeak planteamendu aldaketa egingo du. "Gure planteamendua da Txalonerrekako etxebizitza libreak babes ofizialeko bihurtzea, eta Intsaustiko babes ofizialekoak etxebizitza libre". Bien eremuen arteko etxebizitzetan aldaketa egitea proposatu zuen udalak.

Javier Zubizarreta alkateak gaineratu zuen, auzoko hiru partzela horiek Jaurlaritzari salduta, udalak lursail horietan alokairurako etxebizitzak egiteko bermea lortu zuela. "Lortu zen hiru partzela horiek Jaurlaritzari saltzea, lur horietan alokairurako etxebizitzak eraikiko diren berme bat izatea eta salmentaren bidez lortzen zen diruarekin auzo horretan eraiki behar den bidea finantzatzea. Errepide horrek eremua urbanizatzen eta etxebizitzak eraikitzen hasteko bidea irekiko du", azaldu zuen alkateak. Dena den, Zubizarretak esan zuen beste eraikuntza enpresa batek ere lurrak hartuta dituela inguruan, eta gainera, bigarren fasea laster jarriko dutela martxan. "Etxebizitza horiek eta Jaurlaritzak egingo dituen alokairurako etxebizitzak egin ahal izateko, nahitaezkoa da aurrez bidea eraikitzea, baina horretarako dirurik ez zegoen. Salmentarekin milioia baino gehiago jasoko du udalak. Txalonerrekan bidea egiteko proiektua eskatuta dago, eta hori da orain gure zeregina, horrek irekiko baitu bidea hemendik urte batzuetara auzoa guztiz berritzeko".

EH Bilduk abstentziora jo zuen. Iraitz Otaño bozeramaileak adierazi zuen udalak Jaurlaritzarekin akordioa lortu zuenean ere bere "kezka" azaldu ziola Udal Gobernuari Txalonerreka egun "erdigunetik apur bat bereizita eta nahikoa degradatuta" dagoen area bat delako, eta "arriskutsua" iruditzen zitzaiolako "BOEn kontzentrazioa" han egitea. Era berean, horren atzean "negozioa" ikusten zutela adierazi zuten asteazkenean. Azkoitia Bai herri plataformako Jose Joakin Etxanizek esan zuen, bestalde, "gaur egun hartu daitezkeen erabakien artean egokiena" izan daitekeela auzoan etxebizitza libreak babes ofizialeko etxebizitzengatik ordezkatzea. Halere, Txalonerrekako babes ofizialeko etxebizitzak Intsaustiko etxebizitza libreen aurretik eraikitzeko hitza emateko eskatu zion Udal Gobernuari herri plataformak.

Bestalde, araudi orokorreko artikulu batzuk ere zuzenduko dituzte hiri antolaketako araudiaren bosgarren aldaketan. Duela gutxi etxebizitza lege berria onartu du Jaurlaritzak, eta hori horrela izanda, eraikigarritasuna zenbatzerakoan terrazen neurketak aldatuko ditu udalak. Artikulu horietan terrazak ez neurtzea aurreikusten du udalak, bestelako artikulu batzuekin batera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide