Atzo, asteazkena, iraileko udalbatzarra egin zuten Azkoitiko Udaleko ordezkariek, eta hainbat punturen artean, datorren urteko udal ordenantza fiskalen inguruan eztabaidatu behar izan zuten EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko eta Azkoitia Bai herri plataformako kideek. EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuak udal tasa eta zerga nagusiak bere horretan uzteko proposamena aurkeztu zuten, eta hala onartu zuten. Oposizioak, ordea, ez zuen Udal Gobernuak aurkeztutako proposamena babestu.
Ana Azkoitia EAJko zinegotziak azaldu zuenez, udalak egun "nahikoa gaitasun" du herritarrei laguntza emateko, tasak eta zergak igotzeko beharrik izan gabe. "Iruditzen zaigu oso egoera berezian bizi garela gaur egun; badakigu prezioak nola ari diren igotzen. Ordenantza fiskalen igoerak errekurtso gehiago izatea ahalbidetuko liguke, udalari gastuak igotzen ari baitzaizkio, baina iruditzen zaigu udalak une honetan baduela nahikoa gaitasun herritarrei laguntza emateko eta igoerarik egin gabe zergak zein tasak bere horretan mantentzeko". EH Bilduk abstentziora jo zuen, Udal Gobernuak ez dituelako gehitu 2023ko ordenantza fiskaletan koalizioak egindako ekarpen gehienak. Aldiz, Azkoitia Bai herri plataformak ezezkoa eman zion proposamenari, plataformak egindako ekarpenik ez dutelako onartu.
Ordenantza fiskal nagusiak izoztu egingo ditu, beraz, Azkoitiko Udalak 2023. urtean. Hala eta guztiz, hainbat aldaketa eta ekarpen gehitu dituzte. Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan (OHZ), berrikuntza modura, hobari berri bat proposatu du Udal Gobernuak. Hain zuzen, hiri eta landa ondasun higiezinen gainean %25eko hobaria edukiko dute energia berriztagarriren bat instalatzen duten herritarrek. Hobaria bost urtez aplikatuko zaio onuradunari, hobaria inbertsioaren %50a edo mila eurokoa izanik. Halere, badaude ñabardura batzuk; izan ere, instalazioa legeak aginduta egiten bada, herritarrak ez du hobaria jasoko. Bestalde, Hirilurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergan aldaketa egingo du udalak. Azkoitiak azaldu zuen zergen bidez "lehen biltzen zuten kopurura iristea" dela orain ere helburua. Hori horrela, zati bakoitzean zerga desberdin aplikatuko dute datorren urtean, %8tik %12ra eta %12tik %25era progresiboki igoz, gero beherako joera alderantziz egiteko.
Eraikuntza Instalazio eta Obren gaineko Zergan, aldiz, energia berriztagarriak instalatzeko obra bat egiten zenerako %95eko salbuespena zuen jarrita udalak. Orain, salbuespen edo hobari hori kentzea erabaki du, betiere instalazioa legeak aginduta egiten bada. Zerbitzu publikoak eskaintzeagatik eta jarduera administratiboak egiteagatik aplikatzen diren tasetan, ostera, tasa batzuetan puntu batzuk ukitu ditu Udal Gobernuak. Lokalek ordaintzen duten tasetan, aurrerantzean erlijio lokalek ere ordaindu egin beharko dute zerga. Halaber, hilerriko horma hilobiaren emakida ere zehaztu egin dute, eta datorren urtetik aurrera ez da hobaririk egongo hilobiaren lehen erosketan. Tutoretzako etxebizitzen tasak ere Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera egokitu dituzte.
Oposizioaren babesik ez
Udal Gobernuak ez zuen oposizioko EH Bilduren eta Azkoitia Bai herri plataformaren babesik jaso. Koalizioak abstentziora jo zuen, eta herri plataformak ezezkora. EH Bilduk "ausardia falta" egotzi zion Udal Gobernuari. "Gure proposamena mahai gainean jarri genuen, eta bi xehetasun txiki kenduta, ez da kontuan hartu. Energia berriztagarriak jartzeagatik ezartzen den hobaria aplikatzea eskatu genuen, eta hori onartu egin da. Era berean, Hirilurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergaren aldaketarekin ere ados gaude", azaldu zuen Iraitz Otaño koalizioko bozeramaileak bere udal taldearen abstentzioa arrazoitzeko.
EH Bilduk, besteak beste, tasak eta zergak %1,5 igotzeko proposamena egin zuen. Koalizioak adierazitakoaren arabera, "tasak eta zergak beharrezkoak" dira etorkizunera begirako proiektuak gauzatzeko eta herritarrei "zerbitzu duinak" eskaintzeko. "Behar besteko tasak eta zergak jartzea da bidea, beti ere modu progresiboan. Guk proposatutako igoerarekin, OHZn herritarrak batez beste ez lirateke urtean hamar euro gehiago ordaintzera iritsiko. Esfortzu txiki bat izango litzateke, baina guztion esfortzuaren baturak zerbitzuak hobetzeko aukera emango liguke, gehien duenak gehiago ordainduz eta hobarietan sakonduz, gutxiena duen herritarrari lagundu ahal izateko". Hain zuzen, koalizioak etxebizitza hutsen gaineko errekarguaren ezarpena eskatu zuen atzoko udalbatzarrean. "Ez dakigu oso ondo zergatik egiten dion Udal Gobernuak uko errekarguari. Legeak ahalbidetutakoan, kanona aztertu eta beharbada martxan jarriko zuela ere esan zuen, baina oraindik martxan jarri gabe dago. Guk, biak aplikatuko genituzke, bai kanona, baita OHZren errekargua ere".
EAJko Azkoitiak jakinarazi zuen hutsik zeuden etxebizitzei kanona ezartzea aztertu zutela, baina oraingoz hori alde batera "utzita" dutela adierazi zuen, nahiz eta ez duten baztertzen gaia aurrerago "sakonago aztertzea". EH Bilduko Otañok tasen eta zergen igoerak hainbat proiektu aurrera ateratzen lagunduko zutela adierazi zuen, eta horien artean igerileku berria aipatu zuen. Azkoitiak ez zuen begi onez ikusi diskurtsoan proiektu hori aipatu izana, eta horrela arrazoitu zuen hori: "Deskolokatu egin nau igerileku berria egiteko behar den inbertsioa diskurtsoan sartzeak, zuek tasak eta zergak %1,5 igotzea proposatzen duzuenean. Ez dakit kalkuluak egin dituzuen. Igerilekuaren inbertsioa, gutxienez, 3.600.000 euroko proiektua da. Askoz ere garrantzitsuagoa zen eskatu genuen maileguari baiezkoa ematea, eta abstenitu egin zineten. Horrek emango dio bultzada proiektu horri, eta ez tasak eta zergak %1,5 igotzeak".
Javier Zubizarreta alkateak ere hartu zuen hitza ordenantza fiskalen gaia itxi aurretik, eta hark gainerako alderdiei jokamoldea aldatzeko eskatu zien. EH Bilduk Udal Gobernuari udal ordenantzetan "populismoa alde batera uzteko" eskatu zion, eta "arduraz" jokatzeko eskatu. Horren aurrean, alkateak albistea erakutsi eta komunikabide baten 2014. urteko albiste bat irakurri zuen, EH Bilduk 2015. urterako tasak eta zergak ez igotzea eta beste batzuk jaistea erabaki zuenekoa gogoratuz. "Zuek izen bat jarri diozue gu egitera goazenari, honi ez dakit zer jarriko zenioketen; ez zait axola jartzen ez badiozue ere. Zuen iritzia emateko eskubide osoa duzue, baina ea inori egokitzen ez zaizkion izenak jarri gabe azalpenak ematen ditugun".
Azkoitia Baik, berriz, diru bilketa "beste era batera" egitea nahiago zukeela adierazi zuen, "egokiagoa eta bidezkoagoa". Jose Joakin Etxanizen arabera, OHZn "goitik" dago udala, eta industriakoan inguruko beste hogei herrien batez bestekotik behera. Horregatik, Etxanizek uste du Azkoitiko Udalaren irizpide orokorra tasetan eta zergetan erdigunean kokatzea dela. Azkoitia Baiko zinegotziak datu batzuk azaldu zituen ondoren. "Azken bost urteetan, herritarrak irizpenak dioenaren gainetik egin du etxeko kontribuzioan ekarpena; 744.419,74 euro, hain zuzen. Landa eremuan ere gehiago ordaindu da, eta alderantziz, industrian gutxiago. Gure proposamena da familiek eta baserritarrek gehiago ordaintzeari utzi, enpresariek azken urteetan izan dituzten abantailak baztertu, eta behingoz, denon artean adostutako erabakia berriro betetzea". Azkoitiak Etxanizi erantzun zion "urteroko diskurtsoa" eraman zuela atzoko udalbatzarrera. "Ez dago erdian egoteko erabakirik hartuta, nahiz eta erabiltzen dugun irizpidea hori den. Gainera, horren arabera kalkulu batzuk egin eta herritarrei 744.419,74 euro gehiago ordaindu ditugula esatea muturrera jotzea dela iruditzen zait; jendea beldurtzeko kalkuluak egitea da hori".
Dena den, Etxanizek azpimarratu zuen urtetik urtera "beste era bateko tasak eta zergak" ezartzeko "behar gehiago" ikusten dutela. Etxebizitza alokatzeko dauden "zailtasunen" aurrean, alokatu nahi ez dutenei errekargu bat kobratzea proposatu zuen hark. Mendian lan egiten duten enpresei, gainera, fidantza bat kobratzeko eskatu zuen, "landa bideak aurkitu bezala utz ditzaten". Era berean, urte asko dituzten ibilgailuak saritzea ere ez dute ondo ikusten Azkoitia Baikoek. Energia berriztagarriak jarri nahi dituztenei ere lehen urtean laguntzak ematea proposatu zuen, betiere industrian %25ekoa eta herritarren zein baserritarren etxeetan %50ekoa.