Martxan da Eskola Kirol Egokituaren bigarren edizioa

Anartz Izagirre 2022ko ira. 14a, 15:17

Erakundeetako eta eragileetako ordezkariak Elkargunean. (Anartz Izagirre)

Iazko ikasturtean jarri zuten abian Azkoitian zein Azpeitian Eskola Kirol Egokitua egiteko aukera, eta hasi berri den ikasturtean ere izango da horretarako abagunea. Gaur, asteazkena, egin dute aurkezpena hainbat erakundetako ordezkariek, eta herritar guztiek kirola egiteko duten eskubidea aldarrikatu dute, besteak beste. Izen-ematea zabalik da jada.

Eskola Kirol Egokitua egiteko aukera izan zen 2021-2022 ikasturtean Azkoitian zein Azpeitian, eta ekimenak izan zuen harrera ikusita, bigarren edizioa prestatu dute bi udalek beste hainbat erakunderen eta eragileren laguntzarekin. Gaur, asteazkena, egin dute Eskola Kirol Egokituaren aurkezpena Elkargunean, eta bertan izan dira Sonia Vazquez Azkoitiko Udaleko Kultura eta Gazteria zinegotzia, Egoitz Arruti Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburua, Ander Agirre Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol teknikaria, Amaia Elizondo Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioko kidea eta Aritz Orbegozo Marea Urdina elkarteko kidea.

Vazquez izan da hitza hartzen lehena, eta hark aldarrikatu du "kirola eskubidea" dela eta ez dutela "eskubide hori urratuta" ikustea nahi. Eskola Kirol Egokitua sustatzeko, aurretik "saiakera batzuk eginak" zirela azaldu du hark, baina orain ekimena "sendotzea eta egonkortzea" nahi dutela gehitu du: "Gakoa da kirola egiteko aukera mundu osoari zabaltzea".

Azkoitian 6 eta 21 urte bitarteko haurrek eta gaztetxoek izango dute Eskola Kirol Egokituan izena emateko aukera. Bi talde osatuko dituzte adin tarte horretako partaideentzat; lehenengo taldea, astelehenetan zein asteazkenetan bilduko da, 17:00etatik 18:00etara, eta bigarrena, 18:00etatik 19:00etara. Norberak bere ikastetxean eman beharko du izena. Bestalde, 12 eta 21 urte arteko gazteak astearteetan zein ostiraletan bilduko dira, eta soinketa zein igeriketa saioak egingo dituzte Elkargunean. Han jarriko dute izena emateko aukera.

Arrutik, bestalde, Azpeitiko eskaintzaren berri eman du. Dagoeneko ireki dute 6 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzako izen ematea, eta horiek ikastetxeen bitartez egin beharko dute inskripzioa, Eskola Kirolean parte hartuko duten gainontzeko ikaskideekin batera. Kirol batzordeburuak jakinarazi du "beharren arabera" egokituko dituztela egunak zein jarduerak. 12 urtetik gorako gazteek, berriz, igerilekuan egingo dituzte jarduerak, eta han izango dute izena emateko aukera. Ordutegiak finkatuta daude jada; bi talde izango dira egun bakoitzean, astelehenetan eta asteazkenetan, bata 17:00etan eta bestea 18:00etan.

Elkarlanaren fruitua

Agirrek hartu du hitza ondoren, eta "agente ezberdinak hartu emanean jartzea" garrantzitsua dela aipatu du: "Gure helburua da eskubide horiek bermatzea eta normaltzea. Hor eragiten dugunean, dudarik gabe, ekarpen guztiak hiritar guztientzako dira. Aberastasun hori ezinbestekoa da Gipuzkoako hiritarrei kalitatezko zerbitzu bat emateko". Agirrek ekimen horretan parte hartzera animatu ditu herritar guztiak.

Elizondok, bestalde, agenteen arteko elkarlanak "funtzionatu" duela adierazi du prentsaurrekoan, eta iazko ediziotik hona izandako aldaketak txalotu ditu. Eskola Kirol Egokituaren Federazioaren egitekoa aholkularitza lana dela ere esan du hark, eta meritua herriek, udalek, ikastetxeek eta eragileek dutela nabarmendu du. Goretsi egin du Azkoitiko eta Azpeitiko ekimena: "Haur eta gazte horiek eskubide berdina dute kirola egiteko. Beraien talde zehatzaz gain, espazio inklusiboetan parte hartzeko aukera ere egon da, herrian bertan, lasterketetan eta bestelako ekimenetan. Garrantzitsua da ikustea funtzionatzen duela". 

Amaitzeko, Orbegozok nabarmendu du orain dela gutxi arte herrian ez zegoela Eskola Kirol Egokitua egiteko aukerarik, eta "aspalditik" zetorren eskaera zela. "Gurasoen aldetik badakigu asko garela, eta errazena askotan etxean gelditzea izaten da, pentsatuaz ez dela gure lekua. Deialdia egin nahiko nieke etxean gelditzen diren eta aniztasun funtzionala duten pertsona horiei, esateko Eskola Kirol Egokituan lekua dutela". Orbegozok ikusgarritasunaren beharra nabarmendu du: "Kontziente izan behar dugu gizartean badela beste parte bat kirola egiteko gogoa eta beharra duena".

Hona hemen prentsaurrekoaren amaieran Marea Urdinako kideek jarri duten bideoa. Bertan, 2021-2022 ikasturteko Eskola Kirol Egokituko irudiak agertzen dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide