Urriaren 1ean egingo dute Azkoitiko IV. Lasterketa Solidario Inklusiboa

Andoni Elduaien 2022ko ira. 14a, 10:12

Ttipi-Ttapa taldeko eta udaleko ordezkariak, aurkezpenean. (Andoni Elduaien)

Aurten, parkinsonaren ikerketara bideratuko du jasotako diru guztia Ttipi-Ttapa atletismo taldeak. Datozen bi asteetan lasterketan izena emateko mahaia jarriko dute, larunbatetan eliz atarian eta astearteetan zein ostegunetan Portaleburu erakustokiaren aurrean. Haurrek hiru euro ordaindu beharko dute izen-ematea eta helduek hamar euro aurrez eta hamabost euro egunean bertan.

Ttipi-Ttapa atletismo taldeak urriaren 1erako antolatu du Azkoitiko IV. Lasterketa Solidario Inklusiboa, eta atzo, asteartea, egin zuten hura aurkezteko ekitaldia. Ttipi-Ttapa Eutsi! lelopean, herriko kaleak solidaritatez betetzeko nahia erakutsi du taldeak beste urte batez, eta horretarako, egun osoko egitaraua prestatu dute urriaren lehen egunerako. Aurten, parkinson gaixotasunari aurre egiteko lanean diharduan Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuaren gaixotasun neurodegeneratiboaren alorrera zuzenduko dute lasterketan jasotako diru guztia. Zehazki, mugimenduaren nahasmenduan lan egiten duten proiektuari bideratuko dio Ttipi-Ttapak azkoitiarrek diruz egindako ekarpena.

Maialen Elorza Ttipi-Ttapa taldeko kideak eman zituen aurtengo lasterketa solidarioaren xehetasun guztiak. "Gaixotasun neurodegeneratibo nahiko ohikoa da parkinsona, askotan hereditarioa izan daitekeena. Zoritxarrez, gure herrian eta inguruan badira gaixotasun hori duten pertsonak". Gainera, Elorzak nabarmendu zuen sintoma asko dituen gaixotasun horrek egun ez duela sendatzeko tratamendurik, eta horregatik, dirua parkinsonaren ikerketara bideratuko dutela.

Lasterketa solidarioa bi urtetik behin antolatzen du Ttipi-Ttapa taldeak, eta aurtengoa urtebete beranduago badator ere, prest dute egitaraua. "Ohitura onak berreskuratu eta hitza betetzera gatoz, kirola eginez egun eder bat igarotzeko eta laguntza emateko asmoz". Bide batez, aurreko urteetan antolatutako lasterketa solidarioetan lortutakoa gogorarazi zuen Ttipi-Ttapako ordezkariak. Lehen lasterketa solidarioa 2015ean egin zuten, eta hura bularreko minbiziaren aurka antolatu zuten; 9.500 euro eman zizkioten Katxalin elkarteari. Bigarren lasterketa solidarioa 2017an izan zen, haurren minbiziaren aurkakoa, eta orduan 11.500 euro eman zizkioten Aspanogi elkarteari. Azken lasterketa solidarioa, berriz, inklusibitatearen aldekoa izan zen 2019an, eta 12.000 euro bildu zituzten Marea Urdina elkartearentzat. "Oso zifra onak dira, eta aurten kopuru hori berdintzea oso ona litzateke; zer esanik ez, gainditzea lortzen badugu", adierazi zuen Elorzak.

Ttipi-Ttapako ordezkariak, gorriz, eta Angel Martin zinegotzia.

Haurren eta helduen lasterketak

Beste urteetan egin bezala, aurten ere haurren zein helduen lasterketak egingo dituzte urriaren 1ean. Lasterketak arratsaldean egingo dituzte. "Helburua da egun eder bat igarotzea, parkinson gaixotasunaren aurka borrokan ari direnei elkartasuna adieraztea eta ikerketarako bultzada ematea", azaldu zuen Elorzak. Hain zuzen, 17:00etan hasita egingo dituzte haurren hiru lasterketak, eta 18:00etan, helduena. Haurren lehen lasterketa 2016. urtearen ondoren jaiotakoena izango da, eta horiek 400 metroko lasterketa egingo dute. Bigarren lasterketa 2015. urtetik 2013. urtera bitartean jaiotakoena izango da, eta horiek 800 metroko bidea osatu beharko dute. Haurren azken lasterketa, berriz, 2012 eta 2010 urteen artean jaiotakoena izango da; azken horiek 1.200 metro egin beharko dituzte. Helduen lasterketa, bestalde, 18:00etan abiatuko da, eta izena emandako herritarrek oinez edo antxintxika osatu beharko dituzte lasterketako lau kilometroak.

Proban parte hartzeko izena eman beharko da aurrez, eta horretarako mahaiak jarriko dituzte antolatzaileek datozen bi asteetan. Hala eta guztiz ere, Azkoitiko Udalaren webgunean ere izena emateko aukera egongo da. Izen-emate mahaia eliz atarian jarriko dute datozen bi larunbatetan —irailak 17 eta 24—, 11:00etatik 13:30era. Astegunetan, bestalde, plazako Portaleburu erakustokiaren aurrean jarriko dute mahaia; 17:00etatik 19:30era egongo dira plazan hilaren 22an, 24an, 27an eta 29an.

Parte hartzaileek diru ekarpena egin beharko dute proban parte hartu ahal izateko. Haurren kasuan, hiru euro ordainduta lasterketarako dortsala eta txapa jasoko dituzte. Halere, "berritasun modura", dortsalaz eta txapaz gain, kamiseta jasotzeko aukera ere izango dute haurrek zortzi euro ordainduta. Helduen lasterketan 2009. urtea baino lehen jaiotako herritarrek parte hartu ahalko dute, eta horiek hamar euro ordaindu beharko dute dortsala eta kamiseta aldez aurretik hartuz gero. Aldiz, lasterketarako materiala egunean bertan hartzea hamabost euro ordaindu beharko da. Izena emandako lasterkari bakoitzak bere dortsal zenbakia izango du, eta horrela, lasterketa amaieran egingo duten zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Antolatzaileek nabarmendu dute saria jasotzeko plazan bertan egon beharko dutela dortsalaren jabeek. 

Herritarrek diru ekarpena lasterketarako izena emanda eta han parte hartuta egin ahalko dute, baina bestelako bideak ere zabaldu ditu atletismo taldeak. Ttipi-Ttapa eutsi! txapak salduko dituzte izen emate mahaietan, eta, era berean, itsulapikoak jarriko dituzte nahi duenak bere ekarpen ekonomikoa egin dezan. Dena den, dendariei, tabernariei eta enpresei gonbidapena luzatu diete ekonomikoki beraien laguntza eman dezaten.

"Parkinsonaz sentsibilizatzeko festa"

Urriaren 1a "parkinsonaz sentsibilizatzeko festa" izatea nahi dute Ttipi-Ttapa atletismo taldeko kideek. 10:00etatik 16:00etara bitartean, dortsalak banatzen arituko dira Kontzejupean. 11:00etatik aurrera, Marea Urdinak haurrentzako jolasak antolatuko ditu plazan, eta 12:00etatik aurrera, trikitilariak arituko dira herriko kaleak girotzen. 16:30ean, "festa giroa jartzeko", DJ animazioa izango da lasterketa inguruan. Ondoren iritsiko da lasterketen tartea. 19:00etan, berriz, zozketak eta opari banaketak egingo dituzte jaia ixteko. Horrez gain, asteburu osoan sentsibilizazio eta informazio puntua jarriko dute Portaleburu erakustokian. Irailaren 28an, berriz, parkinsonari buruz informatzeko eta kontzientziatzeko hitzaldi bat egingo dute.

Eguna behar bezala atera dadin, Elorzak gogorarazi zuen horrelako egun bat antolatzeko "laguntza handia" behar izaten dela. Inork boluntario bezala parte hartu nahiko balu, antolatzaileekin harremanetan jartzeko eskatu dute, izen-emate mahaira gerturatuta edo lasterketaren sare sozialetara idatzita. Angel Martin Azkoitiko Udaleko Kirol zinegotziak, bestalde, jendea lasterketan parte hartzera animatu zuen. "Oso ondo prestatu dute eguna, eta egun oso ederra izango da. Eguraldi eta giro bikainak lagunduta, espero dut aurten azken urteetako diru kopurua gainditzea".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide