Lehen aldiz irabazi duzu Urrezko Kopa. Espero al zenuen?
Ez, ez nuen espero. Lan on bat egiteko gai nintzela ikusten nuen, fisikoki nahiko ondo sentitzen nintzelako. Dena den, ez nuen irabazteko aukerak izango nituela esateko bermerik. Ikusten nuen lan ona eginez gero, lanak emateko aukera nuela faboritoak ziren Mikel Larrañagari eta Iker Vicenteri. Lan luzea zen, ordea, eta irabazterik ez nuen espero.
Nola sentitu zinen txapelketan?
Hasieran nahikoa tentsio edo presio izan genuen, elkarrekin eta oso-oso batera iritsi ginelako lanerdietara. Hain lehia estua izanik, nahikoa larri aritu ginen. Laerdietatik aurrera, tartea ireki nuen, eta tarte hori kudeatzen saiatu nintzen; lasaixeago aritu nintzen buru aldetik, eta dena emanda fisikoki.
Zer esan nahi du Urrezko Kopa irabazteak zuretzat?
Momentuko aizkolari onenak Vicente eta Larrañaga dira, eta horiei aurre egiteko gai naizela baieztatzeko balio izan dit txapelketa irabazteak. Aizkolari horien maila oso-oso altua da, eta horiei txapelketa batean aurrea hartzea... Beraiekin borroka egiteko gai naizela ikusi ahal izan dut. Konfiantza extra bat eta lanean jarraitzeko beste motibazio bat eman dizkit.
Helburuen artean al zenuen txapelketa?
Aurreko urtean ez nintzen sailkatu Urrezko Kopara. Beraz, aurtengo helburua zen, batetik, txapelketara sailkatzea, eta bestetik, lan ona egitea. Sailkapen fasean sentipen onak izan nituen, nahiz eta lanak bukatzerako denbora luzatu egin zitzaidan. Fisikoki, baina, sentipen onak izan nituen, eta erritmoa mantentzen jakinez gero, lan luzexeagoan ondo molda nintekeela. Aurreko postuetan diren aizkolariei lan pixka bat ematea nuen helburu, ez bainuen uste irabazteko gai izango nintzenik.
Denboraldi oso ona ari zara egiten. Joan zen ekainean Urrezko Banakako Txapelketa irabazi zenuen. Zer balorazio egiten duzu egiten ari zaren sasoiaz?
Uste baino denboraldi hobea ari naiz egiten. Dena esan behar bada, 2020ko erdialdetik orain arte, baxuago ibili naiz fisikoki eta motibazio aldetik, emaitzek ez baitzuten laguntzen. Aurten, hasiera-hasieratik nahiko emaitza onak ari naiz lortzen, eta halaxe jarraitzeko ideia daukat.
Zein izan da emaitzen aldaketaren gakoa?
Lanean jarraitzea. Aurreko urteetan ere horixe egin nuen, nahiz eta emaitzek asko ez lagundu. Halakoetan, askotan, lanerako motibazioa galtzen duzu, baina jarraikortasuna izateak laguntzen du. Jarraikortasuna da emaitza onen atzean dagoen faktore garrantzitsuenetarikoa.
Zer helburu dituzu jomugan?
Orain hasiko dira lanik gogorrenak, lanik luzeenak dituzten lehiak; Urrezko Kopa da gogorrenetariko bat, adibidez. Irailean Gipuzkoako lehen mailako txapelketa izango dugu, eta ondoren, urrian, Sherparen banakakoa. Azken horretan sailkatzea lortzen badut, finalera borrokara joango naiz. Erresistentzia hobetzen saiatuko naiz.