Andremari jaietara begira, eraso matxisten aurkako protokoloa landu dute asteotan Itaiako kideek, eta gaur aurkeztu dute gauzatutako lanketa jendaurrean, Goiko Losan. Hain zuzen ere, festetan sakeleko telefono zenbaki bat jarriko dute herritarren eskura, eraso matxistarik gertatzen bada erasotuari arta eskaintzeko. "Protokoloaren helburu nagusia da erasotuei momentuko eta ondorengo babesa eta aholkularitza eskaintzea", azaldu dute Itaiako kideek. Horrenbestez, erasoren bat jazoz gero 688 68 93 70 telefonora dei dezakete herritarrek.
Jaietan izan ohi diren eraso matxisten hausnartu dute Itaiako kideek, eta gogorarazi dute azken asteetan Azpeitian, Ordizian, Baionan, Zarautzen, Villabonan nahiz Getarian jazo direla erasoak. "Datozen egunetan Azkoitia jarriko da jomugan", adierazi dute horiek. Erasoen gorakada "nabarmena" izateaz gain, eraso modu berriak sortu direla ere azaldu dute, besteak beste, ziztada kasuak aipatuta.
Ziztada bidezko erasoek zorabioak, ikusmen eta memoria galera, hitz egiteko ezintasuna, gorputz adarren lokartzea, kontzientzia galera, nekea edo takikardia eragiten dituztela esan dute Itaiako kideek, eta ziztada kasuen aurrean bakarrik ez gelditzearen eta larrialdi zerbitzuekin harremanetan jartzearen garrantzia azpimarratu dute. "Halako erasoak baldin badira ere, erabilgarri izango da Itaiaren telefonoa".
Halaber, egoera "larria eta salatu beharrekoa" dela esan du Itaiak, eta erasoen aurrean "erantzun" egin behar dela adierazi du: "Indarkeria matxistaren auzia konplexua da, eta babesa antolatzeko beharra azpimarratu nahi dugu".