Beni Odriozola: "Niretzat, dena da Hiru Erregeen Mahaia"

'Berria' egunkaria 2022ko abu. 4a, 09:08

Berria egunkariak Hiru Erregeen Mahaia mendiaren inguruko erreportajea egin du Euskal Herriko kirolguneen inguruko seriearen barruan, eta, besteak beste, Beni Odriozolaren (Azkoitia, 1968) adierazpenak jaso ditu bertan. Odriozola Linzako aterpetxeko zaindaria da duela 25 urtetik, eta hori da Hiru Erregeen Mahaia mendiaren oinarrizko kanpalekua.

Euskal mendizaleen artean eta, oro har, euskal herritarren artean mendi ezagunik bada Euskal Herrian, hori Hiru Erregeen Mahaia da (Pirinioak, Nafarroa, 2.444 metro). Urtean milaka mendizale joaten dira hara, gehienak euskal herritarrak, hango gailurrean dauden Frantzisko Xabierkoaren metalezko irudia eta Xabierko Gazteluaren itxura duen buzoia bisitatzeko asmoz.

Historiak kontatzen duenez, hango gailurrean elkartzen ziren Nafarroako, Aragoiko (Espainia) eta Bearnoko (Frantzia) erregeak, lur eremuen berri izateko eta tratuak egiteko. Hortik dator Hiru Erregeen Mahaia izena. Hara igotzeko hiru bide daude: Laskun ibarretik igotzen dena (Biarno, Frantzia), Belaguatik igotzen dena (Nafarroa) eta Anso ibarreko Linzako aterpetxetik abiatzen dena (Aragoi, Espainia), denetan ezagunena. Benito Odriozola Beni da Linzako aterpetxeko zaindaria azken 25 urteetan (Azkoitia, Gipuzkoa, 1968). 1989an eraiki zuen Ansoko Udalak aterpetxe hori, eta gaur egun ohikoa da han geldialdi bat egitea gailurretik jaistean. "Lehen, Azpeitian, Etxezuri taberna izan nuen beste bazkide batekin, eta, bi astean behin, Linzako aterpetxera joaten nintzen egonaldi batzuk egitera. Orduan, asko ibiltzen nintzen mendian, eta beti izaten nuen mendian bizitzeko gogoa. Egonaldi haietako batean, lehen aterpetxea kudeatzen zutenek aipatu zidaten utzi egingo zutela, eta hartzea erabaki genuen". Geroztik, Hiru Erregeen Mahaia mendiaren oinarrizko kanpalekuan dihardu lanean Odriozolak. "Niretzat, dena da Hiru Erregeen Mahaia. Gure mendirik garaiena izateaz gain, denontzat elkargune baten moduan ikusi izan dut mendi hau".

Euskal mendizaletasunak azken urteetan izan duen bilakaeraren ikurretako bat da Hiru Erregeen Mahaia mendia. Urtero, 4.000 mendizale baino gehiago joaten dira, gailurra zapaltzeko asmoz. Aldaketarik nabariena, halere, emakumeen presentzia izan da. "Lehen, gizonezkoak izaten ziren gehienak. Orain, berriz, asko handitu da emakumeen presentzia Hiru Erregeen Mahaian", azpimarratu du Odriozolak. Alderaketengatik galdetuta, argi dauka: "Lehengo mendizaleek mendia maite zuten. Orain, askotan, batzuei esan behar izaten diet abiatu ere ez egiteko. Askok ez dakite nora doazen ere. Ez da mendi arriskutsua, baina kontuz ibiltzea eskatzen du". Aterpetxean daramatzan urte hauetan guztietan jende ezagun ugari ikusi du Hiru Erregeen Mahaia mendirako bidean. "Euskal herritarren mendirik kutunena dela esango nuke. Hemen daramatzadan urteetan, jende ezagun asko ikusi izan dut gailurrera igotzen; besteak beste, Juan Jose Ibarretxe, Ane Igartiburu, Juanito Oiartzabal, Iñurrategi anaiak eta Marino Lejarreta". Halere, pertsona bat gogoratzen du bereziki: Iñaki Otxoa de Olza alpinista. "Asko maite zuen mendi hau. Gaur egun, oso ohikoa da gailurrera korrika igotzea eta handik korrika jaistea. Baina, orain dela urte asko, hark askotan egiten zuen hori. Bi ordu eta erdi inguruan egiten zuen joan-etorria".

Irakurri erreportajea osorik, Berria.eus-en. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide